2010ean ‘Euskal Y’-an 468 milioi euro «xahutuko» direla salatu dute
AHT Gelditu!-k esan du «porlanaren negozioak» enpresarientzat eta bankuentzat «soilik» dakarrela onura. AHT Gelditu! Elkarlanak salatu du Eusko Jaurlaritzak eta Adif-ek aurreikusi dutela 468 milioi euro «xahutzea» EAEko abiadura handiko trenean datorren urtean. EAEko aurrekontuen bozketaren harira, elkarretaratzea egin zuen atzo Eusko Legebiltzarraren atarian, AHT Gelditu! taldeak aurrekontu «sozial eta parte-hartzaileak» eskatu eta AHTa eta antzeko azpiegiturak salatzeko.
AHT Gelditu!-ren ustez, «porlanaren negozioak» enpresaburu eta bankuentzat «soilik» ekarri ditu onura ekonomikoak, eta gainerako herritarrentzat, aldiz, «lanaren prekarietatea eta lan istripuen areagotzea» eragin du.
Nafarroako Gobernuak AHTaren txostenak idazteko «bost milioi euro baino gehiago» erabiliko dituela ere salatu du AHTaren aurkako taldeak. Espainiako aurrekontu orokorrei dagokienez, murrizketa «handia» izan dela adierazi du AHT Gelditu!-k: azpiegituretara bideraturiko gastu publikoa, aldiz, «gero eta handiagoa» dela salatu du: «2009an 13.805 milioi euro, eta 2010erako 14.831 milioi». %7,13koa da igoera hori, eta, AHT Gelditu!-ren arabera, «gozoki ukaezina eraikuntza enpresentzako».
Krisi ekonomikoaren harira, Espainiako Gobernuak, EAEko eta Nafarroako gobernuek eta aldundiek garraio azpiegiturak diru publikoarekin eraikitzen jarraitzea ere kritikatu dute, hau da, «milaka lanpostu abiada izugarrian deuseztatzen ari den politika ekonomiko berean sakontzea». «Eta zein da gobernu horiek lanik gabe, babes sozialik gabe eta etxebizitzarik gabe geratzen ari diren herritarrei emandako erantzuna? Horretarako dirurik ez dagoela».
Agintariek AHTaren aurkako nahiz azpiegituren aurkako taldeekiko duten jarreraz ere bere iritzia agertu du AHT Gelditu!-k: «Urte hauetan guztietan, argi utzi dugu azpiegitura honi ezetz esatea azaleko arrazoietan baino argudio sendoetan oinarritzen dela». Hala ere, «AHTaren eta pentsamendu bakarraren bultzatzaileek» azpiegitura horien aurkako mugimenduak «ezezko hutsean» diharduten mugimendu gisara irudikatzen dituztela salatu dute.
Mobilizatzeko deia
Berriz ere AHTaren aurka mobilizatzeko deia egin du AHT Gelditu! Elkarlanak. Hala, urtarrilaren 23an AHT Gelditu! Elkarlanak berak eta Iparraldeko AHTaren aurkako zenbait mugimenduk deituta, Hendaia eta Irun artean egingo den mani festazioan parte hartzera deitu dute.
«Gobernuak AHTarekin egiten ari diren baliabide publikoen xahutzea salatzeko eta azpiegitura horri buruz informazio iritzi iturri ezberdinak zabaltzeko» eginiko argitalpena Euskal Herri osoan banatuko dutela ere iragarri dute.
Barakaldon atxilotutako hamar lagunak pasatu dira epailearen aurretik
Astearte iluntzean Barakaldoko Megapark merkataritza gunearen aurrean atxiloturiko hamar pertsonak epailearen aurretik pasatu ziren atzo goizean. Gabon garaiko «kontsumismo basatia» eta AHTaren eraikuntza salatzeko, Olentzeroz jantzitako zortzi ekintzaile errepide erdian jarri ziren, bidoietara lotuta. Ertzaintzak, zortzi horiez gain, beste bi pertsona ere atxilotu zituen. Beste hiru laguni nahasmenduak eragitea egotzi zieten.
This entry was posted on Thursday, December 24th, 2009 at 5:16 pm and is filed under Albiste nagusiak, Albiste orokorrak, Egitasmoaren egoera. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.


Have your say
Fields in bold are required. Email addresses are never published or distributed.
Some HTML code is allowed:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <code> <em> <i> <strike> <strong>URIs must be fully qualified (eg: http://www.domainname.com) and all tags must be properly closed.
Line breaks and paragraphs are automatically converted.
Please keep comments relevant. Off-topic, offensive or inappropriate comments may be edited or removed.