“Enpresa eraikitzaileek, kaltetutako Udalek baino lehenago izan dute egitasmoaren berri”
GAZTESAREA Goierriko AHT Gelditu! Elkarlanak gogor salatu du Eusko Jaurlaritzak, eta zehazki Garraio eta Herri Lan sailburuak Abiadura Handiko Trenaren inguruan martxan jarri duen propaganda kanpaina. Honen aurrean, herritarrak informatzeko ekimen ezberdinak abiaraziko dituzte
Goierriko AHT Gelditu! Elkarlanaren oharra:
Goierriko AHT Gelditu! Elkarlanak gogor salatu nahi du Eusko Jaurlaritzak, eta zehazki Garraio eta Herri Lan sailburu den Nuria Lopez de Gereñuk, Abiadura Handiko Trenaren inguruan martxan jarri duen propaganda kanpaina. Goierriko AHT Gelditu! Elkarlanak beharrezkotzat hartu du publikoki salaketa hau burutzea kanpaina horren kaltetu zuzenak goierritarrak izan baikara.
Itsasondo
Lehenik, Euskal Trenbide Sareak AHTaren Ordizia-Itsasondo zatiaren obrak esleitzeko iragarkia Udalek eraikuntza proiektua bera izan gabe egin zuen Garraio eta Herri Lan sailak. Hau da, enpresa eraikitzaileek kaltetutako Udalek beraiek baino lehenago izan dute obraren nondik norakoak jakiteko aukera. Hori al da hainbeste aipatzen den informazio-trukaketa? hori al da instituzioen arteko harremana?
Bestalde, sailburuak esan zuenez eraikuntza-lanak datorren urte hasieran omen dira hastekoak. Egia ote da oraingoan? Garraio eta Herri Lan sailak azkenezkoz horrelako baieztapen bat egin zuenean aurtengo iraila zioen, eta honen aurrekoan, martxoan hasiko zirela. Ezin dugu ulertu Sail honek datak jartzeko duen ohitura hori, eta gainera data horiek publikoki exibizio gisa ematea. Zergatik ez digute esplikatzen behingoz zeintzuk diren eman behar dituzten pausuak eta pausu horiek gauzatzeko arazo edo trabak? Zergatik ezkutatzen dizkigute xehetasun horiek guztiak?
Legorreta
Udalei dagokienean bukatzeko, adierazi nahi dugu guretzat argi dagoela pasa den astean Garraio eta Herri Lan sailburuak Legorretako alkatearekin egin zuen bilera kanpaina mediatiko honen zati bat besterik ez zela izan; bere helburua ez zela informazioa ematearena, proiektuaren aurka gauden herritar eta udaloi mezu zuzena bidaltzearena baizik: obrak hasi egin nahi dituztela herritarron borondate eta interes guztien gainetik, baita alkate eta udalen gainetik ere.
Jarrera hipokrita horren aurrean, Itsasondoko eta Legorretako alkate eta zinegotziok, AHT Gelditu! Elkarlanarekin eta AHTren aurka dauden gainontzeko udal eta hautetsiekin batera lanean jarraitzeko asmoa dugula jakinarazi nahi dugu, gure herritarrei benetako informazioa eman eta beren iritzia kontutan hartuz.
Goierriko AHT Gelditu! Elkarlana
Ildo horretan, Goierriko AHT Gelditu! Elkarlana esfortzu izugarria egiten ari da informazioa herritarrenganaino iristeko. AHTren aurkako borrokan oinarrizkoa iruditzen zaigu herritarrei informazioa helaraztea, argi baitaukagu herritar informatua AHTren aurkako herritarra dela. Horrexegatik mahaigaineratu nahiko genuke Eusko Jaurlaritzak Euskal Trenbide Sarearen bidez Beasain, Ordizia, Itsasondo eta Legorretari dagokien egi-estaliz beteriko panfleto
propagandistikoaren gaia. Iraingarria iruditzen zaigu bertan egiten den manipulazioa eta herritarroi merezi zaigun errespetua bazterrean uzten du.
Hiru hiriburuen arteko bidaiez hitz egiterakoan ez dute aipatu ere egiten, EAEko bidai motorizatuen %97a eskualde barruan edo eskualde artean egiten dela.
N-1etik 1100 kamioi kenduko dituztela diote eta datu hori zalantzan jartzeko nahikoa arrazoi baditugu ere (enpresak, mantentze-lanak eta kostuak, etab.), ez dute aipatu ere egiten kopuru horrek ez diola aurre egingo ezta gure errepideetan urtebetean izaten den kamioi kopuru hazkundeari. Halaber, jakina da AHT garraio azpiegitura plan erraldoi baten parte dela (Jaizkibelgo superportua, Supersur, A-8ren hirugarren erreia, plataforma logistikoak…) eta helburua handik eta hemendik salgaien fluxua haztea dela.
Ildo horretan, ez da egia AHTak N1etik merkantzia eta pasoko kamioien %80a kenduko duela. Hori esatea jendea erabat engainatzea da.
AHTa iraunkortasunarekin alderatzen dute eta ez dute aipatu ere egin AHTak konponezinezko kalteak eragingo lizkiokeela ama lurrari; lurralde desoreka nahiz Goierri bezalako bailaren bazterketa areagotuko lukeela; errentaren banaketaren eta gastu sozialaren murrizketa eragingo lukeela; trafiko eta garraio arazoak konpontzetik urrun, berauek areagotuko lituzkeela; deslokalizazio industriala erraztuko lukeela; gero eta genero eta gizarte ezberdinkeria handiagoak bultzatzen dituen gizarte eredua indartuko lukeela. AHTak dituen ezaugarriak ez dira ohiko trenarenak, eta hori ere ez digute esaten.
Nola esan dezakete AHTk ingurumenari mesede egingo diola, Euskal Herrian 121 tunel eta 113 bidezubi eraikitzen badira, 68 milioi m3-tik gora lur mugitzen badira, 2.500 hektarea baino gehiago zuzenean okupatzen badira, 64 zabortegi sortzen badira, natura balio handiko inguruneak zuzenean kaltetzen badira eta energia-kontsumoa esponentzialki igoaraztea badu egitasmo honek?Zertan laguntzen dio AHTk ingurumenari?
Errentagarritasunaz hitz egiten dute, eta argi dago Euskal Herrian inoiz egin den errentagarritasun falta duen azpiegitura erraldoiena dela, gure ondorengoak ere ekonomikoki baldintzatuko dituela.
Azkenik, eta gauza asko esan gabe utzi ditugula jakinda, Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Sailak bere kanpainan tunelez hitz egiten duenean, inpaktu bisuala soilik aipatzen duela salatu nahi dugu. Hori egitea, herritarrei eman beharreko azalpenak desitxuratzea da, ez baitituzte aipatu ere egiten ez lur mugimendu itzelak, ez porlan kopuru izugarriak, ez eta lurrazpiko ur, putzu eta akuiferoetan eragingo lituzkeen kalteak ere.
Bestalde, asteazkenean Eusko Jaurlaritzako sailburu Nuria Lopez de Gereñuk eta Nafarroako Gobernuko Laura Albak bilera egin zuten Nafar korredorearen ingurukoak zehazteko.Argi dugu herritarroi inolako onurarik ekarriko ez digun azpiegitura bat inposatu nahi digutela eta AHTk Aralar ukituko ez duela esanagatik poztu behar al dugu?
Abiadura Handiko Trenaren sustatzaileek darabilten jokoa ikusirik, Goierriko AHT Gelditu! Elkarlanak orain arte mantendu duen borroka berberean jarraitzeko borondate tinkoa adierazi nahi du, agintariek martxan jarri duten marketing kanpainari aurre eginez. Hori dela eta Goierrin zehar martxan jarri dugun Erakusketa ibiltariaren eta Hitzaldien berri eman nahi dugu:
Erakusketa ibiltaria
- Azaroak 9-15: Ordizian (arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara plazan).
- Azaroak 16-22: Ataunen eta Lazkaon
- Azaroak 23-29: Ormaiztegi eta Ezkio-Itsason.
- Azaroak 30- abenduak 6: Beasainen.
- Abenduak 7-13: Itsasondo, Legorreta eta Zaldibian.
Hitzaldiak
- Azaroaren 15ean Ordizian, Barrena Kultur Etxean, 19:00etan.
- Azaroaren 22an Lazkaon, 19:30ean.v
- Azaroaren 29an Ormaiztegin.
- Abenduaren 3an Beasainen.
- Abenduaren 13an Legorretan.
Bestalde, mobilizatzera deitzen ditugu herritarrak, eta zehatzago hurrengo deialdietan parte-hartzera:
- azaroaren 22an, osteguna, arratsaldeko 19:00etan Lazkaoko plazan egitasmoaren arduradun politikoei salaketa.
- azaroaren 29an, osteguna, arratsaldeko 19:30ean, Ordiziako plazan egitasmoaren enpresa eraikitzaileei salaketa.
- abenduaren 15ean, larunbata, manifestazio nazionala Arrasaten, honako lelopean:
Inposiziorik ez! AHT Gelditu!
. Goierrin autobusak antolatuko ditugu eta tiketak herri guztietan egongo dira salgai.
Informazio gehiago
Goierriko AHT Gelditu! Elkarlana
This entry was posted on Larunbata, azaroa 10th, 2007 at 6:06 pm and is filed under Agenda, Albiste orokorrak. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.



Have your say
Fields in bold are required. Email addresses are never published or distributed.
Some HTML code is allowed:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <code> <em> <i> <strike> <strong>URIs must be fully qualified (eg: http://www.domainname.com) and all tags must be properly closed.
Line breaks and paragraphs are automatically converted.
Please keep comments relevant. Off-topic, offensive or inappropriate comments may be edited or removed.