Behiak trenari so bezala.Aitor Renteria (iritzi artikulua)
Hausnarrian egotea eginkizun nagusi duten behiek harriduraz begiratzen diote ufaka eta orro eginez pasatzen den trenari. Harridura haien begitartean, Baionako suprefeturatik ateratzean, Lapurdiko hautetsien aurpegian irakur zitekeen harridura bera. Frantziako gobernuak AHT xedea aztertzeko ardura eman zion Marie Line Meaux andereari duela hiru hilabete. Nehork zalantzarik bazuen, ezinago argi mintzatu zen atzo. Lapurdiko AHT bide berria eginen da. 2011ko udarako behin-betiko ibilbidea zehaztea eskatu zuen gainera andereak.
info gehiago: http://www.kazeta.info/iritzia/Aitor_Renteria/behiak-trenari-so-bezala
Mandataria, ez bitartekaria. Zeinek asmatu zuen ba, zerbaiten bitartekari gisa zetorrela? AHT xedea aitzinarazi eta trabak kentzeko agindu zion Frantziako gobernuak. Hitzetik hortzera bete du lan hori eta badoa. Hiru hilabetez ibilbide birtuala egin du, hastapenetik denek zekiena jakinarazteko. Egingarria da.
Hautetsiak haserre atera zirela diote hedabide ugarik. Egia da batzuk haserre atera zirela, baina aldi berean, egia hautetsi gehienek hedabideen galderei ihes egin zietela bilkuratik atera bezain laster. Anartean mandataria prentsaurrekoa ematen hasi zen, harriduraz. Tokiko hedabideak tokiko hautetsien iritzia bilatzen gelditu ziren Suprefetura atarian, haren bilduma zorrotza berantetsiz. Iragarritako erabakia.
Galdera ugari geldituko dira airean, pilotari huts egin dion pilotariak bere burua madarikatzen duen bezala. Zergatik aitortu diote bitartekari izana, bitartekari gisa ez zetorrenari? Zergatik igurikatu dute 2010era bitartekariaren bilduma eskuratzeko? Eztabaida publikoa 2006an izan zen. Orduan hautetsi gutxi joan ziren bilkuretara eta gutxiago izan ziren mintzatzera edo zalantzak aurkeztera menturatu zirenak. “Hilda gero, salda bero” dio erranak eta horrela jokatu du Frantziak. Eztabaida publiko hartan, RFF konpainiak aurkeztutako datu gehienak faltsuak ziren. Erakunde publikoa da RFF. Nola onar daiteke erakunde publiko batek tren kopuruak, garraio kopuruak eta eskura zuen guztia faltsutzea? Hautetsiek ez dute RFF auzitara eraman. Helburu bakarra zeukan RFFk. AHT bide berria egitea eta horretarako milioika euro xahutu dituzte. Antzerkiak beti uzten du irria edo negarra. Baina errealitateari buruzko antzerkia zen eta badirudi hautetsiek ez dutela oraindik ulertu.
Bilkuraz bilkura, harriduraz ikusten dute nola xehetasun bakoitzak eragozpen eta txikizio handiagoak eragiten dituen. Bidea lurperatzea eskatu zuten, pentsatu gabe segurtasun neurriengatik tunelaren saihetsetan segurtasun bideak egin behar zirela. Lurperatzea eskatu zuten, ulertu gabe tunela ez dela lurperatzeko metodo bakarra. Aiseago egin daiteke mendia moztu eta ondoren demasia estali. Konturatzen ari dira, baina berandu xamar.
Elkartasunera deitzen dute hautetsiek. Baina Baionako bilkuran hautetsi handiak falta ziren. Jean Grenet Baionako auzapez eta diputatua ez zen joan. Didier Borotra Miarritzeko auzapez eta senataria ere ez. Ezta Jean Espilondo Angeluko auzapeza. Nafarroa Beheretik ere AHTren sostengu irrintziak entzun dira. Nafarroaz gaindiko autobidea madarikatu zuen Frantxua Maitia Akitaniako Kontseilariarena ahotsa horietan indartsuena. Herriari galdetzea gaitzetsi zuen Alain Roussetek. Aldiz, traba guztiak gaindituz egin den herri galdeketa bakanei erreferendum balioa aitortzen die orain AHTren beharra azpimarratzeko.
Harriduratik zentzura pasatzeko garaia da. Zer du berezi AHT xedeak? Berriz ere Parisek erabakitako xede bat da, Ipar Euskal Herriak eskatu ez duena. Berriz ere, gezurretan aritu dira errealitatea gordetzeko. Berriz ere, tokiko hautetsien iritziak ez du balio, ez dutelako erabakitzeko eskumenik. Eta gainera ordaintzea eskatzen diete, herri eta herri elkargoen etorkizuna urte luzetarako hipotekatuz.
Trenbidea egin bitartean manifestazio jendetsuak deituko dituzte, gehienez bat edo bi. Ez dute gelditzea lortuko baina bederen, ahal zuten guztia egin dutela erranen dute hautetsiek. Guztia? Aginduaren gainetik zuzentasuna dago, eskubidea, justizia. Intsumisioa bultzatzea gehiegi eskatzea da?
Txalotuko nituzke haserre gorrian dauden hautetsi horiek, indusketa trenei kateatuko balira eta lanak gelditu. Edo errepideetan gaindi ibiliko diren kamioen pasabidea oztopatuko balute. Etengabeko borroka abiatuko balute. Hautetsien gehiengo zabala xedearen kontra dago, herritarren gehiengoa bezala. Ororen buru, garaipena ez da trena gelditzea, erabakitzeko eskubidea lortzea baizik. Eta ez dago hori lortzerik Ipar Euskal Herriaren erakundetzea lortu ezean, autonomia zabal bat lortu ezean. Edo Gabi Mouescak zioen bezala, autonomia osoa, erabateko interdependentzia edo Aberri Egunean oihukatu bezala, independentzia. Baina ez da hitz jokoen eztabaidan erortzeko garaia, garaipenak lortzeko unea baizik.
This entry was posted on Igandea, maiatza 16th, 2010 at 12:57 pm and is filed under Albiste nagusiak, Albiste orokorrak, Iritzia. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.


Have your say
Fields in bold are required. Email addresses are never published or distributed.
Some HTML code is allowed:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <code> <em> <i> <strike> <strong>URIs must be fully qualified (eg: http://www.domainname.com) and all tags must be properly closed.
Line breaks and paragraphs are automatically converted.
Please keep comments relevant. Off-topic, offensive or inappropriate comments may be edited or removed.