Gipuzkoan azpiegitura lan handiak geldiaraztea eskatzeko mobilizaziorako deialdia

Hainbat proiektu eta azpiegitura-lan erasokorren oposizioan eta herritarren ongizatea nahiz ingurumenarekiko errespetua ardatz izango dituen ereduaren alde lanean urteak daramaten herri mugimenduek eta taldeek Gipuzkoan elkarrekin herri-mobilizazio dinamika berria abian jarri eta azpiegitura-lan handiak gelditzeko eta garapen ereduaren aldaketa sakon baten beharra aldarrikatzeko manifestazio bateratua deitu dute, otsailaren 4an Donostian. Herri mugimenduen baterako ekimen honek herritarren presioari eta jendartearen mobilizazioari dei egiten die, hain zuzen ere ingurumenean, ekonomian eta gizarte arloan kalte larriak eragiten dituzten era guztietako azpiegitura-lan handien alde presionatzeko azken hileotan Gipuzkoan egiten ari diren kanpaina politiko eta mediatikoari erantzuteko: tartean daude AHTa, errauskailua, Jaizkibelgo superportua, Oiartzun-Lezo-Gaintxurizketako plataforma logistikoa, Donostialdeko Metroa, Hondarribiako aireportuaren hedapena, Zubietako makro-espetxea, ingurabideak, e.a. Horrenbestez, uneotan herritarrek presioa egiteak duen garrantzia azpimarratu eta jendarte osoari mobilizatzeko deialdia egin nahi diogu: batetik, gure lurralde aski hondatuan eragiten duten makro-proiektuak geldiarazteko; eta bestetik, egungo garapen-eredua aldatzeko atzeraezina den hausnarketa-aldi bat ireki dadin ezinbestekoa den indarra egiteko.

GIPUZKOAN AZPIEGITURA LAN HANDIAK GELDIARAZTEA

ESKATZEKO MOBILIZAZIORAKO DEIALDIA:

Hainbat egitasmo erasokorren aurkako herri mugimenduek eta taldeek ekimen bateratuak bultzatu dituzte. Otsailaren  4rako manifestazioa deitu dute Donostian

Izan ere, gure ustez funtsezkoa da egungo garapen-eredua aldatze aldera, orain arte inoiz burutu ez den gizarte eztabaida hori bultzatzea. Argi baitago aurkakotasun zabala sortu duten azpiegitura polemiko horiek ez direla herritar bati ala besteari modu isolatuan kalte egiten dioten gertakariak. Garapen eredu baten parte dira eta bere osotasunean hartuta zalantzan jarri behar da.  Gauzak horrela, bizi dugun abagunean eta baita krisialdi ekonomikoaren ondorioz ere, azpiegituren inguruko eztabaida berriro piztu da. Horregatik, “GIPUZKOA DESBERDIN BATEN ALDE, JENDARTE EREDUA ALDATU: AZPIEGITURA-LAN HANDIAK GELDITU!” lelo eta aldarrikapen amankomunarekin bat egin dezaten dei egiten diegu herrietako biztanleei eta talde guztiei, herri mugimenduei, erakunde sozial, ekologista, sindikatu, indar politiko eta udal guztiei. Denon parte-hartzea eta sostengua beharrezkoak izango dira mobilizazio honetan.  

Bistakoa da; Gipuzkoa lurralde txikia da. Baina industria-garapen handiak eraginda, azpiegituren hedapen izugarria jasan du azken urteetan izandako hazkunde eta globalizazio ekonomikoaren aroan. Azpiegituren hedaketa horrek, lurraldea neurrigabe hiritartu eta metropolizatzera darama. Ez hori bakarrik; ingurumen naturalari eraso gogorrak, landa-guneen eta nekazaritzako lurren galera, ingurumena gero eta gehiago artifizializatzea, kutsadura atmosferikoa eta akustikoa, aldaketa klimatikoan eragin handia, eta oro har, narriadura ekologiko nabarmena eta bertako herritarrengan eragin kaltegarriak sortu ditu. Kalte horiek ezin dituzte hala-nolako irudi-kanpainek eta lorategiz hornitzeko lanek ezkutatu.

 Aldi berean, aipagarria da egitasmo handi horiek azken urteotan herritarrengan desadostasun zabala eta gatazkak sorrarazi dituztela. Gainera, nozitutako gardentasun ezak eta gizarte-eztabaida parte-hartzaileen gabeziak, arazoak areagotu besterik ez dituzte egin. Izan ere, azpiegitura-lan handiak eraikitzeko egitasmo horiek modu inposatzailean sustatu dira eta ez dute erabakiak hartzerakoan herritarren eta kalteturiko udalerrien parte-hartzea kontuan hartu.

Azkenik, azpiegitura-lan handietan eginiko diru-baliabideen xahuketak eta inbertsio itzelek nolako zulo ekonomikoa utzi duten azpimarratzekoa da. Azken aldian, ia egunero eman dira argitara inolako errentagarritasunik ez duten hainbat herri-lanekin egin diren gehiegikeria eta “pelotazoak”. Zinez, azpiegitura handien defentsa ofiziala erretolika hutsezko “interes orokorra”ren izenean egin da, baita errentagarritasun sozio-ekonomikoari eta enpleguaren sorrerari dagozkien hipotesi faltsuen gainean ere. Lanpostuei begiratuta, esaterako, Euskal Herriko lan-hitzarmenetatik kanpoko kontratuak izan ohi dira: 12 orduko lanegunak eta lan-segurtasunik gabekoak. Langile ugari hil da baldintza txar hauetan. 

Bide batez, azpiegiturei emandako lehentasunak gastu publiko izugarria ekarri du. Politika xahutzaile honek  zorpetze larria eta ingurumen ondareak hipotekatu ditu. Azken batean, enpresa-interes jakin batzuei mesede egitearren hainbat gizarte-premia alboratu dira; ez dago dirurik ezinbestekoak diren hainbat eta hainbat ekonomia, gizarte eta kultur arloko beste jarduerentzat. Prozesu hauek ondorio sozial oso larriak ekarri dizkigute jadanik; eta  ondorio horiek are larriagoak izango dira etorkizunean, norabidez aldatzen ez badugu, gainean daukagun krisialdi ekonomiko sakona kontuan hartuta.   

Testuinguru honetan, ez da harritzekoa azpiegiturei buruzko eztabaida berriro zabaldu izana. Azpiegituren arloko politikak jendartean desadostasun handia sortu eta herentzia gatazkatsua uzteaz gain, gizarte behar askori erantzuteko baliabiderik ez dago. Horregatik, azpiegitura lan-handien inguruan nagusi zen aho-bateko adostasun instituzionala pitzatu egin da, egoerak eztabaida horretara derrigortzen baitu. Eta gure ustez, garapen-eredua aldatze aldera orain arte inoiz egin ez den eztabaida sozialari ateak irekitzeko aukera dago.

Alabaina, azpiegitura handiak  etengabe eraikitzen tematutako eta ohiko politika desarrollistara moldaturiko klase politikoaren erreakzioa berehalakoa izan da. Honi dagokionean, zenbait ordezkari politikok aldarrikapen sozialak insituzioetan neutralizatu eta blokeatu nahi dituztela salatzen dugu. Azpiegituren aferan dauden interes ekonomiko eta pribatu itzelen sostengatzaile dira, inolako aldaketarik nahi ez dutenak. Gipuzkoako lurraldearen gainean proiektu txikitzaileen presioa mantendu nahi dute, beste behin ere egite kontsumatuen politikari eutsi eta makro-proiektuak ezartzen jarraitzeko asmoz.

Egoera honen aurrean, herri mugimendu gisa independentziarekin eta erabakitasunarekin ekitea dagokigu. Egitasmo horiek geldiarazteko, herritarren ekimena eta mobilizazioa bultzatuta. Edonola ere, erantzun guztiak instituzioetan daudela sinestea okerra litzatekeela badakigu. Gure ustez, lorpenak inoiz erdiestekotan, lehenik eta behin jendartearen kontzientziaren eta ekimenaren emaitza izango baitira. Hortaz, azpiegitura-lan handiak eta proiektu txikitzaileak gelditzeko borrokari eutsi behar diogu, lurraren defentsari eta garapen ereduaren aldaketari zor zaien garrantzia  behin eta berriz azpimarratuta.

Gure lurraldean eragiten jarraitzen duten gizarte eta ingurumen gatazkak:

            Zentzu honetan, gure lurraldean eragiten jarraitzen duten era askotariko gizarte-ingurumen gatazkei buruz ohartarazi behar dugu:

- Azken urte hauetan herritarren artean eztabaida sortu duen proiekturik baldin badago, hori AHTarena da. Gure herrian inoiz egin den azpiegiturarik handi eta garestiena da. Herri honen orografia eta eragin ekologikoa, azpiegitura beharrak, kostua eta ibilbidea arrazoitzat hartuta, milaka izan dira proiektu honen aurka argi agertu diren euskal herritarrak. Bestalde, bistan denez, azpiegituren alorrean, Jaurlaritzaren  apustu  instituzional nagusia izan da. Gaur egun arte obretan egindako gastua, egitasmo osoan egin beharreko guztiaren % 15-20 da gutxi gorabehera. Herritarren aurkakotasun eta zalantza  orokor hau eta gaiaren kudeaketan eztabaida sozialik egon ez izana, bada nahikoa arrazoi, obrak gelditzeko eta herritarrei hitza emateko.  “Euskal Y”-aren obrekin jarraitu beharrean,   garaia da gelditzeko. Krisi ekonomiko egoera larri baten aurrean egonik ere, Jaurlaritzak 2012an AHTren Gipuzkoako zatirako 380 miloi euro bideratuko ditu ordea. Aldi berean, gastu sozialen murrizketa gogorrak iragarri dituen bitartean. Ez da da ulertzekoa ez eta onartzekoa ere. 

- Hondakinen errausketa oso kutsakorra, garestia eta xahutzailea da. Hondakinen sorrera gutxitu ordez, arduragabekeriaz erabili eta botatzeko produktu berrien ekoizpenak lurrari egiten dion kalteaz axolagabetzea dakar. Zubietako errauskailua dela eta, Usurbilgo Itunak eta herri-mugimenduek eskatutako luzamenduak obrak behin-betiko geldiaraztea ekarri behar du. Gipuzkoa osoan, geroz eta udalerri gehiagotan atez-ateko sistemaren bidez hondakinen gaikako bilketa sustatu beharko litzateke, eta gaur egungo zabortegi kutsakorrak ixteko aukera ekarriko duen Zero zabor ereduaren garapena bultzatu. Horrela, hondakinen prebentzioa, birziklapen erreala eta kudeaketa arrazionalago baten aldeko apustua egingo da.

- Jaizkibelgo superportuaren egitasmoa Gipuzkoako kostaldearen aurka burutu nahi duten atentatu ekologiko bortitzena litzateke. Eraikuntza-enpresen eta energia-sektoreko enpresen interesak defendatzen ari dira superportuaren bultzatzaileak, eta bere horretan tematuta jarraitzen dute. Ondorioak, balio goreneko ingurune paregabea suntsitzeaz gain, kostu ekonomiko itzela eta Gipuzkoako gune populatuenetako bat zulo beltz batean bilakatzea lirateke: ondasun kolektiboak, natur baliabideak zein lurzoru publikoak pribatizatuz eta kalteak (ekologiko-ekonomiko-sozialak) gizartearen bizkar utziaz. Superportuari atxikitako Oiartzun-Lezo-Gaintxurizketako plataforma logistikoak, berriz, balio handiko 180Ha nekazaritza-lur suntsituko lituzke, beharrezkoak ditugun tokiko nekazaritza eta elikadura subiranotasuna etorkizunik gabeko hormigoiaren azpian kondenatuz.    

- Donostialdeko LZP-PTPak bultzatutako azpiegitura plan beldurgarria ezin da ahaztu. Oiartzungo bailaratik barrena Iparralderaino AP-8 autopistaren lerro berria, Irungo Olaberrian izugarrizko plataforma logistikoa eta zentral termiko bat jartzeko egitasmoak. Astakeria honen aurkako alegazio kopuruak marka guztiak hautsi zituen.

- Zubietan, errauskailuarentzat gordetako kokapenaren ondo-ondoan, makro-espetxea eta poligono logistiko- industrial erraldoia eraikitzen ari dira.

- Azkenik, bat gatoz aurrez aurre ditugun ingurumen-gatazka berrien larritasunaz ohartarazten ari diren ahotsekin: besteak beste, Nafarroatik eta Bizkaiatik Ezkio-Itsasoraino tentsio handiko lineak eraikitzeko proiektuak daude, Araban gasa Fracking izeneko teknikaren bidez ustiatzeko plana, eta  DOT-Euskal Hiria lurralde-antolamenduaren gidalerroak berehala berraktibatzeko Jaurlaritzak dituen asmoak. Guzti-guztiek, ekologikoki jasangaitza den eta sozialki zalantzan jarritako eredu desarrollista eta neoliberala  babesten dute.

Ondorioz, pertsona guztiak gara kaltetuak; bai egitasmo batek edo besteak berariaz sortutako kalteengatik; eta bai denek batera osatzen duten ereduarengatik ere.

Manifestazioaren aurretiko ekimenak eta jarduerak:

            Hori denagatik, azpiegitura-lan handiak gelditzeko eta ereduaren aldaketa sakon baten beharra aldarrikatzeko egingo den ekimen honekin bat egiteko dei egin nahi diogu gizarte osoari. Mobilizazio dinamika honen harira, urtarrilean zehar Gipuzkoako udal askotan azpiegitura-lan handiak gelditzearen aldeko mozioak aurkeztuko ditugu, kalteturiko inguruneetara martxak egin eta mahai-inguruak eta eztabaidak antolatu (ikus antolatu diren ekintzen egitaraua, azken orrian). Horrez gain, aldarrikapen hauek lantegi, ikastetxe eta kalera zabaltzeko dei egiten dugu. Eta ekimen hauen buruan, manifestaziorako deia egiten dugu, Osailaren  4an, larunbatarekin, Donostian, arratsaldeko 17’30etan Boulevardetik abiatuta. Ahalik eta jende gehien biltzea behar-beharrezkoa izango da, hori baita, azken batean, eguneroko lan iraunkorrarekin batera, gure helburuak lortzeko bide bakarra. 

Deitzaileak:

AHT Gelditu! Elkarlana:.ahtgelditu@ahtgelditu.org

Errausketaren Aurkako Herri Plataformen Koordinakundea: lasarteoriabizirik@yahoo.es

Jaizkibelgo Superportuaren aurkako taldea: Itaka-23@hotmail.com

EHNE:  eneritz.ehne@gmail.com.        

AHTren Aurkako Asanblada:  ahtezhernani@gmail.com

PTPren aurkako Oiartzungo taldea: kepaola@telefonica.net.

Mutriku Natur Taldea:  txanbolin@gmail.com.

Gipuzkoa Zero Zabor: gipuzkoazz@gmail.com

 

Sostengatzen dute:

Deialdia zabalik dago sostengua eman nahi dioten mugimendu eta erakundeen atxikimenduak jasotzeko. Orain arte honako sostengu hauek jaso ditu:

-15-M

-Ekologistak Martxan

-Eguzki

-ESK

-LAB

-CNT

-CGT-LKN

-Alternatiba

-Ezker Abertzalea

-Antikapitalistak

-Gorripidea

-Ezker Anitzak-IU

-EPK-PCE

-Aralar

-Lizargorri Taldea

 

 

This entry was posted on Ostirala, urtarrila 13th, 2012 at 4:17 pm and is filed under Albiste nagusiak, Albiste orokorrak. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.

Iruzkinik ez

Be the first to comment on this entry.

Have your say

Fields in bold are required. Email addresses are never published or distributed.

Some HTML code is allowed:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <code> <em> <i> <strike> <strong>
URIs must be fully qualified (eg: http://www.domainname.com) and all tags must be properly closed.

Line breaks and paragraphs are automatically converted.

Please keep comments relevant. Off-topic, offensive or inappropriate comments may be edited or removed.

    AZKENPOSTAK

    1. Paran las obras del TAV en Cadreita durante 15 minutos
    2. Maiatzak 23, Donostian, epaiketa eta elkartasun elkarretaratzea
    3. Donostialdean Hitzaldiak, Igande pasa, Batzarra, Mendi martxa. M14-E26
    4. Maiatzaren lehena, Arratia-Hego Uribe martxa. “AHT sakratua”
    5. UPNk onartu du Castejon eta Iruñea artean baino ez dutela eginen AHTa
    6. Zarraluqui admite que el TAV en Nafarroa se limitará a la línea Iruñea-Castejón
    7. AHT Gelditu denuncia en Iruñea el replanteamiento de la obra del TAV en Navarra
    8. 27 de abril Día contra el TAV en la zona de Barañain-Etxabakoitz y Zizur
    9. Comienzan las obras del TAV del tramo Castejón-Cadreita, en la Ribera navarra
    10. Artikulua:”Ipar Euskal Herriko AHTren obrak ez du lehentasunik”

  1. BILAKETA