Aht: Kultur Ondarearen Aurkako Erasoa
Elkarlana Durangaldeko Anboto astekarian (2008ko abenduaren 12a, 18. orria) Durangaldeko AHT Gelditu Elkarlanak gutuna argitaratu dau:
“AHT: kultur ondarearen aurkako erasoa
Abiadura Handiko Trena Euskal Herrian inoiz egin den azpiegiturarik txikitzaileena, garestiena eta kaltegarriena da. Urteak daramatzagu, oztopoak gaindituz, munstro horren aurkako arrazoiak gizartean zabaltzen hainbat ikuspuntutatik: ekonomia, gizartea, ingurumena… Horiek dira beharbada orain arte agerien jarri ditugun arrazoiak, baina gutxitan aipatzen den beste batekin egin dugu topo Durangaldean azkenaldian: kultur ondarea.
AHT, dauzkan ezaugarriak izanda, ez da ingurune fisikora egokitzen den azpiegitura; aitzitik, ingurune fisikoa egokitu behar da bere ezaugarrietara: parean mendi bat suertatzen bada, zulatu eta aurrera; lurra oso behean geratzen bada, biaduktua eraiki eta kito… Eta, noski, mendia traba ez bada, are gutxiago izango dira baserriak eta baserritarren bizimoduak, ezta?
Zalantza gutxi utzi digute gure agintariek, euren enpresen poltsikoak beteko dituen negozioa egiteko dauzkaten mugen inguruan. Argi dugu dirua usaintzen dutenean ez dutela ezer errespetatzen, eta beste behin ere berretsi digute normalean izan ohi duten jarrera. Euskal Herri osoan hainbat baserri bota gura dituzte AHT eraikitzeko, eta Durangaldean, zehazki, hamar bat: batzuk zuzenean proiektuan hala agertzen delako, eta beste batzuk zeharka, jabeei beste aukerarik utziko ez dietelako. Guztiak ehunka urtekoak.
Horietatik, Abadiñoko Mendilibar Erdikoak dauzka oraintxe bertan lanak gertuen (metro gutxira). Baserri horretan familia berbera bizi izan da belaunaldiz belaunaldi XIX. mendearen amaieratik gutxienez, eta orain, betiko etxetik bota behar dute han bizi den bikote adinduna. Pertsona horiei zor diegun errespetua dela eta ez dugu berbarik egingo azken urteotan jasaten ari diren egoeraz, baina pentsatzekoa da ez dela batere gozoa, ondo baitakigu, gainera, zelako informazio eskasa eman dieten orain arte modu ofizialean.
Mendilibar Erdikoa baserria 1660 inguruan eraiki zuten gutxi gorabehera. Jatorrizko egitura ia osorik dauka oraindik, jatorrizko zutoinak bertan baitaude ganbaratik kortaraino. Aurreko horma zarpiatuta dago orain, baina horren azpian jatorrizko itxura igartzen zaio. Alboetako batean ikus daitekeenez, baserriaren horman, jatorriz, adobezko adreiluak zeuden (eta batzuk bertan daude orain ere), eta Durangaldean oso baserri gutxitan gorde dira adobezko adreiluak gaur egunera arte.
350 urte inguruko historia duen lekuan, urte batzuk barru zementuzko munstro bat egongo da guk saihesten ez badugu, izan ere, baserriko sukaldea dagoen lekuan gutxi gorabehera, AHTren biadukturako zutabe bat eraiki gura dute.
Beharbada, gure agintari burutsuek, guk baino gehiago jakin ohi dutenez, esango digute Mendilibar Erdikoa eta AHTk botako dituen beste baserriak ez daudela ondare gisa katalogatuta. Ados, baina katalogo horietatik kanpo, orduan, ez dago kultur aberastasunik? Duela hainbat hilabete banatu zuten propaganda orri batean Y grekoaren ibilbidea ageri zen EAEko Parke Naturalen artetik igarotzen, eta AHTk ez dituela Parkeak ukituko zioten… Oso ondo, baina parke horietatik kanpo ez dago mendirik ala? Tren horrek txikituko dituen mendietatik Udalatx izango da kaltetuena, baina inongo Parke Naturaletan ez dagoenez, ez dauka baliorik? Hori erakutsi nahi izan ziguten hipokrisia handiz propaganda harekin, eta orain hori bera egingo dute katalogoetatik kanpo dauden baserriekin ere?
Baserriak, ordea, ez dira izango kaltetutako ondare bakarra. Abadiñoko Mendiola auzoan, Mendilibar Erdikoa baserriaren ondoan, uztailean hasi zituzten AHTren lanak. Bertan egin zuten lehenengo gauzetako bat zuhaitzak botatzea izan zen, eta inongo arazorik gabe bota zituzten bertan zeuden haritz zaharrak duela urte gutxi landatutako pinu gazteekin batera. Gaur egun, zoritxarrez, pinua da nagusi gure inguruko mendietan, eta geratzen diren haritzak ere inolako ardurarik gabe botatzen dituzte munstroa eraikitzeko. Lanak hasi dituzten lursailaren ondo-ondoan, gainera, Mendiolako galtzada ere badago. Galtzada hori, gaur egun ezagutzen dugun moduan, XIX. mendearen erdialdetik dago, baina berez zaharragoa da, lehenagoko galtzada baten konponketa baita. Oraindik ez diote kalterik egin, baina obrak bertan daudela ikusita, arduratzeko moduan gaude…
Gu halako batean jaio ginen, bizi gara eta hilko gara, eta gure ondoren beste batzuk etorriko dira, gu baino lehenago beste batzuk joan ziren bezala. Gure ingurune fisikoa, baina, hor egongo da, gure joan-etorrien lekuko, eta horregatik, harrigarria da zelan ausartzen diren gure politikari eta teknikari jakintsuak historia horrela iraintzen, gure kulturari barre egiten, gure ondare kolektiboa horrela mespretxatzen.
Miren Azkarate Gasteizko Gobernuko Kultura sailburuak ere ez du ezer esango gure ondare kulturala horrela izorratzen dutela ikusita? Azkarate Euskal Filologian doktorea da eta euskaltzain osoa, beraz, gure kulturarekiko ardura badaukala pentsatu dezakegu, eta, hala ere, ez du ezer egingo gure ondarea zaintzearren? Abadiñoko Udaleko Luis Miguel Kanalaetxebarria Kultura zinegotziari ere ez diogu horren inguruko ezer entzun orain arte. Durangaldean, gainera, badugu zorionez aspaldi-aspalditik eskualdearen kulturaz arduratzen den elkarte bat, erakundeetatik kanpokoa, Euskal Herri osoan ezaguna eta oso errespetatua. Etsipen handiz diogu, ordea, elkarte horrek, tamalez, orain arte ez duela ezer egin nahi izan Mendilibar Erdikoa baserriaren alde (agian erakundeen errepresalien beldurrez?).
Zeren zain daude horiek guztiak zer edo zer egiteko? Zeren zain gaude beste guztiok? Egunen batean gure baserriak eta baserritarren bizimodua hiri handietako museoetan ikustera kondenatuta gaude, baina bost axola zaigula ematen du. Saminez ikusi genuen orain dela bost urte Itoizko urtegia egiteko Itoitzen, Artozkin eta inguruko herrietan gertatutakoa: herri txikiak poliziaz eta makinez beteta, ehunka urteko historia zuten etxeak, kaleak, baselizak, hilerriak eta oroitzapenak suntsitzen. Mendilibar Erdikoa baserriarekin ere irudi berdinak ikusi beharko ditugu? Gure esku dago! Zure esku dago!
Durangaldeko AHT Gelditu! Elkarlana”
This entry was posted on Ostirala, abendua 12th, 2008 at 5:26 pm and is filed under Albiste nagusiak, Iritzia. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.


Have your say
Fields in bold are required. Email addresses are never published or distributed.
Some HTML code is allowed:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <code> <em> <i> <strike> <strong>URIs must be fully qualified (eg: http://www.domainname.com) and all tags must be properly closed.
Line breaks and paragraphs are automatically converted.
Please keep comments relevant. Off-topic, offensive or inappropriate comments may be edited or removed.