Iritzia: Desobedientziaren bidetik

 

Egungo demokraziak nagusikeriaz jokatu ohi du eta entzungor egiten dio AHTaren aurkakoen aldarriari. Haien arrazoiak eta bizitza aintzat har ditzaten, AHTaren aurkako ekintzaileek erabili duten bidea ekintza ez-bortitza izan da: desobedientzia, boikota eta laguntza-eza. Ez dituzte hartu, beraz, boteretsuek erabilitako indarkeria bideak; min ematea ez baita ekintzaileen asmoa.

Historian zehar, denok aintzat hartutako hainbat desobedientzia mugimendu zibil izan dira, miresmen eta errespetu unibertsalak jaso dituztenak. Adibiderik ezagunenetakoa Gandhi da. Indiar mordoak egin zuen bat harekin, gatza ateratzeko asmoz itsasora egindako martxan, ingelesen debekuari aurre eginez. Estatu Batuetako afroamerikarren segregazioaren bukaerako bidea Rosa Parks-ek autobusean bere eserlekua gizonezko zuri bati uzteari uko egin zionean hasi zen.Himalayako Chipko emakumeek zuhaitzak besarkatzen zituzten hauen mozketa oztopatuz, zuhaitzak eguneroko bizigaiez hornitzeko ezinbezteko zituztelako. Estatu Batuetako eta Kanadiako aktibistak sekuoietara igotzen ziren hauen mozketa ere oztopatuz. Gurean insumisioa eta Itoitzeko urtegiaren aurkako mugimendua ere ezagunak izan ziren.

AHTaren kontrako desobedientzia zibila Italiako iparraldean hasi zen. Bertan, hamarkadak daramatzate Turin-Lyon abiadura handiko trenbideari aurre egiten. 2006an, Susa bailarako adin guztietako ehunka biztanlek kanpalekua antolatu zuten obretan. Kanporatu zituzten, baina ekin eta ekin, berriz jarri zuten kanpalekua. Azkenean, Italiako Gobernuak amore eman behar izan zuen eta lanak urteetan egon dira etenda. Bost urte igaro dira eta Italiako Gobernuak ibilbidea aldatu du, oposizioa txikiagoa izan dadin, baina, hala ere, ibilbide berriaren kontra ere bat egin dute gehienek, Magdalenako erresistentzia gunean garbi ikusten den bezala.

AHTaren aurkako Euskal Herriko mugimenduak ere desobedientzia zibilaren bidetik jo du. Hona zenbait adibide: «AHTa ez ordaindu» kanpainaren helburua AHTa diruz ez laguntzea izan da, EuskoTren eta Renfeko txartelak ez ordainduz, bi enpresa horiek AHTaren laguntzaile direlako; zuhaitzetara igotzea, AHTko lanetan bota ez zitzaten; 2010ean, Mariaratz meatzetan, hormigoizko bidoi batzuetan kateatu ziren lau ekintzaile, tuneleko obrak bertan behera utz zitzaten; AHTaren eraikuntzan gutako bakoitzak gutxi gorabehera zenbat ordainduko dugun jakinarazteko, billeteetan zigilua jartzea; AHTaren eraikuntzarako biztanle guztion ordainketa eskatzeko, benetakoen itxura zuten milaka gutun sartzea gutun-ontzietan; obretako makinetan kateatzea, hainbat ordu eraikuntza-lanak geldiarazteko; udaletxeetan egindako protestak, desjabetze prozesuak hainbat hilabete atzeratzeko…

Iparraldean nabarmena da 2011n ehunka pertsonak ez zietela zundaketa-makinei pasatzen utzi, eta Frantziako Estatuak oraintsu jakinarazi du bi urte hartuko dituela Lapurdiko abiadura handiko linearen beharraz hausnartzeko.

2009an ekintzaileek Urbinako lanen lurrak okupatu zituztenean, lurrok jendearentzat duten balioa aldarrikatu nahi zuten. Lurraren txikizioak bertan bizi den herriari hondamena dakarkio, ekosistema eta bioaniztasunaren babesleku izateaz gain bertan bizi diren pertsonen euskarri kultural eta materiala delako lurra. Kasu honetan, gainera, lurraren jabetzaz gain, lur horren etorkizunaz erabakitzeko dugun eskubidea ere galdu dugu.

Estatuak desobedientzia ekintza ez-biolentoei erantzun egokia ematen ikasi behar du, polizia eta lege-indarkeria albo batera utziz eta nagusikeria ez erabiliz gizartearen eskaerei erantzuteko. Gogora dezagun, bide batez, 18/98 sumarioa. Auzitegi Gorenak Joxemi Zumalabe errugabe hartu zuen honakoa argudiatuz: «Desobedientzia zibila Estatuari aurre egiteko zilegizko bidea da eta pentsamolde edo ideologioa hori gizarte demokratiko batean onartu behar da». ( «La desobediencia civil puede ser concebida como un método legítimo de disidencia frente al Estado, debiendo ser admitida tal forma de pensamiento e ideología en el seno de una sociedad democrática»).

Gizarte bakea ez da paralisia edo gatazka-ezarekin nahasi behar, eta gatazkak konpontzeko bideak lege barruan egongo dira jendearen aldarriari erantzuten zaion neurrian. 15-M inguruan sortutako nazioarteko mugimenduek ere egungo sistemaren demokrazia-eza agerian utzi nahi dute. Horri erantzuteko, Euskal Herriak argi dauka bortizkeria albo batera utzi nahi duela, eta AHTaren aurkako mugimendua desobedientzia zibileko ekintza ez-bortitzen bidez jendarteak bere boterea jokoan jar dezakeela erakusten ari da.

Gorka (AHT Gelditu Galdakao), Rosa Lago (Ekologistak Martxan)


 

This entry was posted on Ostirala, urria 21st, 2011 at 17:27 and is filed under Albiste nagusiak, Albiste orokorrak, Iritzia. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.

Iruzkinik ez

Be the first to comment on this entry.

Have your say

Fields in bold are required. Email addresses are never published or distributed.

Some HTML code is allowed:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>
URIs must be fully qualified (eg: http://www.domainname.com) and all tags must be properly closed.

Line breaks and paragraphs are automatically converted.

Please keep comments relevant. Off-topic, offensive or inappropriate comments may be edited or removed.

    AZKENPOSTAK

    1. “Tren sozial eta parte hartzailea” aldarrikatu dute 3000 lagunek Iruñean
    2. Lo haga Madrid o lo haga Geroa Bai… No al TAV!
    3. Una investigación halló indicios de un posible desvío de fondos en las obras de la ‘Y vasca’
    4. Sustrai Erakuntza presenta propuesta alternativa al TAV en Navarra
    5. [prentsa oharra] AHTren proiektu partehartzailea: adimenari iraina
    6. Hendaia-Baiona trenbidea berrituko dute, AHTa erabat baztertua den jakin gabe
    7. [Bergara-Derio] Mendi martxaren kronika (uztailak 16. Azken etapa)
    8. [Bergara-Derio] Mendi martxaren kronika (uztailak 15)
    9. [Bergara-Derio] Mendi-martxaren lehen kronika (uztailak 14)
    10. [prentsaurrekoa] EAJ: ez dugu horrenbesteko porlana irentsi nahi!
  1. ARTXIBOAK


    BILAKETA