AHTren lanak eman dizkioten enpresa baten kontra atentatua egin du ETAk
Berria» Bi hondeamakinatan lehergailuak zartarazi ditu, Hernanin, Urnietako saihesbidearen obratan.
Amenabar eraikuntza enpresaren bi hondeamakinatan lehergailu bana zartarazi du ETAk, Urnietako saihesbidearen obratan, Hernaniko Santa Barbara auzoan. Abiadura handiko trenaren obrak eman dizkioten enpresetako bat da Amenabar. Atentatua ETAk egin duela jakinarazi zuen, atzo arratsaldean, erakunde armatuaren izenean Bizkaiko DYAra deitu zuen pertsona batek. Atentatua Abiadura Handiko Trenaren proiektuaren aurkakoa izan dela egiaztatzen baldin bada, erakunde armatuak tren azkarraren proiektuaren aurka egin duen lehen atentatua litzateke.
Leherketak atzo goizaldean gertatu ziren, 02:30 aldean, bi hondeamakinak Santa Barbara auzoan aparkatuta zeudela. Bi makinak kaltetuak izan dira, baina ez dira zeharo hondatu, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez. Bi leherketek ez zuten inor zauritu, kalte materialak baino ez zituzten eragin.
Eztanda entzun zuten bizilagunen bidez izan zuen Ertzaintzak leherketei buruzko lehen berria, baina goizaldean inguruak miatu zituzten arren, ez zuten leherketaren arrastorik atzeman. 08:00 aldean, ordea, Urnietako saihesbideko obren langileek ohartarazi zuten bi hondeamakina kaltetuta zeudela. 17:15 inguruan ETAren izenean egindako deia jaso artean, hondeamakinen aurkako sabotajea kale erasoa zen edo ETAk egina zen ikertzen ari zen Ertzaintza, eta ez zuen gertaeraren berririk zabaldu. Lehergailuen lehen azterketen arabera ere, Ertzaintzak ETAri egozten dio erasoa, amonalez osatuta zegoela uste baitu.
ERREAKZIOAK. Amenabar enpresaren aurkako atentatua gaitzetsi du Eusko Alkartasunak, ohar baten bidez. Era honetako erasoak demokraziaren aurkakoak direla eta bakea eta normalizazio politikoa lortzea oztopatzen dutela esan du.
Ezker Batuak ere «gogor» gaitzetsi du atentatua, ohar baten bidez. «Azpiegitura jakin baten aurka dagoenak makinen, enpresen, eraikinen edo pertsonen aurkako atentatuak egiten baditu», EBren iritziz, «borrokarako arrazoi duen kausari zilegitasuna kentzen dio». Horregatik, abiadura handiko trenaren aurka modu baketsuan lan egiten ari diren gizarte mugimenduen eta indar politikoen lanari kalte egitea egotzi dio erakunde armatuari EBk.
Gipuzkoako PPko presidente Maria Jose Usandizagak atentatua gaitzesteaz gain, ETA «beldurra sartzen» saiatzen ari dela esan du, eta «Hernanin bezala EAE-ANVk alkatetza duen herrietan» presente egon nahi duela, «nola edo hala». Hernaniko Udalean EAE-ANVri alkatetza kendu behar zaiola gaineratu du: «Kendu behar zaio eta kendu ahal zaio».
HIRUGARRENA MAIATZEAN. Hernanikoa ETAren hirugarren atentatua da maiatzean. Hilaren 1ean bi lehergailu zartarazi zituen. Bata, Donostian, Eusko Jaurlaritzako Lan Osasunerako Institutuaren (Osalan) egoitzan, eta bestea, Arrigorriagan (Bizkaia), Espainiako Lan Ministerioaren egoitzan. Donostiakoa hiru kilo amonalez eginda zegoen, eta ETAren izenean ari zela esan zuen norbaitek eman zuen abisua Bizkaiko DYAra. Bi lehergailu indartsu zartaraziko zirela ohartarazi zuen dei hark, baina azkenean bakarrak eztanda egin zuen, Herrizaingo Sailak gerora jakinarazi zuenez.
Arrigorriagan zartarazi zuten bonba, berriz, bost kilo amonalez osatua zegoen, eta inork ez zuen aurrez atentatu horren abisurik eman. Egoitzan ez ezik, inguruan aparkatutako autoetan eragin zituen kalteak leherketak.
+Info:
Las bombas contra dos excavadoras contenían amonal, según Interior (Gara)
Gipuzkoako Foru Aldundiak dio AHTren alde egiten segituko duela (Berria.info)
El Gobierno vasco cree “exagerado” deducir que el atentado de Hernani era contra el TAV (Deia)
Jaurlaritzak uste du “gehiegizkoa” dela atentatua AHTarekin lotzea (Berria)
This entry was posted on Asteartea, maiatza 13th, 2008 at 7:36 pm and is filed under Albiste nagusiak, Albiste orokorrak, Hemeroteka. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.


on maiatza 14, 2008 at 11:21 pm Ibiltari wrote:
Gai honetaz argitaratutako hainbat iritzi
Berri honekin orainarte ETAk AHTren gatazkan partehartzeari buruz argitaratutako iritziak berriz interesgarri bilakatu dira.