AHTko lanetan 9 milioiren kostu irregularrak salatu ditu EH Bilduk

Corsan auziak Kataluniatik Euskal Herrira salto egin du. Ustelkeriaren akusaziopean da enpresa madrildarra Bartzelonan, AHTko lanetan egindako irregulartasun larriengatik; eta orain, berriz, Eusko Jaurlaritzari lehertu dakioke enpresa horrekin lotutako beste kasu bat, atzo EH Bilduk egindako salaketa baten harira. Abiadura handiko trenaren lanetan «justifikatu gabeko» gainkostu batek ez badu Ana Oregi Ingurumen sailburuaren arrazoizko azalpenik lortzen, auzitegietan buka dezake auziak. Izan ere, 9 milioiko gainkostua «justifikatu gabe» dago AHTaren Tolosa-Hernialde zatiko lanetan, Oskar Matute legebiltzarkidearen arabera.

Xabier Martin [Berria]

http://paperekoa.berria.info/harian/2014-05-11/004/001/ahtko_lanetan_9_milioiren_kostu_irregularrak_salatu_ditu_eh_bilduk.htm

AHTko lanetan 9 milioiren kostu irregularrak salatu ditu EH Bilduk

-Corsan Corviam enpresa Tolosa-Hernialde zatian egiten ari den lanetako «eskandalua» azaltzeko exijitu dio Eusko Jaurlaritzari.

-Lakuak ukatu egin ditu irregulartasunak, eta arrazoi teknikoak daudela esan du.

Antonio Aiz Garraio sailburuordearen bidez erantzun zuen atzo Jaurlaritzak. Irregulartasunak ukatu, eta kopuru hori justifikatu dela esan zuen, eta arrazoi teknikoek azaltzen dutela; garestitzea argudiatzeko hainbat txosten badirela ere esan zuen.

Corsan Corviam enpresak hartu zuen Lakuak adjudikatutako zati hori, 104 milioi euroko aurrekontuarekin. Obraren %77 egin dute jadanik, eta kostua 118 milioi eurora igo da, atzo Matutek Donostiako Adifeko geltokian bertan emandako datuen arabera betiere. Adjudikatutako salneurria baino 14 milioi euro gehiago da hori, baina 1,5 milioi BEZaren igoerak azalduko luke, eta gaien salneurriaren garestitzeak azalduko lukete beste bi milioiko desoreka. «Beste 9 milioi euroak justifikatu gabe daude», esan zuen Matutek. Jaurlaritzari erronka jarri zion EH Bilduko legebiltzarkideak; hemen ez dela ari «gainkostu irregular bat» gertatzen esplika dezala esan zion, «ahal badu». «Azal dezala herritarrak ez garela ordaintzen ari enpresa gutxi batzuen aberastea bakarrik, baita finantzaketa irregularra ere».

Auzitegi bidea zabalik

Oraingoz, kasuaren «salaketa politikoa» egin du EH Bilduk, baina salaketa horrek auzitara joko du Ana Oregi Ingurumen sailburuak ez badu 9 milioiko gainkostu hori zenbakiekin arrazoitzen; hala esan zuen Matutek. «Zantzu guztiak daude pentsatzeko administrazioaren irregulartasun soiletatik haratago doala hau». Urrutirago joan zen bere iritzi pertsonala ematean. «Funts publikoak bidegabeki erabiltzeko kasu batez hitz egin daiteke zuzenean».

Salaketaren larritasuna ikusita, Eusko Jaurlaritzak kontrakoa «frogatu» behar du Matuteren ustez. «Erakuts dezatela ahal badute, izaera teknikoa duten irregulartasunak baino ez direla, eta ez dagoela funtsak bidegabeki erabiltzeko kasua». Oregi sailburuari erreparatu zion Matutek berriro delitua ez dagoela erakusteko exijitzean. «Ez bada horretarako gai, auzitegirako bidea besterik ez zaio geratuko».

Lau zati ditu Euskal Herrian

Atzo iluntzean, Ana Oregi sailburua salaketari erantzunik eman gabe zegoen, eta ikusteko dago Aiz sailburuordearen hitzetatik harago, Jaurlaritzak azalpen gehiago emango dituen ala ez. Edozein kasutan ere, Kataluniako ustelkeria kasua lehertzean, kazetariek Corsani buruz galdetu zioten asteartean sailburuari, eta Oregik esleipen hori «modu egokian» egin zela esan zuen. «Jaurlaritzak ez du kontrakoa pentsatzeko zantzurik».

Corsan Corviam abiadura handiko trenaren lau zati egiten ari da Bizkaian eta Gipuzkoan; beste enpresa batzuekin batera ari da Zizurkil-Andoain eta Tolosa-Hernialde tarteak egiten Jaurlaritzarentzat, eta Zornotza-Lemoa eta Elorrio-Atxondo zatiak Espainiako Gobernuarentzat. 45 milioi zena (2007) 59,5era bihurtu zen azken zati horretako aurrekontua 2009an. «Albisteak gertutik aztertu ditugu, eta epaitegien aginduetara egongo gara», esan zuen Oregi sailburuak asteartean.

Jaurlaritzak Corsan ikertzea nahi dute hainbat eragilek

Obrak gelditzeko eskatu dute AHT Gelditu! Elkarlanak eta LABek Bartzelonako Yogui operazioaren harira

Urtzi Urkizu [Berria]

http://paperekoa.berria.info/harian/2014-05-11/004/001/ahtko_lanetan_9_milioiren_kostu_irregularrak_salatu_ditu_eh_bilduk.htm#despiezea1

Adif eta Isolux Corsan enpresaren aurkako Yogui operazioaren karietara, LAB sindikatuak eta AHT Gelditu Elkarlana koordinakundeak lanak gelditzeko eskatu dute egunotan, EH Bilduk egin duen moduan. Jaurlaritzako Ingurumen Sailak, aldiz, ez du halakorik egiteko asmorik. «Jaurlaritzak lanen gauzatze zuzenarekin jarraitzen du», erantzun du.

AHT Gelditu Elkarlaneko kide Amagoia Escuderorentzat, berriz, Madrilen eta Bartzelonan egindako operazioak erakusten du zer-nolako «negozio zikina» dagoen abiadura handiko trenaren atzetik. «Honek guztiak erakusten du onuradunak zein diren. Enpresa batek beste baten aurka salaketa jarri duelako azaleratu da. Horrelako adibide gehiago egon dira urte hauetan», gaineratu du Escuderok.

Espainiako Gobernua lanen inguruko ikerketa egiten ari dela ikusita, Escuderok uste du «lotsagarria» dela Jaurlaritzak esatea ez duela inork haiengana jo. «Beste leku batzuetan izan diren gorabeherak aintzat hartuz, Corsan-Corviam enpresa ikertu beharko luke Jaurlaritzak».

Irregulartasun gehiago

AHT Gelditu Elkarlana koordinakundeak behin baino gehiagotan salatu du irregulartasunak izan direla AHTa egiteko lanetan. «Enpresa eta erakundeen artean hainbat trikimailu ari dira erabiltzen». Adibide modura, Abadiñon (Bizkaia) gertatutako kasu bat jarri du Escuderok: «Lanetarako betoi planta bat jartzekoak ziren, eta baimenak behar zituzten. Bi enpresen artean tirabirak izan ziren, eta batek besteari salaketa jarri zion».

Lanen gainkostuetan izaten diren «irregulartasunen harira», zenbat jende dagoen «pastelean» sartuta» jakitea zaila dela uste du AHT Gelditu Elkarlaneko kideak: «Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Espainiako Gobernua, Adif eta enpresa zerrenda luze bat daude sartuta. Haien arteko trikimailuak ezagutzea ez da kontu erraza».

Apirilaren 24an, AHT Gelditu Elkarlanak bilera formal bat egiteko eskaera egin zion EAJri, abiadura handiko trenaz hitz egiteko. Protesta egin zuten, EAJ: Zergatik ezkutatzen duzue daukazuen informazioa? lelopean. Escuderok salatu du Jaurlaritzari informazioa eskatzen zaiola, eta ez duela ematen.

 

Abiadura handiko trena egiteko lanak, Tolosaldean. / JON URBE / ARGAZKI PRESS

This entry was posted on Igandea, maiatza 11th, 2014 at 13:31 and is filed under Agenda, Albiste nagusiak. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.

Iruzkinik ez

Be the first to comment on this entry.

Have your say

Fields in bold are required. Email addresses are never published or distributed.

Some HTML code is allowed:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>
URIs must be fully qualified (eg: http://www.domainname.com) and all tags must be properly closed.

Line breaks and paragraphs are automatically converted.

Please keep comments relevant. Off-topic, offensive or inappropriate comments may be edited or removed.

    AZKENPOSTAK

    1. AHT eraikitzeko diruaren %30 Espainiako hiru multinazionalek bereganatu dute
    2. AHT eraikitzeko 500 milioi gehiago aurreratuko ditu Eusko Jaurlaritzak
    3. AHTren desjabetzeen aurkako elkarretaratzea Erriberrin
    4. “Tren sozial eta parte hartzailea” aldarrikatu dute 3000 lagunek Iruñean
    5. Lo haga Madrid o lo haga Geroa Bai… No al TAV!
    6. Una investigación halló indicios de un posible desvío de fondos en las obras de la ‘Y vasca’
    7. Sustrai Erakuntza presenta propuesta alternativa al TAV en Navarra
    8. [prentsa oharra] AHTren proiektu partehartzailea: adimenari iraina
    9. Hendaia-Baiona trenbidea berrituko dute, AHTa erabat baztertua den jakin gabe
    10. [Bergara-Derio] Mendi martxaren kronika (uztailak 16. Azken etapa)
  1. ARTXIBOAK


    BILAKETA