AHT GELDITU! ELKARLANAK LARUNBATEAN HENDAIA ETA IRUN ARTEAN EGINGO DEN MANIFESTAZIORA BILTZEKO EGITEN DUEN DEIALDIA
AHT GELDITU! Elkarlanak herritarrakdei egin nahi ditu datorren larunbatean, urtarrilaren 23an, Hendaia eta Irun artean “AHTrik EZ! Proiektu txikitzaileak gelditu!” lelopean AHT GELDITU! Elkarlanak eta Iparraldeko Ingurumenaren Defentsarako Batzordeak (CADE) batera antolatu dugun manifestazio nazionalean parte hartzeko. Euskal Herri osoko AHTren aurkako herri-taldeak eta mugimenduak bilduko dituen mobilizazio hori arratsaldeko 4etan abiatuko da Hendaiako tren geltokitik, eta AHTren aurkako aldarria Irungo hiri-erdialdera eraman ondoren Bidasoako Santiagoko zubi zaharrean amaituko da.
Manifestaldi hau indar erakustaldia izatea nahi dugu, bai espainiar eta bai frantziar estatuei nahiz Eusko Jaurlaritzari eta Akitaniako zein Nafarroako gobernuei, euskal jendartean desadostasun zabala sortu duen eta ekologian, gizartean eta ekonomian eragin itzel eta kaltegarriak dituen proiektua geldiaraz dezaten exijitzeko.
Deialdi honen harira, Iparraldeko eta Hegoaldeko AHTren aurkako herri mugimenduek elkarlanari aspaldi ekin geniola adierazi nahi dugu. Une honetan, gainera, AHTren gaian Estatu espainiarrak eta frantsesak inposatze-egitasmo bera dutela sekula baino nabarmenagoa da, eta ondorioz, bistakoa da gure borrokak eta argudioak guztiz elkar lotuta daudela eta osagarriak direla. Ildo horretan, Lapurdin AHTren inguruko eztabaida publikoak egindako ibilbidea gogora ekarri nahi dugu, aditu independenteek egitasmoaren inguruan egin dituzten txostenek argi utzi baitute, ekonomia eta gizartearen ikuspuntutik, AHTren proiektuak ez duela inolako funtsik: egitasmo erraldoi honen eraikuntzaren zuribide ofiziala gezurrezkoa dela agerian geratu da, trafikoen eta balizko errentagarritasun sozio-ekonomikoen gaineko hipotesi faltsuak baliatu dituztelako sistematikoki, benetako erabilgarritasunik frogatua ez duen proiektua jendaurrean hobeto “saltzeko” asmoz. Eta mugaz gaindiko egitasmo berberaz ari garenez, horrek Euskal Y-aren bultzatzaileen argudioak bertan behera uzten ditu.
Horren aurrean, AHT Gelditu! Elkarlanak eta Iparraldeko eta Hegoaldeko hainbat mugimendu eta erakunde sozialek nahiz udal erakundek AHT gelditzeko eta garapen-eredu inposatuaren inguruan benetako eztabaida soziala irekitzeko aldarrikatzen dugu. Makina bat herritarrek, askotariko elkarteek, hainbat udalek, eta gehiengo sindikalak berak ere, behin eta berriz eta ozen egin dute AHTren aurka. Eta AHTarekin bezala, gure egunerokoa eta geroa zeharo baldintzatzen duten egitasmo eta azpiegituren aferan, zuzenean eragindako herritarrek gaiaren inguruan eztabaidatzeko eta erabakitzeko ahalmena izan dezaten eskatzen dugu.
Larunbateko mobilizazioa, Iparraldeko herritarren artean abiadura handiko tirano
horiek dakarten arpilatzea eta triskantzaren gaineko kontzientzia nabarmen ernaltzen ari den unean egingo da. Egun, Euskal Herrian AHTren kontrako oposizioa zein neurritaraino hedatzen ari den ikusita, herri mobilizazio hau Europako herrialde askotan AHTren aurka egiten ari diren oposizioaren buruan dagoela esan dezakegu, Val di Susa-ko AHTren aurkako borrokarekin batera.
Horrenlekuko, manifestazio honen karira, larunbat goizean, hainbat herrialdetako AHTren aurkako herri mugimenduen arteko topaketa egingodugu Hendaian: Euskal Herria, Espainia, Frantzia eta Italiako eskualde desberdinetan AHTren egitasmoen aurka borrokatzen duten hainbat talde elkartuko gara, borroka-esperientziak trukatzeko eta denon arteko lankidetzari begira harreman estuagoaren aukera irekitzeko. Besteak beste, honako elkarte eta mugimenduak bilduko gara topaketan:AHT Gelditu! Elkarlana (Hego Euskal Herria), CADE (Iparralde), No TAV (Italia), CADS (Lyon-Turin AHTren aurka diharduen Frantziako elkartea), Alto (Bretainia), Conceilu contra l’ TAV (Asturies), Galizako AHTren aurkako Taldea, Actival (Pirinio Garaiko trenbide-tunel erraldoiaren aurkako elkartea), Málaga no se Vende (Abdalajisko bailaran AHTk kalteturiko bizilagunen elkartea), Collectif Contre les Nuisances du TGV eta Reaction TGV (Poitiers), LEA (Sud Gironde eta Landak), VAR Actions (Var) eta Rhin-Rhone eskualdeko Elkarteen Batzordea.. Topaketa hori goizeko 9’30ean hasiko da Hendaiako erdigunean dagoen azoka zaharrean (“les halles”) eta guztion ikuspegi eta aldarrikapen komunak jasoko dituen Adierazpen Komun bat adostuko da.
Dagoeneko AHTren eraikuntza-lanak ingurumenean kalte larriak ari dira eragiten, baina bistan da egitasmo suntsitzaile honen auzia oraindik bete-betean dagoela; hau da, gaur egun gobernuek AHTren alde darabilten politikak higiezin eta aldaezina dirudien arren, irudikeria besterik ez da laster ibiltzeari utzi beharko baitio, ukaezina baita AHTren garapenaren oinarrian dagoen garraio-, ekonomia-, lurralde antolamendu- eta gizarte-eredua iraunkortasunaren beste muturrean dagoela.
Horregatik guztiagatik, AHT GELDITU! Elkarlanak datorren larunbatean Hendaia eta
Irun artean egingo den AHTren aurkako manifestazioan ahalik eta jende gehien biltzeko deia egiten du, arbuio zabala jaso duen azpiegitura erraldoi honen inposaketari herritarrok EZEZKO biribila emateko.
Larunbateko egitaraua eta prentsa-deialdiak:
-9’30ean:Hainbat herrialdetako AHTren aurkako mugimenduen topaketa (Euskal Herria, Espainia, Frantzia, Italia), Hendaiako erdigunean kokatua dagoen azoka zaharrean (“les halles”).
-14’30ean:Prentsaurrekoa “les halles” azoka zaharrean, topaketan bilduriko elkarte eta mugimendu guztien artean adosturiko Adierazpen Komuna argitaratzeko.
-16’00etan: AHTren aurkako manifestazioa Hendaiako tren geltokitik Irun aldera abiatuko da. Amets Arzallus bertsolariaren ongi etorria.
-17’00etan: Prentsa adierazpenak egingo dituzte AHT Gelditu! Elkarlaneko eta CADEko
bozeramaileek manifestazioaren bide erdian, Irungo erdialdeko Colon hiribideak Iparraldeko Etorbidearekin duen bidegurutzean.
-17’30ean: Manifestazioaren amaiera-ekitaldia Santiagoko zubi zaharrean. Hitza hartuko dute: Iparralde eta Hegoaldeko udal ordezkariek, AHT Gelditu! Elkarlanak eta CADEk, baita beste herrialde batzuetatik etorritako elkarteetako ordezkariek ere. Bertsolariak, MAK eta Angelines musikarien kantak.
AHT GELDITU! ELKARLANA
(Tlfno: 657705677)

This entry was posted on Asteazkena, urtarrila 20th, 2010 at 2:48 pm and is filed under Albiste nagusiak, Albiste orokorrak. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.


Have your say
Fields in bold are required. Email addresses are never published or distributed.
Some HTML code is allowed:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <code> <em> <i> <strike> <strong>URIs must be fully qualified (eg: http://www.domainname.com) and all tags must be properly closed.
Line breaks and paragraphs are automatically converted.
Please keep comments relevant. Off-topic, offensive or inappropriate comments may be edited or removed.