AHT Gelditu! Elkarlanaren komunikatua Ipar Euskal Herrian AHTren proiektua gelditu izanaren harira
Frantziako Gobernuak Baionatik Bidasoako mugara Abiadura Handiko trenbide berria eraikitzeko proiektua gelditzeko erabakia hartu izanaren inguruan, AHT Gelditu! Elkarlanak Eusko Jaurlaritza premiatu nahi du “euskal Y”arekin aurrealdera ihesa gelditu, Hego Euskal Herrian AHTa eraikitzearen inguruko hausnarketa sakona egin eta bizirik dagoen eztabaidan arrazionaltasuna erabil dezan.
Hain zuzen ere, pasa den larunbatean jakin genuen Frantziako Gobernuak AHTren proiektua Ipar Euskal Herrian geldiaraztea agindu duela, Dominique Bussereau Garraioko Estatu idazkariak eta Michèle Alliot-Marie Barne Ministerioak Pirinio Atlantikoen departamentuko prefetari proiektua gauzatzeko bideratutako ekintza guztiak bertan behera uzteko aginduarekin eskutitza bidali baitzioten. Nahiz eta oraindik publikoki ez duten erabakiaren berri eman, Landen Hegoaldetik Behobiaraino zihoan Abiadura Handiko trenbide berriaren eraikuntzarako edozein azterketa bertan behera uztearekin batera, Gobernuak Baionako Iparraldetik Hendaiaraino doan egungo trenbide-sarea hobetzeko konpromisoa hartu du, kostu ekonomiko, sozial eta ekologikoak murriztea bilatuz eta tokiko herritarren interesak kontuan hartuz.
AHT Gelditu! Elkarlanarentzat, Frantziako Gobernuak hartu duen erabakiak ez du soilik aurkakotasun arrazoituaren eta herri-mobilizazioaren bidez AHTa gelditzea posible dela frogatzen, egoera berri hori Eusko Jaurlaritzaren jarrerarekin erabat kontrajarrian baitago, azkenak AHTaren eraikuntzarekin jarraitzeko asmoa baitu ordaindu beharreko prezioa edozein izanik ere eta beste edozein alde ekonomiko, sozial eta ekologikoren gainetik. Nahiz eta trenbidearen egoerak Hegoalden eta Iparralden desberdinak diren, jarraitu beharreko eredua argia da: mahai gainean dagoen galdera-sorta zabalari (ingurumenekoak, ekonomikoak, teknikoak, finantzarioak, politikoak) eta bere eragin larriengatik eta justifikazio ezagatik Bidasoaren bi aldeetan hainbesteko aurkakotasuna duen makro-proiektu honen inguruan gizartean dagoen desadostasun sakonari Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Sustapen Ministerioak erantzun ahal izateko ikuspegi berri zorrotza azaldu beharko lukete.
Egoera horrek, gainera, “euskal Y”aren gaineko itzal eta galdera berriak sortzen ditu:
- 1) “Euskal Y”a Europarekin Abiadura Handiko konexiorik gabe geratu da. Hain zuzen ere, AHTak Iparralde ibilbide konbentzionaletik zeharkatuko duenez, Abiadura Handiko “euskal Y”a inora ez doanaren ustea sendotu besterik ez da egiten. Horren harira, Eusko Jaurlaritza gogor salatzen dugu urtetan gezurra esan baitugu honakoa esatean: “Europarekin, Frantzian barna, etorkizuneko konexioari dagokionez, azterketa eta proiektu ugari egin dira, nazioarteko izaera duten akordioen ondorioz”. Aitzitik, Abiadura Handiko “euskal Y”a Europarekin konektatzearena mito hutsa da. Gogorarazi behar da J.A. Maturana (PSOE) Garraio Kontseilariak berak ere, zintzotasun-eroaldi batean, “Europarekiko konexioa ez zaigu hainbeste axola” aitortzera iritsi zela. Gauzak horrela, argi dago Estatu espainiarraren azpiegitura-planak aurreikusten duenez eta gelditzen ez badugu, urte batzuk barru, Hego Euskal Herriak Abiadura Handiko sare izugarria izango duela, 350 km/o-ko abiadura hartuko duen Madrilekin konexio handiuste beldurgarria ardatz hartuta, Nafarroako Korridorearen eta Burgos-Gasteiz zatiaren bidez.
-2) Bigarrenik, Gobernu Frantsesaren erabakia indartzen duen egiaztapena AHTak merkantzia-garraioaren arazoa ez duela konpontzen izan da. Hain zuzen ere, Europako Batzordearen azken txostena (Davignon Txostena) gai horrekiko oso gogorra izan da, oso kritikoa izan baita Estatu espainiarrak eta frantsesak Gasteiz-Dax arteko Abiadura Handiko sare berrian barna merkantzia-garraioari buruz dituzten irizpide desberdinen aurrean. Txostenean oso oharpen argia egiten du: “euskal Y”aren proiektua diseinatua dagoen bezala, “geroz eta gehiago zuzentzen da batez ere bidaiarien eskualde arteko garraioari begira, merkantzien nazioarteko garraioari espazio gutxi utziz”. Horrek argi uzten du azpiegitura honek ez duela Eusko Jaurlaritzak eta Akitaniako Eskualde Kontseiluak azpiegituraren beharra justifikatzeko adierazi duten helburu nagusirako balio; are gehiago, bertsio ofizialaren arabera, errepideak harrigarriro arindu behar lituzkeen “Trenbide Autopista” delakoa, hau da, “euskal Y”aren bidez trenen gainean kamioi osoak garraiatzearen proiektua, martxan jartzearen bideragarritasuna erabat zalantzan geratu denean. Era berean, oso argi ikustarazten digu Eusko Jaurlaritzak urte luzeetan zehar AHTren inguruan egin duen propagandaren zati handi bat, ke hutsa zela.
- 3) Aurrekoarekin lotura zuzena izanik, ez litzateke ahaztu behar Frantziako Gobernuak erabaki hori hartu bitartean, Frantziako Kontu Auzitegiko txostenek, Abiadura Handiko proiektuen errentagarritasun sozio-ekonomikoaren tasa gogor jaisten ari direla adierazi dutela, eta beraz, Abiadura Handiko azpiegitura berriak eraiki gabe, trenbide konbentzionaleko sareak hobetzearen aldeko apustua egitea gomendatzen dutela. Halaber, Bordele-Irun arteko AHTren proiektuari buruzko aditu-txosten suitzarrak merkantzia-garraioari buruzko aurreikuspen puztuak eta dagoen trenbide-sarearen ahalmenari buruzko aurreikuspen baxu ofizialak gezurtatu zituen. Zergatik ez dira hemen horrelako azterketak egin? Horrek guztiak, AHTren proiektuaren deslegitimazio sakona eragin du eta finantzazio-arazoak bere gordintasunean mahaigaineratu direnean ezadostasuna izugarri areagotu da. Jakina denez, Frantziako Gobernuak udal-instituzioei 90 milioi euro aurreratzeko eskatu zien AHTaren diru-xahutze izugarrirako, nahiz eta udal horiek zorretan ito eta tokiko proiektuak hipotekatu behar izan. Hortik aurrera, udal guztiak, Baiona, Angelu eta Biarritzekoak izan ezik, makro-proiektu honen aurkakotasunean batu dira, justifika dezakeen errentagarritasun sozial eza ez ezik, ingurumenean sortuko lituzkeen kalteak latzak direlako eta eragingo lituzkeen herrien bizi-kalitatea bera ere zalantzan jarriko bailuke.
Azkenik, AHT Gelditu! Elkarlanak ingurumenaren alde diharduten elkarteen koordinazioa (CADE) zoriondu nahi du Frantziako Estatuak inposatu nahi zuen Abiadura Handiko trenbide berriaren inguruan aurkakotasun zabalari bide eman baitio Lapurdin inoiz ikusi ez den mobilizazio-mailarekin. Bilera zabalak egin izan dituzte, Urruñan 160 pertsonatik gora bilduz, Azkainen 80, Arbonan 150, St martin de Seignanx-en 250 eta Hiriburun 1.000 pertsonatik gora. Zalantzarik gabe, Frantziako Gobernuak proiektuari 2006an berriz ekin izanak, kontrako mobilizazio geroz eta handiagoa sortu du, 1992an, Eusko Jaurlaritzak eta Akitaniako Eskualde Kontseiluak “euskal Y”a Dax inguruan frantziar AHTarekin konektatzeko lehen aurre-azterketa kaleratu zenean gertatu bezala; orduan ere, Lapurdiko talde politikoen, mugimendu sozialen eta enpresaburuen aurkakotasun zuzena eta ia erabatekoa eman baitzen. Hemendik aurrera, ingurumenaren alde diharduten elkarteek mobilizazioekin jarraituko dute behin-betiko konponbidera iritsi arte eta Landes, Gironda eta Hego Euskal Herrian AHTren aurka diharduten taldeekin lanean jarraituko dute arriskua atzeko atetik sar ez dadin. Horregatik, AHTren inguruko herri-kontsulta berriak burutuko dituzte datorren ekainaren 7an, Lapurdiko Milafranga, Hiriburu eta Lehuntzen, proiektu honen aurka dagoen herri-borondatea argi adierazteko asmoz.
Horregatik guztiagatik, AHT Gelditu! Elkarlanak, gaur, Lakuan dagoen Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, beste behin, “euskal Y”aren lanak gelditu, gogoeta abian jarri eta AHTren inguruko gatazkari arrazionaltasuna emateko aukera gal ez dezan eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari. Halaber, proiektu txikitzaile eta xahutzaile hau gelditzeko borroka indartzera dei egiten dugu, datorren ekainaren 13an, larunbata, Itsasondo-Ordizia, Bilbo eta Arrasaten egingo diren manifestazioetan parte hartuz.
This entry was posted on Asteartea, ekaina 2nd, 2009 at 8:09 pm and is filed under Albiste nagusiak. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.


on ekaina 4, 2009 at 12:08 am Elhombresinombre wrote:
Ia komunikatu honen puntu guztien teoriak desmontatzen dira euskal TAV-eko trenbidearen zabalera frantziako trenbibe konbentzionalen zabalera berdina dela jakitean, beraz europarekin konexioa egongo da nahiz eta ipar euskal herrian abiadura handiko trenbidea ez egin.
on ekaina 6, 2009 at 1:58 pm Abiadura Dezente Handiko Trena - Aldiri wrote:
[…] ere, ematen du AHTak ez dituela 105 km/h baino gehiagoko abiadura lortuko Hendaia eta Baiona artean.Batzuen ustez, Euskal Ya Europarekin Abiadura Handiko konexiorik gabe geratu daBerdez, Abiadura Dezente Handiko […]