Luca Abba AHTren aurkako Val di Susako batzordeko kidea «AHTren aurkako teoria garrantzitsua da, baina ekintza praktikoak ezinbestekoak dira»

Berria» Italiako Abiadura Handiko Trena eraikitzeko obrak geldiaraztea lortu dute Val di Susan; hango ekintzaileak Euskal Herrian izan dira, euren esperientzia azaltzeko.

Abiadura Handiko Trenaren (AHT) aukako borrokan erreferente bihurtu da Val di Susan gertatutakoa (Piemonte, Italia). Turin eta Alpeen artean kokatuta, 70.000 biztanle inguruko harana da, eta 2005ean Italiako Gobernuak bertan egin nahi zuen AHTren obrak gelditzea lortu zuten. Gatazka luze hartan parte hartu zuen Luca Abba ekintzaileak eta, AHT Gelditu! Elkarlanak gonbidatuta, Euskal Herrian dago egunotan, bertako zein Kataluniako, Galiziako eta Trentinoko (Italia) ekintzaileekin esperientziak trukatzeko.

Noiz eta nola hasi zenuten AHTren aurkako borroka?

1990. urte inguruan hasi zen AHTri buruzko eztabaida. Oso gutxi ginen, baina argi genuen ezezko biribila eman behar geniola egitasmoari, ezinezkoa zelako hura gauzatzea lurraldea hondatu gabe. Val di Susak dagoeneko azpiegitura ugari ditu, eta AHTk hondamena ekarriko luke. Hasieran ekologistek hasi zuten gatazka, ezkerreko alderdien eta bertako alkate batzuen laguntzarekin. 2003an, parte-hartzea nabarmen handitu eta borroka indartu egin zen, lanak hastear zeudelako. Herriz herri, jendea informatzeko lan handia egin genuen orduan. Ingurumen arazoez gain, AHTk atzean zituen interes ekonomikoak azpimarratu genituen, hau da, ez ziola salgaiak garraiatzeko premiari erantzuten.

Nola lortu zenuten lanak geldiaraztea?

2005ean hasi behar ziren obrak, eta borrokak jauzi handia eman zuen: AHTren inposizioa demokrazia eta etika faltatzat hartu zuen jendeak. Bi hilabetez, militarrek Val di Susako herriak hartu zituzten, eta hala piztu zen matxinada: barrikadak jartzen genituen eta poliziei aurre egiten genien, indarkeria handirik gabe, halere. Gau batean, Poliziak bortizki egin zuen gure kontra, eta, ondorioz, jendea are gehiago haserretu zen. Ia 40.000 pertsonako manifestazioa egin genuen, eta obretako makinak suntsitu genituen. Gobernua beldurtu egin zen, eta lanak gelditu zituen.

Borrokak jendetza biltzea erabakigarria izan zen orduan.

Bai. Italiako Gobernuak ez zuen eztabaidarik bultzatu, ez baitzuen aurkako argudiorik entzun nahi. Haien interes bakarra enpresa pribatuei diru publiko ugari ematea zen. Val di Susan ikusi egin zuten hori, eta erabaki zuten ez zutela boteretik gezur gehiago entzun nahi.

Behin betiko gelditu al dira lanak?

Ez. AHTren egitasmoa Italiako beste hainbat gunetan garatzen ari da, nahiz eta eraikitze lanetan arazo tekniko asko edukitzen ari diren, eta martxan dagoen lekuetan salgai eta pertsona gutxi garraiatzen duen. Val di Susako proiektua ere ez dute baztertu, eta alderdi politikoak zein hedabideak ados daude. Beraz, etorkizunean beste gatazka bati ekin beharko diogu, eta oso diferentea izango da, jendearen kontzientzia aldatzen ari delako, eta Gobernuak beste modu batean jardungo duelako, mugimendua hautsi nahian.

Mugimendu antikapitalistek abiatu ohi dituzte AHT eta horrelako egitasmoen aurkako borrokak. Mezua gizartean zabaltzean, onura ala kalte egiten al du horrek?

Jendeak ulertzeko moduko komunikazio sistema bat erabili behar da. Kritika erradikala beharrezkoa da, baina oztopo bihur daiteke. Hortaz, oreka bilatu eta pixkanaka egin behar da bidea, egitasmoaren aurka dagoen baina hain muturrekoa ez den jendeak borrokan lekua duela ikus dezan. Argudio teorikoak garrantzitsuak dira, baina ekintza praktikoak bideratzeko gaitasuna izatea ere ezinbestekoa da.

Borrokak tokikoak dira, baina AHT nazioarteko egitura izango da. Nazioarteko elkartasun mugimendurik sortzeko aukera ikusten al duzu?

Inongo borroka zapaltzen saiatzen direnean, lagungarria da beste lekuetako elkartasuna jasotzea. Gainera, borroka guztien berri izateak ideia berriak sortzen ditu. Gaur bezala, esperientziak elkarrekin trukatzea baliagarria dela uste dut. Nazioarteko sare burokratizatua sortzeak, ordea, energia asko eskatuko lukeelakoan nago.

Val di Susako esperientzia, Euskal Herrira ekarri ezin den eredua

Hainbat eragilek baldintzatzen dituzte toki bakoitzeko gertakariak; hori dela eta, Abiadura Handiko Trenaren aurka daudenentzat, Val di Susako borroka eredugarria da, desiragarria akaso, baina ezin da Araba, Bizkai eta Gipuzkoara ekarri. Santurtziko La Kelo gaztetxean (Bizkaia) Euskal Y-aren aurkako gatazkaren gainean egindako solasaldian, AHT Gelditu! Elkarlaneko kideek bertako errealitatea azaldu zieten atzo Italiatik, Kataluniatik eta Galiziatik heldutakoei.

Haien esanetan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan oso errotuta dago aurrerapenaren kontzeptua; hori da, hain zuzen, AHTren aurkako oztopo handiena, gizarteari onura besterik ekarriko ez diolako ustea oso zabalduta dagoen neurrian. Halaber, AHTrekin batera egungo eredu ekonomiko eta soziala zalantzan jartzeak jende asko beldurtzen du, eredu horrek erosotasun handia dakarrelako.

Osasuna galtzeko beldurrak bultzatu zuen Val di Susako borroka, Luca Abbak azaldu zuenez: proiektuak uranio eta amiantozko mendi bat zulatzea aurreikusten zuen, bertan tunel bat egiteko. Pixkanaka, baina, kapitalismoaren aurkako kontzientzia egituratua sortu zen gizartean. Oinarri berbera du Italian zaborraren gainean piztu berri den eztabaidak. «Zaborra aurrerapenaren ondorioa da, aurrerapenak kudeatu ezin dituen alferrikako gauza asko sortzen baititu».

This entry was posted on Igandea, martxoa 23rd, 2008 at 1:10 am and is filed under Albiste nagusiak, Hemeroteka, Iritzia. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.

Iruzkinik ez

Be the first to comment on this entry.

Have your say

Fields in bold are required. Email addresses are never published or distributed.

Some HTML code is allowed:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <code> <em> <i> <strike> <strong>
URIs must be fully qualified (eg: http://www.domainname.com) and all tags must be properly closed.

Line breaks and paragraphs are automatically converted.

Please keep comments relevant. Off-topic, offensive or inappropriate comments may be edited or removed.