Inbertsio murrizketek kanpoko kaiko lanak atzeratuko dituzte
Pasaiako kanpoko portua (Gipuzkoa) aurreikusitakoa baino bi edo hiru urte geroago eraikitzea «litekeena» dela adierazi zuen, atzo, Miguel Buen Pasaiako Portuko Agintaritzako presidenteak. Krisi ekonomikoa medio Espainiako Gobernuak hartuko dituen neurriek, besteren artean, inbertsioei eragingo die -6.000 milioi euro murriztuko ditu 2010erako eta 2011rako aurreikusita zeuden inbertsioetan-, eta murrizketa horiek Pasaiako egitasmoari onik ez diotela egingo aitortu zuen Buenek atzo eginiko agerraldian. Proiektuaren atzerapen posiblea iragartzearekin batera, ordea, oraingo egoera ekonomikoak Pasaiako proiektuari ez diola eragiten adierazi zuen Portuko Agintaritzako presidenteak: «Ezin dugu ahaztu gu hitz egiten ari garen proiektuan inbertsioak egiteko beharra 2012 amaieran edo 2013 hasieran sortuko dela». Beraz, aurtengo inbertsioen murrizketek ez die kanpoko kaiari eragiten, Buenen arabera. Areago, 2011. urtean murrizketa berberak aplikatzeak ere ez liekeela eragingo adierazi zuen Buenek, «ezta 2012an errepikatu beharko balira ere». Jakinarazi zuenez, kanpoko kaiaren proiektua ez baita emateko moduan egongo «2012aren amaiera edo 2013aren hasiera baino lehen».
Edonola ere, finantzaketaren xehetasunak lotzearen alde agertu zen Buen, lortuko duen ez dakiela aitortu zuen arren: «Espero dut urtea amaitu baino lehen, gutxienez, akordio bat lortzea azpiegitura nola finantza daitekeen edo nola finantzatuko den zehazteko». Inbertsioetan egingo diren murrizketek egungo portuan egiten ari diren inbertsioetan ere ez dutela eraginik izango azpimarratu zuen Buenek.
Etorkizunerako zalantza horiez guztiez gain, dena den, azpiegitura proiektuak aurrera jarraitzen du. Hala, ingurumen bideragarritasunerako txostena prestatzen ari da egun Pasaiako Portuko Agintaritza. Administrazio Kontseiluan onartu beharko dute ondoren txostena, eta urrats hori uztailean zehar izatea espero du Buenek. Jendaurrean jarriko dute proiektua ondoren, eta gizarte eragile, erakunde eta norbanakoen ekarpenetan oinarrituta, txostena berridatzi egingo dute, Buenek jakitera eman zuenez. Prozedura guztia onartuta, urtearen amaierarako edo 2011 hasierarako ingurumenari buruzko txostena onartuta izatea espero du Miguel Buen Pasaiako Portuko Agintaritzako presidenteak.
Inkestaren emaitzak
Gipuzkoako herritarren artean Pasaiako kanpoko portuari buruz egindako inkesta baten berri ere eman zuten, atzo, Miguel Buen Portuko Agintaritzako presidenteak eta Jose Manuel Fernandez Ikerfel enpresako zuzendariak. Izatez, horixe baitzen atzoko prentsa agerraldiaren gai nagusia. Hala, Gipuzkoako 2.300 herritarri telefonoz egindako inkestaren bidez, gipuzkoarren %61 Pasaiako kanpoko kaiaren alde daudela ondorioztatu dute.
Inkestaren garrantzia azpimarratu zuen Miguel Buenek: «Azkenean, portu berriaren eraikuntzari buruz Pasaiako, inguruetako, eta Gipuzkoa osoko biztanleriak duen sentipenaren benetako argazki zehatza daukagu».
Jose Manuel Fernandez inkesta egin duen Ikerfel enpresako zuzendariak zera azpimarratu zuen: «Eraginetan zenbat eta gehiago sakondu, orduan eta hobeto baloratzen da portua kanpo aldera leku aldatzearen proiektua». Izan ere, inkestaren hasieran galdekatutakoen %46 zeuden kanpoko kaiaren alde, baina amaieran, %61ek erakutsi dute aldeko jarrera. Pasaian, inkestatuen %72k positibotzat jo dute ekimena; Pasaiatik hurbil dauden Donostiako auzoetan, %80k uste dute positiboa dela; Errenterian, %62k, eta Lezon, %45ek.
This entry was posted on Ostirala, maiatza 14th, 2010 at 10:45 am and is filed under Albiste nagusiak, Albiste orokorrak. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.


Have your say
Fields in bold are required. Email addresses are never published or distributed.
Some HTML code is allowed:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <code> <em> <i> <strike> <strong>URIs must be fully qualified (eg: http://www.domainname.com) and all tags must be properly closed.
Line breaks and paragraphs are automatically converted.
Please keep comments relevant. Off-topic, offensive or inappropriate comments may be edited or removed.