CADEk mobilizazioa azkartzea erabaki du
AHTren trenbide berria eraikitzea ez dela premiazkoa ondorioztatuz CITEC ikerketa bulegoak eratutako txostenean azaldutako argudioak ez dituzte aintzat hartu nahi egitasmo horren sustatzaileek, atzo CADEk salatu zuenez. Horren aurrean, azterlan hori jendartean zabaldu eta mobilizazioa azkartzeko garrantzia nabarmendu zuen. Bi fronteren arteko borrokan murgilduak direla esan zuen CADEko Victor Pachonek. Ondoko bi asteetan lau bilkura egingo dituzte.
CADE inguramenaren babeserako elkarteen kolektiboak agerraldia egin zuen atzo, trenbide berriaren egitasmoaren bultzatzaileek -RFF (burdinbideen kudeatzailea) eta Akitaniako Kontseilua-, asteotan egindako adierazpenen aurkako argudioak azaltzeko.
Victor Pachon kolektiboko arduradunak salatu zuen RFFk eta Akitaniako Kontseiluak «guztiz baztertuak» dituztela trenbide berria eraikitzeari buruz CITEC ikerketa bulegoak berriki kaleratutako txostenaren emaitzak. Izan ere, egungo burdinbideak tren kopurua emendatzea beregain har dezakeela ondorioztatzen du, besteak beste, azterlan horrek, hain zuzen ere, CADEk aldarrikatzen duena berretsiz.
«Trenbide berria eraikitzearen aldeko argudioak bertan behera utzi dituzte orain arte egindako azterketa guztiek, azken horrek bezala». Proiektu sustatzaileek, ordea, txostenok baliogabetzeko, egileek eskuduntzarik ez zutela argudiatzen zuten, Pachonek azaldu duenez.
Alta, RFFk eta Akitaniako Kontseiluak behin baino gehiagotan deitu izan diote CITEC erakundeari, azterketak bidera ditzan. Beraz, oraingoan ez lukete esan behar horrek eskuduntzarik ez duela. «Hala ere, emaitzak baztertu dituzte. Maudetek argi esan digu: ikerketa horiez trufatzen gara, dena erabakita dago, eta ez ditugu zuen argudioak ezta irakurri ere egingo», salatu zuen Pachonek.
Horrenbestez, trenbide berria eraikitzea beharrezkoa dela azpimarratzen duten azken argudioak zapuztu zituzten CADE kolektibo ordezkariek, egungo trenbideak tren kopuru handiagoa bere gain har dezakeela berretsiz. Bestalde, Akitania-Euskadi plataformak ere agerraldia egin zuen atzo, Baionako portuan. Bertan, Jean Louis Carrerek bide berria eraikitzearen garrantzia goraipatu zuen. Horiek horrela, Akitaniako Kontseiluak eta RFFk proiektuarekin aurrera jarraitzeko erabakia hartu dutenez, ondoko hileetan «bi fronteak bata bestearen aurka» arituko direla nabarmendu zuen Pachonek, eta herritar zein hautetsi guztiak «inoiz baino gehiago mobilizatzera» deitu zituen.
«RFFk dio CITEC egiturak azaldutako azterlana funtsik gabekoa dela. Txosten hori ere baztertua izan ez dadin, gure ardura da edukia ahal bezain zabalki ezagutaraztea», gehitu zuen Pachonek. Horretarako, ondoko asteetarako herriz herri hitzorduak finkatu dituzte. Urriaren 5etik 13ra, lau bilkura publiko egingo dituzte, besteak beste, Lehuntze, Uztaritze eta Hendaian. Urriaren 17an, berriz, Baionan egitekotan diren manifestaziora ere deitu zituzten herritarrak.
This entry was posted on Larunbata, urria 3rd, 2009 at 1:53 pm and is filed under Albiste nagusiak, Albiste orokorrak, Mobilizazioak. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.


Have your say
Fields in bold are required. Email addresses are never published or distributed.
Some HTML code is allowed:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <code> <em> <i> <strike> <strong>URIs must be fully qualified (eg: http://www.domainname.com) and all tags must be properly closed.
Line breaks and paragraphs are automatically converted.
Please keep comments relevant. Off-topic, offensive or inappropriate comments may be edited or removed.