Urbina: AHTaren aurkako sei ekintzaile zigortu dituzte

AHTaren aurkako sei ekintzaileri denera hiru urte eta lau hilabeteko zigorra ezarri die Gasteizko Epaitegiak. 2009an Urbinan (Araba) protesta batean Ertzaintzarekin izandako istiluen harira zigortu dituzte, agintariei eraso egitea eta desordena publikoak eragitea egotzita. Seietatik inor ez dute espetxeratuko.

Liskarra 2009ko urtarrilaren 17an gertatu zen, Urbinan. AHT Gelditu taldeak deituta, mila lagun inguruk manifestazioa egin zuten; Urbinako plazatik tren lasterraren lanen eremu batera joan ziren. Epaiaren arabera, zubi bat eraikitzen ari ziren bide bat itxi zuten manifestariek, eta eremua zaintzen ari ziren ertzainei harriak bota zizkieten. Ertzaintza oldartu egin zitzaien, eta istiluak sortu ziren. Ondorioz, polizia eta manifestari batzuk zauritu ziren, eta Ertzaintzak zortzi ekintzaile atxilotu zituen —azkenean, sei auzipetu zituzten—.

Fiskalak guztira bederatzi urteko kartzela zigorra eskatu zuen; defentsak, absoluzioa, baten kasuan izan ezik. Auzipetuetako baten abokatua fiskalarekin akordio batera iritsi zen, ertzain bat jo zuela onartu egin zuen eta. Epaileak urtebeteko kartzela zigorra ezarri dio, ertzaina jotzea leporatuta. Horrez gain, 815 euroko kalte-ordaina eta 180 euroko isuna ordaindu beharko ditu. Beste lauri zazpi hilabeteko zigorra ezarri diete. Desordena publikoak eragitea eta ertzainei erasotzea egozten diete. Haietako bik 120 euroko isuna ere pagatu beharko dute, baita seigarrenak ere. Aralarrek elkartasuna adierazi die sei ekintzaileei; eta erakundeei AHTaren lanak gelditzeko eskatu die.

Arriola Pastorrekin bilduko da

Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburua eta Ana Pastor Espainiako Sustapen ministroa elkartuko dira gaur, Madrilen. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako AHTko inbertsioari eusteko eskatuko dio Arriolak Pastorri. Sailburuaren ustez, «Espainiak duen proiektu garrantzitsuenetako bat da tren lasterrarena» eta Espainiako Gobernuaren eta Jaurlaritzaren arteko elkarlana «funtsezkoa» da. AHTaz gain, beste proiektu batzuk ere aztertuko dituzte gaurko bileran. Besteak beste, Pasaiako kanpoko portua, Lezoko (Gipuzkoa) eta Jundizko (Araba) plataformak.

«Eskubideak galtzen ari gara, errentagarri ez den tren bat egiteko»

«Hausnarketa» sarritan aipatu du Mila Elortza AHT Gelditu! Elkarlaneko kideak Gipuzkoako azpiegiturez jarduteko. Hausnarketa hori sustatzeko, Gipuzkoako Azpiegitura Erraldoien Aurkako Plataforma osatu dute hainbat elkartek, eta hamaika ekitaldi antolatu dituzte urtarrilerako. Manifestazio nazional batekin emango diote amaiera ekintza sortari, otsailaren 4an.

Zein izango da zuen eginbeharra?

Urtarrilerako kanpaina bat prestatu dugu; mendi martxak, mahai inguruak, ibilaldiak… Ekintza ugari, kalera atera eta herritarrei informazioa emateko, Gipuzkoarako zein asmo dagoen jakin dezaten. Manifestazio nazional batekin amaituko dugu kanpaina. Gainera, Gipuzkoako herri guztietan urtarrileko osoko bilkuretan mozio bat aurkezteko asmoa dugu. Uste dugu herriak informazio falta duela, hori eman behar dela eta azpiegitura handien eta proiektu txikitzaileen aurkako borrokari eutsi egin behar diogula, gezur askorekin ari direlako guztia aurrera eramaten.

AHTa, Pasaiako kanpoko kaia, errauste planta, Donostiako metroa, Zubietako kartzela, Hondarribiko aireportua… Nahiko lan baduzue.

Hau bultzatzen dugunok elkarlanerako asmoa dugu, eta argi dago lan asko dugula. Gipuzkoan, kontuan izanda zein lurralde txikia den eta zenbat proiektu egin diren jada, txikizioa ari dira mahai gainean jartzen. Eredua ipintzen dugu zalantzan, eta talde ugari elkartu gara denok dugulako uste bera: eredu hori dela izorratzen gaituena, eta garapenaren eredu hori aldatu beharra dagoela.

Zeri erantzuten dio politika horrek?

Egitasmo horiek egiteko erabiltzen dute «interes orokorra», eta horren izenean, inongo errentagarritasun sozioekonomikorik ez duten proiektuak bideratzen dituzte. Aipatzen dute enplegua sortzen dela proiektu horiekin. Lanpostu horiek, ordea, Euskal Herritik kanpoko lan hitzarmenen araberakoak dira, 12, 14 edo 16 orduko lanegunak dituzte, segurtasun neurri oso txarrekin —ikusi dugu hainbat hildako izan direla AHTaren lanetan—. Herriak eskatzen ari dena kontuan hartu gabe lobby-en eta enpresen interesak betetzen ari dira.

Mapa politikoa aldatu da makroproiektuak dituzten herrietan. Aintzat hartuko da herritarren iritzia?

Proiektu asko Espainiako Sustapen Ministerioarenak dira, eta horietan hemengo erakundeek ere ez dute ahotsik. Argi dugu erabaki horiek ez luketela egon behar instituzioen esku, herritarren esku baizik. Iritzia emateko eta iritzi hori kontuan hartzeko eskubidea dugu. Herri txikiek eskubidea dute euren etorkizunaren jabe izateko, eta ez dute geratu behar goragoko interes orokor horren izenean inongo ahalmenik gabe.

Jaurlaritzak murrizketak egin ditu, baina igo egin du AHTrako diru saila.

Hori da egiten dugun beste salaketa bat. Gastuaren %20 egin da orain arte, eta, beraz, %80 egitea falta da. Gauden krisi egoeran, kapaz dira Jaurlaritza edo Madril gastu horri aurre egiteko? Ez. Horretarako, osasun arloan, hezkuntzan, komunikabideetan, kulturan, euskaran, eta abarretan ari dira murrizten. Itxaropena dugu herritarrak esnatu eta konturatuko direla kalera irten beharra dagoela ehun urtean izerdi askorekin lortutako eskubide apurrak ez galtzeko. Eskubideak galtzen ari gara, zer eta errentagarria ez den tren bat egiteko, ikusten ari baikara Espainian bi linea itxi dituztela, ez direlako gai mantentze lanak ordaintzeko ere. Gera ditzagun proiektu horiek, eta azter dezagun zein eredu nahi dugun.

Hondarribiko aireportua handitu nahi dute, nahiz eta ehun kilometrora Loiukoa eta Miarritzekoa eduki. Lehian ari al dira administrazioak?

Hori gertatzen ari da azpiegitura guztiekin, ez soilik proiektu handiekin. Denok nahi dugu denetarik eduki. Hausnarketa bat egin behar dugu; garraio publiko on bat eskura izan behar dugu, zerbitzu asko komunak izan beharko dute, Euskal Herria ez delako hain handia etxean bertan hainbat eta hainbat zerbitzu izateko.

Zubietako errauste plantako lanak eten dituzte sei hilabetez. Zer uste duzue gertatuko dela?

Espero dugu hausnarketa bat egitea zaborren inguruan; argi dago erraustea oso kutsagarria eta garestia dela, baliabideak lapurtzen dituela. Hondakinak gutxitu behar ditugu, eta arduragabekeriaz erosteari utzi behar diogu. Udal gehiago zero zabor ereduan sartzea espero dut, eta iritsiko da momentu bat non errauste planta ez dugun beharko, ez dugulako izango zer erre.

Garraio publiko on baten garrantzia azpimarratu duzu.

Paris eta Madrilekiko loturak bultzatzen dira, herrietan eguneroko loturak ziurtatuta ez dauden bitartean. Ez da errentagarria autobus zerbitzu bat ezartzea biztanle gutxiko herrientzat. Bizikleten eta oinezkoentzat lehentasunezko bideak ezartzea, garraio partikularraren erabilera ez saritzea… Politika asko daude egiteko alor horretan. Herriek eskumen gehiago behar dituzte, baina ikusi dugu azken urteetan, gehituz joan beharrean, gutxitzen doazela, herriak inongo gaitasun ekonomikorik gabe uzten ari direla; figura huts bihurtzen ari dira udalak, eta horiek dira herritarrengandik gertuen dauden erakundeak.

 

This entry was posted on Osteguna, urtarrila 12th, 2012 at 1:45 pm and is filed under Albiste nagusiak, Albiste orokorrak. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.

Iruzkinik ez

Be the first to comment on this entry.

Have your say

Fields in bold are required. Email addresses are never published or distributed.

Some HTML code is allowed:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <code> <em> <i> <strike> <strong>
URIs must be fully qualified (eg: http://www.domainname.com) and all tags must be properly closed.

Line breaks and paragraphs are automatically converted.

Please keep comments relevant. Off-topic, offensive or inappropriate comments may be edited or removed.

    AZKENPOSTAK

    1. Artículo de opinión: por un nuevo modelo social y económico para Nafarroa
    2. Ana Pastor revela que Fomento tiene una deuda de 40.000 millones de euros
    3. Ehunka herritar bildu dira Baionan AHTren alde EAE-Akitaniako agintariek antolatu bilkura salatzeko
    4. Campaña informativa sobre el proyecto del TAV en pueblos del Sur de Navarra
    5. Siguen los accidentes laborales en las obras del TAV: 3 nuevos heridos.
    6. Gipuzkoan beste gizarte eredu bat posible dela aldarrikatu dute
    7. Opositores al TAV interpelan a la oposición del Aymto. de Donostia
    8. Italian AHTaren aurkako ekintzaileen kontra sarekada bat egin dute
    9. Sábado 28 de enero, en Marcilla, charla sobre el proyecto del TAV
    10. Gipuzkoa, Infraestructuras STOP!! Actividades organizadas hasta el 4 de febrero

  1. BILAKETA