AHT GELDITU! ELKARLANAK AHT-A BERTAN BEHERA UZTEA EXIJITZEN DU LARUNBATEKO MANIFESTAZIOAREN OSTEAN
Pasa den larunbatean Hendaia eta Irun artean burututako AHTren aurkako manifestazio jendetsuaren ostean, AHT Gelditu! Elkarlanak berriz ere exijitzen die Estatu espainiar eta frantsesari eta nafar eta euskal Gobernuei euskal gizartean aurkakotasun itzela duen azpiegitura erraldoiaren proiektua bertan behera uztea.

Gure poza adierazi nahi dugu AHTren aurka mugaren bi aldeetan, Iparralden eta Hegoalden, lanean dihardugun koordinadoren artean deitutako manifestazioan parte hartu zuen jende-multzoa izugarria izan zelako. Larunbatean, Hendaia eta Irun artean, 20.000 pertsona inguru (13.000 Frantziako poliziaren arabera eta 15.000 Ertzaintzaren arabera) bildu ginen, orain arte Euskal Herrian AHTren aurka egin den manifestazio jendetsuenean. Manifestazioa 16:30ean irten zen eta 17:20ean, jende-multzo bat oraindik irten gabe Hendaiako geltokian zegoen bitartean, martxaren burua Irungo erdigunetik gertu dagoen Iparralde etorbidera iristear zen. Larunbateko manifestazioa, bere zabaltasunagatik, aldarrikapenak duen indar ikaragarriaren isla izan da eta herri-mobilizazio hori, Val di Susako AHTren aurkako borrokarekin batera, gaur egun Europako hainbat herri eta eskualdetan ernaldu diren Abiadura Handiko Trenen aurkako talde antolatuen buruan jarri da. Beraz, Lapurdiko herritarrak txalotu egiten ditugu Gobernu frantziarrak inposatu nahi duen Abiadura Handiko Trenbideak arbuio zabala jaso duelako eta herri-mobilizazioak aurretik ez zuelako inoiz une honetan bezainbesteko hedapenik lortu. Europarekiko lotura Abiadura Handiaren bidez zalantzan dago eta horrek honako galdera egitera garamatza: Europarekiko AHT lotura erabat zalantzan egonik, ez al da nabarmena Abiadura Handiko “euskal Y” ez doala inora?
Horregatik, AHT Gelditu! Elkarlanak Gobernuak eta AHTren arduradunak interpelatu nahi ditu “euskal Y”aren lanak bertan behera utzi eta AHTren inguruan, bai eta botere ekonomikoen zerbitzura dauden erakundeetatik bultzatzen den garraio-, lurralde antolamendu- eta gizarte-ereduaren inguruan ere, gizarte-eztabaida sakona irekitzea exijitzeko.
AHTrekiko aurkakotasuna indartzen ari da Estatu frantziar, espainiar eta italiarrean:
Halaber, estatu frantziar, espainiar eta italiarrean Abiadura Handiko linea berrien eraikuntzaren aurka diharduten hamarnaka mugimendu eta elkartek, Hendaian, goizeko topaketan sinatutako AHTren aurkako Adierazpen Komuna ezagutarazi nahi dugu. Eusko Jaurlaritzak etengabe esaten badigu ere Euskal Herritik kanpo inork ez duela AHTrekiko aurkakotasuna ulertzen, kalteturiko herrialde guztietan Abiadura Handiko lineak hedatzearen politikari aurre egiten dioten jarrerak eta erresistentzia-jarduerak ernaltzen ikusten ari gara. Hendaian adostutako Adierazpen Komuna mugimendu guztion arteko lankidetzaren agiri sortzailea dugu eta helburu gisa gure indarrak batu eta gure aldarrikapenak altuago entzutea ditu. Jarraian atxiki dugun adierazpena, Hendaiako topaketan parte hartu zuten mugimendu eta erakunde sinatzaileekin batera, jada frantsesez, euskaraz, gaztelaniaz, italieraz, ingelesez, alemanez, katalanez, okzitanieraz eta asturiarrez zabaltzen ari gara.
Aramaioko alkatearen aurkako epaiketaren salaketa:
Bestalde, AHT Gelditu! Elkarlanak, otsailaren 10ean, Gasteizen, Aramaioko alkate Asier Agirreren aurka egin nahi duten epaiketa salatu nahi du. Alkateari egozten dizkioten delituak prebarikazioa eta desobedientzia dira. Hitz potoloak ezbairik gabe beren herritik pasatuko den AHTren inguruan herritarren artean galdeketa egiteagatik dela kontuan hartzen badugu. Udalak herritarren iritzia jakiteko galdera argia besterik ez zien egin: Ados al zaude AHTren proiektuarekin? AHT Gelditu! Elkarlanarentzat epaiketa hori ekintza politikoak izan beharko lukeen askatasunaren ageriko urratzea da eta gainera, helburu zeharo antidemokratikoa du: herri-kontsultak burutzea zigortzean eta proiektu honen aurkako ahotsak isilaraztean datza, AHTrekiko herri- eta udal-aurkakotasunarengan zigorraren bidez presioa areagotuz. Beraz, AHTren aurkako gizarte-mugimendua jasaten ari den kriminalizazioa salatzen dugu, Estatuak Euskal Herriko AHTren gatazkari emandako erantzuna aurkako mugimenduari zigor-mekanismoak aplikatzea besterik ez dela azpimarratuz.
Aramaioko herriak, 2007ko irailaren 30ean, Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren mehatxu eta debeku-saiakerei aurre eginez, herri-galdeketa egin eta AHTren inguruan zuen iritzia eman zuen, ozen eman ere, Aramaioko herritarren erdiak baino gehiagok (% 54) hartu baitzuen parte ekimenean eta bozkatu zutenen % 97 AHTren eraikuntzaren aurka azaldu baitzen.
Manifestazioa Tolosan:
Horregatik guztiagatik, AHT Gelditu! Elkarlanak AHTren lanak bertan behera uzteko exigentzia berresten du eta larunbateko manifestazio arrakastatsuak proiektu txikitzaile eta xahutzaile hau gelditzeko asmoz jardun, informatu eta mobilizatzen jarraitzeko pizgarri izan behar duela adierazten du. AHTa oraindik gera litekeela azpimarratu nahi dugu eta horretarako ezinbestekoa zaigu ingurumena eta gizartea oro har kontuan hartzen ez dituen proiektu honen aurka dauden talde, pertsona eta erakunde guztien inplikazio handiagoa.
Herri guztietan borrokan jarraitzeko deialdia egiteaz gain, Tolosan otsailaren 6an AHTren aurka antolatu dugun manifestazioan parte hartzeko gonbita luzatzen diegu euskal herritarrei.
AHT GELDITU! ELKARLANA
(Tlfnoa: 657705677)
2010eko urtarrilaren 23ko adierazpen komuna
Honako adierazpen hau Europar Batasuneko hainbat Estatutan (Frantzia, Espainia, Italia) Abiadura Handiko Trenen linea berrien eta ahalmen handi eta azkarreko merkantzia-lineen eraikuntzaren aurka diharduten hainbat elkarte eta mugimenduk elkarlanean landu dugu, gaur bertan gure indarrak batuz gure ahotsa entzunarazteko, aurrean ditugun arazoak berdinak baitira leku horietan guztietan.
Gure aurkakotasuna, beraz, tokiko markotik Europakora pasa dela esan genezake.
Hendaiako adierazpena hizkuntza askotan irakur dezakezu:
Gaztelera Castellano
Euskara
Frantsesa Français
Italiera Italiano
Asturiera Asturianu
Katalana Català
Ingelesa English
Alemana Deutsch
Okzitaniera Occitan
Hemen elkartu garenok, hainbat estatutan (Italia, Frantzia, Espainia) AHTren linea berrien eta ahalmen handi eta azkarreko merkantzia-lineen eraikuntzaren aurka gauden herritar, elkarte eta giza mugimenduok
honakoa adierazten dugu:
- proiektu horiek zeharkatzen dituzten lurraldeetan, ingurumen, sozio-ekonomia eta gizartearen ikuspuntutik hondamendia besterik ez dakarte: natura inguruneen eta nekazal lurren suntsidura, ingurunearen kalte eta narriadura dakartzaten lerroak, herritarrengan eragin kaltegarriak sortuko dituztenak,
- egitasmo horiek ez dute erabakiak hartzerakoan herritarren parte-hartzea kontuan hartzeko gaitasuna. Gobernuek eta administrazioek proiektu horiek herritarrengan sorrarazten duten aurkakotasun sakonaren aurrean darabilten iluntasuna salatzen dugu eta baita herritarron argumentu eta proposamenekiko agertzen duten erdeinua,
- linea berri horien eraikuntzaren zuribide ofiziala, trafikoa eta errentagarritasun sozio-ekonomikoari dagokionez, sistematikoki hipotesi faltsuen eta eraikuntza-lanen kostuaren gutxiestearen gainean eraiki dute, benetako erabilgarritasuna frogatua ez duen proiektua hobeto “saltzeko” asmoz; azterketa ugarik, ordea (Essig txostena Bretainian, Bermejoren txostena Hego Euskal Herrian, Citec Ipar Euskal Herrian, Brossard 1998 eta Ponts et Chaussées 2003 Rhône-Alpeak, Lyon-Turin linearen inguruko Behatoki Teknikoaren Pleguak, italiar erakundea), bai eta Frantzia eta Italiako Kontu Auzitegien txostenek ere, argi utzi dute ekonomia eta gizartearen ikuspuntutik proiektu horiek ez dutela inongo funtsik,
- AHTri esleitu dioten lehentasuna gastu izugarriaren gainean egin dute, gertuko mugikortasunaren eta jada badiren trenbideen mantentze-lan eta garapenaren kaltetan, lurraldea bere osotasunean barne hartuko lukeen merkantzietarako sarea eta herritar guztion eskura izango den garraio zerbitzu publikoa izan litekeena babestu eta optimizatu gabe,
- AHTen eraikuntza azpiegitura handiak sortzearen etengabeko bide eroan kokatzen da (autopistak, aireportuak handitzea, super-portuak…) eta garapen iraunkorraren aurka doa. Kapitalismo globalizatuak eragin duen garraio-hedapen beldurgarria salatzen dugu, tokiko garapen orekatua galarazteaz gain, funtsik gabeko trafiko eta ekoizpenen kontzentrazioa eta deslokalizazio basatia sustatzen baititu.
Honakoa exijitzen dugu:
- Europako Batzordeari eta Europako Parlamentuari, Europar Batasunaren mailan distantzia ertain eta luzeko garraio-politiken ardura duten heinean, azpiegitura handien zentzugabekeria eta behar ezaren inguruko gogoeta irekitzea (AHT, autopistak, aireportuen handitzea, super-portuak…) eta Europako garraioen inguruan (TEN-T Trans Europe Networks – Europa osoko Garraio Sareak) EBk duen estrategiaren berrazterketa sakona bultzatzea,
- Frantzia, Italia eta Espainiako Gobernuei, AHTren lan eta proiektuak berehala bertan behera uztea, Europa mailan benetako eztabaida publiko uniformea abiarazteko AHTren hedatze neurrigabearen oinarrian dagoen garraio-, lurralde- eta gizarte-ereduaren inguruan.
Irtenbideak honako hauetan bilatu behar direla baieztatzen dugu:
Ø dauden lineak berritu, mantendu eta optimizatzea, ingurumenaren ikuspuntutik onargarriena litzatekeen bidea izateaz gain, bide berriak eraikitzeak baino askoz ere gastu gutxiago eta Frantzian 2009ko abuztuaren 3ko Ingurumenari buruzko Grenelle legearen 1. artikulua betetzea baitakar (”Delors-en Liburu Zuria” delakoak ere goratua),
Ø garraioa gutxitzea, ekonomia- eta gizarte-ereduaren eraldaketa sakonari lotuta, gertukotasuna eta ekonomiaren birkokapena lehentasun gisa hartuz,
Ø azken buruan, azpiegitura hauek zuzenean eragiten dieten herritarrei erabaki ahalmena itzultzea, garapen-eredu inposatuaren aurrean benetako demokrazia eta tokiko autonomiaren bermea dena.
Honakook izenpetzen dugu:
Euskal Herria:
AHT GELDITU! Elkarlana
CADE (Iparralde)
Gainera, adierazpen komunak Hendaiako topaketan parte hartu zuten beste talde batzuen atxikipena jaso du, besteak beste, Jaizkibel Bizirik taldearena.
Estatu espainiarra:
Conceyu contra ‘l TAV d’ Asturies
Italia:
Movimiento NO TAV (Val de Susa – Val sangone – Turin)
Estatu frantsesa:
Très Grande Vigilance en Albret (Lot et Garronne)
LEA (Gironde)
LGPE (Gironde)
Collectif Non à
Collectif Non LGV Limoges-Poitiers, oui POLLT
Collectif Contre les Nuisances du TGV (Poitou)
Comité TGV Réaction citoyenne
Actival (Pirineos Centrales)
Federation Alto (Bretagne-pays de
ADEMA
Var Actions Environnement
APPEL
Eiretage
Var Environnement
CADS (Lyon-Turin)
This entry was posted on Asteartea, urtarrila 26th, 2010 at 6:01 pm and is filed under Albiste nagusiak, Albiste orokorrak. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.


Have your say
Fields in bold are required. Email addresses are never published or distributed.
Some HTML code is allowed:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <code> <em> <i> <strike> <strong>URIs must be fully qualified (eg: http://www.domainname.com) and all tags must be properly closed.
Line breaks and paragraphs are automatically converted.
Please keep comments relevant. Off-topic, offensive or inappropriate comments may be edited or removed.