AHT Gelditu! Elkarlana: «Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua gezurretan ari dira»
Berria» Abiadura handiko trenak (AHT) ustez izango dituen onuren gainean «gezurretan aritzea» leporatu die AHT Gelditu! Elkarlanak Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuari.
Hain zuzen ere, Jaurlaritzak berriki abiatu duen publizitate kanpaina salatu zuen plataformak, eta Euskal Herrian proiektuak duen «ospe txarrari» aurre egiteko abiatu duela adierazi zuen, atzo Donostian egindako agerraldian.
«Salduezina saldu nahi izatea» leporatu zien AHT Gelditu! Elkarlanak Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari, gizartean eztabaidatzea galarazteko. Hain zuzen ere, gizartean parte-hartzea handia izan dela esan izana salatu zuen AHT Gelditu! Elkarlanak, haien ustez ez delako egia.
Hain zuzen ere, gezurra esaten ari direla irudien bidez azaltzeko, hainbat kartel aurkeztu zituen AHT Gelditu! Elkarlanak. Horietan, Nuria Lopez de Gereñu Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburua, eta Laura Alba Nafarroako Gobernua sudur luzearekin agertzen dira.
Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak esan dute AHTk errepideetako buxadurak arintzen lagunduko duela: «Egiazki, ibilgailuz egindako bidaien %0,15 eta salgaien garraioaren %2 baino ez lituzke bereganatuko».
Energiaren kontsumoaren aldetik, AHTk autoek eta hegazkinek baino gutxiago kontsumitzen duela ere gezurtatu zuen AHT Gelditu! Elkarlanak. «Ikerketa independenteek frogatu dute orduko 225 kilometroko abiadura muga gainditzen duenean AHTren pertsonako energia kontsumo maila hegazkinaren eta autoaren parekoa dela».
AHTren aurka lan egiten duen elkarguneak berriro ere gaitzetsi zuen herritarrei egitasmo honen gainean erabakitzeko biderik eman ez izana. «Euskal gizarteak bere etorkizunaz erabakitzeko eskubideaz gehien hitz egiten den honetan, orduan eta gutxiago hartzen da kontuan gizartea, AHT eta halako egitasmoen inguruan erabakiak hartzeko».
LURREN DESJABETZEAK. AHT Gelditu! Elkarlanak salatu zuen nola egiten ari den lurren desjabetzea. «Espainiako Gobernuko Sustapen Ministerioak milaka helegite atzera bota ditu azalpenik gabe, eta bidea zabaldu die martxoaren 5ean eta 6an Lemoan eta Zornotzan egin nahi duten lurrak okupatu aurretiko akten jasotzeari».
Hain zuzen ere, 2.000 helegite baino gehiagori bizkar eman izana leporatu diote Espainiako Gobernuari. Jarrera horrek «nagusikeria» agerian uzten duela adierazi zuen AHT Gelditu! Elkarlanak.
Bestalde, gaitzetsi dute Espainiako Sustapen Ministerioa eta Eusko Jaurlaritza «banan-banako akordioetara» heltzen saiatzen ari direla lurjabe eta kaltetuekin. «Ahalegin horien atzean lurjabe eta kaltetuen otzantasuna erosi eta oposizioa ahultzeko asmo maltzurra ezkutatzen da». Izan ere, desjabetze prozesuetan «aurkakotasun eta zailtasunak» topatzen ari direla azaldu du AHT Gelditu! Elkarlanak.
Horiek horrela, kaltetutako herritarrei eta udalei dei egin die, akordioen bide hori arbuia eta errefusa dezaten, eta kasu guztietan behartutako desjabetzeen prozedura legalak eskatzen dituen urrats guztiak bete daitezen exijitu dezaten.
Abiadura handiko trenaren egitasmoa geratu, eta bertan behera uzteko eskatu zuen AHT Gelditu! Elkarlanak, «ekologikoki jasanezina eta ekonomikoki xahutzailea» delako.
Mila Elortza AHT Gelditu! Elkarlaneko eleduna«Espainiako Gobernuko Sustapen Ministerioak 2.000 helegite atzera bota ditu azalpenik gabe»
«Ibilgailuz egindako bidaien %0,15 eta salgaien garraioaren %2 baino ez du bereganatuko»
This entry was posted on Osteguna, otsaila 28th, 2008 at 1:08 am and is filed under Albiste nagusiak, Ekimen informatiboak, Hemeroteka. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.


Have your say
Fields in bold are required. Email addresses are never published or distributed.
Some HTML code is allowed:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <code> <em> <i> <strike> <strong>URIs must be fully qualified (eg: http://www.domainname.com) and all tags must be properly closed.
Line breaks and paragraphs are automatically converted.
Please keep comments relevant. Off-topic, offensive or inappropriate comments may be edited or removed.