Abiadura Handiko Trenari ezetz esan diote 15.000 lagunek Hendaia-Irunen.

Milaka lagunek egin dute bat gaur arratsaldean Hendaia eta Irun artean Abiadura Handiko Trenaren (AHT) aurka egin den manifestazioarekin. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, Euskal Herriak horrelako azpiegiturarik ez duela nahi erakutsi du. 15.000 lagun inguru bildu dira.“AHTrik ez! Proiektu txikitzaileak gelditu” lelopean, ordu erdiko atzerapenarekin abiatu da Hendaiako tren geltokitik Abiadura Handiko Trenaren (AHT) aurkako manifestazioa.Gizarte alor desberdinetako milaka lagun bildu dira eta Hendaiara sartzeko bideak blokeatu egin dira, jende uholdea tarteko. Martxa 16.30ean abiatu da eta 17.20ean geltokian oraindik jendea zegoen ateratzeko zain. Burua Irungo Iparralde Etorbidean zegoela abiatu dira azken manifestariak geltokitik, Kazeta.infok dioenez. Antolatzaileen arabera, 15.000 pertsona bildu dira, eta Polizia frantsesaren arabera 13.000.

70 traktore inguru joan dira martxaren buruan, ibilgailuen gainean AHTren aurkako leloak zituztela. Bengalekin ireki diete bidea elkarte antolatzaileetako kideek, eta banan banan zeharkatu dute Santiago zubia, mobilizazioarekin bate egiteko zain zeudenen txalo artean. Manifestazioan parte hartuz abiadura handiko trenak ekarriko duen lurren galera salatu nahi dute laborariek. Senpere, Sara, Ahetze eta Azkainetik joan dira, besteak beste.

Traktoreen ondoren antolatzaileak ziren, pankarta nagusiarekin, eta haien ondotik alkate eta hautetsiak, Euskal Herrikoak nahiz abiadura handiko trenak kaltetuko dituen beste toki batzuetakoak (Landak, Biarno, Gironda…), “AHT: Euskal Herrian trenbide berriari ez” goiburua zuen pankartarekin.

Haien atzetik, berriz, milaka eta milaka herritar, banderola eta pankarta ugarirekin, kolore eta hizkuntza guztietakoak, denak AHTren aurkako leloekin. Eta festa kutsua ere izan du mobilizazioak. Azkainekoek beren danborrada eraman dute, eta AHT Gelditu! Elkarlanekoek parodia bat egin dute.

Santiago zubia zeharkatu eta Irunerako bidea hartu du martxak. Han Kolon ibilbidean, martxaren joana eta etorria gurutzatu dira.

Ekitaldia trenbidearen ondoan

Irungo erdigunea utzi eta atzera Bidasoarantz jo du berriz. Santiagoko zubi zaharrean, egungo trenbidearen ondoan, egin da ekitaldi nagusia. Mixel Hiriart Biriatuko auzapezak eta Lapurdiko Herri Elkargoko presidenteak; Alain Iriart HIriburuko alkate eta Kontseilari Nagusiak; Onintza Oleaga Atxondoko alkateordeak; Asturiasko AHTren aurkako Kontseiluko ordezkari batek, Denise Cassou Girondako LEA elkarteko ordezkariak; AHT Gelditu! Elkarlaneko bi ordezkarik eta Cadeko eledun Victor Pachonek hartu dute hitza.

Nabarmendu dutenez, gaurko manifestazioak izan duen erantzunak erakutsi du Euskal Herriak ez duela AHT bezalako azpiegiturarik.

Agintari eta RFFko buruengandik AHTren aurkako mugimenduak jasaten duen kriminalizazioa salatu dute, eta Aramaioko alkatearen auzipetzea jarri dute adibidetzat. Oztopoak oztopo, borrokan jarraituko dutela esan dute. “Euskal Herritik AHT ez da pasako”, adierazi dute.

Ekitaldiari festak hartu dio lekukoa. Mak eta Angelines-en musikak Lyonetik heldutako kantariekin eginen du bat eta bertsolariek ere, errimak ahantzi gabe, AHTaren kontrako mezuak zabalduko dituzte.

argazki gehiago: http://www.ekinklik.org/

This entry was posted on Sunday, January 24th, 2010 at 12:18 am and is filed under Albiste nagusiak, Albiste orokorrak. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.

1 Comment so far

  1. No sé qué pintan esos tractores contaminantes, ¿15.000? cientos de miles (mirad el resultado de las elecciones) los que estamos a favor del AHT. Y sobre decid a los de ETA que quiten sus sucias manos de esta discusión. No seais ventajistas ,con el terror y el miedo jugando a vuestro favor.

Have your say

Fields in bold are required. Email addresses are never published or distributed.

Some HTML code is allowed:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <code> <em> <i> <strike> <strong>
URIs must be fully qualified (eg: http://www.domainname.com) and all tags must be properly closed.

Line breaks and paragraphs are automatically converted.

Please keep comments relevant. Off-topic, offensive or inappropriate comments may be edited or removed.