ELA: “AHTren inguruan informazioa eta eztabaida ezinbestekoak dira”
ELA» Abiadura Haundiko Trenaren inguruan informaziorik eta eztabaidarik ez dagoela azaldu dute ELAko ordezkari Jose Elorrietak, Mikel Novalek eta Janire Domínguezek Bilbon emandako prentsaurrekoan. ELA bortizkeriaren eta bortxaren aurka dagoela adierazi eta gero, AHTaren aurkako jarrera oro kriminalizatzen duen kanpaina dagoela salatu dute.
Adierazpena:
1. Abiadura Handiko Trena inposatu nahi dutenen jokabide antidemokratikoa
AHTari buruz Elorrion eta Anoetan egin diren herri-kontsulten alde egon da ELA. Zorionak kontrako egoeran ere -auzitara eramango ituztelako mehatxuak barne- kontsultetan parte hartu dutenei. Gogoan izan behar da udalerri horietan proiektuaren aurka agertu direnen portzentajea Bizkaiko eta Gipuzkoako aldun nagusiek lortu duten ehunekoa baino handiagoa izan dela, adibidez.
Kontsulta horiek argi utzi dute agintariek kontrakoa esanagatik AHTaren aldeko jarrera ez dela orokorra. Aitzitik, herritarrek iritzia eman dutenean aurkako iritzia nabarmena da. Dena dela, erakundeek uste badute kontsulta orokor batek proiektuari babes handia emango liokeela, zergatik ez dute egiten? ELAren iritziz erantzuna ari dago: gizartearen iritzia errespetatzeko borondaterik ez dute inola ere, eta nahiago dute Euskal Herriaren etorkizuna hainbat hamardakatan baldintzatuko duen proiektua inposatu.
ELAk salatu egin nahi du Espainiako Gobernua bere artilleria juridiko guztia erabiltzeko prest dagoela herri-kontsultak galarazten saiatzeko.
Eusko Jaurlaritzak dio AHTaren alde Legebiltzarreko gehiengo bat dagoela; baina hori ez da azpiegitura hau zalantzan ez jartzeko aitzakia. Demokrazia ez da lau urtean behin botoa emanda amaitzen. Gizarteko eztabaida, herritarren eta gizarte antolatuaren parte hartzea eta gizarteari kontsulta egitea sistema demokratiko ororen ezaugarri da.
Jarrera hauek agerian uzten dituzte behin eta berrriz parte hartzean oinarritutako demokraziaz ari direnak.
2. Eusko Jaurlaritza, Espainiako gobernuaren menpean
Eusko Jaurlaritzako hainbat ordezkarik behin eta berriz egin dituzten adierazpenen arabera (agintean den hirukoaren agiri instituzionala eta Garraioko sailburu den Nuria Lopez de Gereñuren nahiz Ingurumen sailburu den Esther Larrañagaren hitzak), Espainiako gobernuak erabaki eta inposatu duen proiektu bat babesten dute. Hots, AHTaren aurka gizartean aurkako jarrera hedatua dagoelarik, Jaurlaritzak, ikusle hutsaren papera duenak, beste batzuk erabakitakoa defenditzea beste helbururik ez dauka, nahiz eta proiektuak euskal esparruan bidaiari eta merkantzien garraioak eragiten dituen arazoak konpontzearekin zerikusirik ez duen.
Oso larria eta argigarria da, hain zuzen, Garraio sailburuak esan duena; honek ez du herritarrek honi buruzko iritzirik ematerik nahi; aitzitik, AHTa zuritzeko EAEtik haratago doazen interes orokorrak aipatzen ditu. Horrela, bost axola AHTak eragindako inguruan bizi diren herritarren edo dauden erakundeen iritzia; eta areago, argudio bera erabilita, EAEko erakunde guztiak aurka egonda ere, AHT inposatzea zilegi litzateke.
Balizko interes orokor lauso horren argudioak edozertarako balio du. ELAk Euskal Herrian ditugun arazoak bertan eztabaidatu eta erabakitzeko beharra azpimarratu nahi du. Kontrara Sailburuak bestelako jarrera mantentzen du. Ziurrenik hori dela eta, egungo Jaurlaritzako kideek, eta aurreko legealditan osatu dutenek, proiektuaren inguruko eztabaidari beti uko egin izan diote.
Eusko Jaurlaritzak ez du ezer esan Espainiako gobernuak herri-kontsulten balioa ukatu duenean. Edonola ere, ELAren ustez Gasteizko gobernua ez da sinesgarria gizarteari etorkizunean kontsultak egiteko, izan ere horiekiko Espainiako gobernuak orain erabilitako argudio berberak mahairatuko baititu.
3. Sakoneko auziaz eztabaidatu ordez AHTren aurkakoak kriminalizatu nahi dituzte
ELAk aspaldidanik eskatu izan du eztabaida, baina honi ez zaio inongo aukerarik eman. AHTaren aurka ere luzaz egon gara, eta gure argudioak ez dituzte inoiz gezurtatu.
Asteotan hedabide nagusiek kanpaina bati ekin diote; batetik, AHTaren aurka eta tren sozialaren alde daudenak –adibidez, ELA– baztertu egiten dituzte, eta bestetik, AHTaren aurkako jarrera biolentziarekin lotzen dute. Horrela auziaren mamiari ez heltzeko estrategiarekin jarraitzen dute.
ELA bortizkeriaren eta bortxaren aurka dago, eta salatu egin nahi du ere AHTaren aurkako jarrera oro kriminalizatzen duen kanpaina hori.
4. AHTaren lanak geldiarazi eta gizartean eztabaidari ekin behar zaio.
Azkenik, ELAk uneotan berriro eskari bat egin nahi du, AHTaren lanak geldi ditzatela eta Euskal Herriak behar duen trenbide-sareari buruz eztabaidatzen has gaitezela.
Azken asteotako gertakariek behar hori areago utzi dute agerian. Aurkakoa erakundeen hutsegite bat litzateke, eta ondorio kaltegarriak izango lituzke gizarte-, ingurumen- eta ekonomia-mailan.
Bilbon, 2007ko abenduaren 19an
Informazio gehiago:
ELA denuncia la supeditación de Lakua al plan del TAV “impuesto por el gobierno español” (GARA)
This entry was posted on Thursday, December 20th, 2007 at 12:57 am and is filed under Albiste nagusiak, Albiste orokorrak. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.


Have your say
Fields in bold are required. Email addresses are never published or distributed.
Some HTML code is allowed:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <code> <em> <i> <strike> <strong>URIs must be fully qualified (eg: http://www.domainname.com) and all tags must be properly closed.
Line breaks and paragraphs are automatically converted.
Please keep comments relevant. Off-topic, offensive or inappropriate comments may be edited or removed.