U-21: Xahuketarik EZ! AHTrik EZ! Manifestazioa Tolosan
Krisi ekonomikoan bete-betean gauden honetan, Tolosaldeko AHT Gelditu! Elkarlanak zein beste eragilek AHTak eragiten dituen diru xahuketak salatu nahi ditu. EAEko 2012ko aurrekontu nagusiaren arabera, osasunerako, hezkuntzarako eta jendarte-babeserako ia 57 milioi gutxiago izango ditugu, AHTn 380 milioi xahutzen dituzten bitartean. Tolosaldean ere, osasungintza pribatizatzearen aurkako mobilizazioak adierazgarriak dira. Beste alorretako aurrekontuak murrizten dituzten bitartean (lankidetza, kultura, etxebizitza), AHTren xahuketak aurrera darrai, are larriagoa dena, aurreikusitako dirutza baino gehiago ari dira xahutzen.
Behin eta berriz aipatzen dute garapen ekonomikorako AHT ezinbestekoa dela, baina gezur galanta da. Rentabilidad Social del proyecto de conexión de alta velocidad ferroviaria en Navarra txostena irakurri besterik ez dago, penintsulako abiadura handiko linea bat bera ere errentagarria ez dela egiaztatzeko. Bestalde, lanpostuak sortzea dakarrela diote. Zeri esaten diozue lanpostua? Euskal Herriko lan-hitzarmenetik kanpoko kontratuak dira, 12 orduko lanegunekoak eta lan segurtasun eskasekoak, hain eskasekoak non gaurdaino bost langile hil diren. Onartezina da. Argi geratzen dena da ez duela lan duinik sortzen, alderantziz, prekarietatea bultzatzen du.

Era berean, nazkatuta gaude geldiezina dela entzuteaz. Orain arteko lanek naturari eta jendarteari kalte handia egin badiote ere, AHT Gelditu! Elkarlanak berriki argitaratu duen txostenak dienaren arabera, AHTren % 15-20 baino ez dute eraiki eta, beraz, argi dugu azpiegitura ikaragarri hau geratzeko une egokia dela. Ikusi besterik ez dago, Tolosaldean hasi baino ez direla egin. Alegia eta Tolosan mugimenduak ikus daitezke, baina, argi izan, Hernialde, Anoeta, Asteasu, Zizurkil eta Adunan hasteke daudela oraindik. Momentu honetan, Tolosako egoera dugu azpimarratzekoa. Ikaztegietan eta Aldaban izaten diren eztanda dardaratsu eta burrunbatsuak hedatzen ari dira, Urkizun zulatzen hasi diren tunela dela eta. Hau guztia gutxi balitz, goi tentsioko sarea datorkigu, AHT elikatzeko helburuarekin. Ez diezaiegun utzi gehiago hedatzen!
Geratu nahi badugu, geratuko dugu. Nahi dutena egiten badute, uzten diegulako da. Beraz, irten gaitezen kalera eta borroka dezagun.
Guzti honegatik, ager zaitezte urtarrilaren 21ean Tolosan egingo den manifestazio burrunbatsura. Triangelutik irtengo da eguerdiko 12:30etan eta ekar ezazu zarata handia egiten duen edozer gauza.
Honez gain, AHTaz gain, kezkatzen gaituzten bestelako proiektuak sakonago ezagutu asmoz, zenbait hitzaldi eta bideo emanaldi antolatu ditugu arratsaldeko 7tan Tolosako Kultur Etxean:
Urtarrilak 18, asteazkena: Errauskailurik EZ! hitzaldia Gipuzkoako Errausketaren Aurkako Herri Plataformen koordinadoraren eskutik.
Urtarrilak 19, osteguna: AUTOPISTA ELEKTRIKOA KEZKA ITURRI.Bideo emanaldia:
Goi-tentsioa Muruarte-Kastejoneko linea eletrikoari buruzkoa (orain Tolosaldetik pasatzeko asmoa dutena), honen aurka egin iren protesten berri ere ematen du. La MAT ¿A dónde nos lleva el progreso? Herrialde katalanetan goi tentsioko sarearen aurka izandako oposaketa aztertzen da.
Azkenik, aipatu beharrekoa da Gipuzkoako proiektu eta azpiegitura handien aurkako taldeak elkartu garela. Helburu argia dugu, hauek geratzea eta garapen ereduan egin beharreko aldaketa sakonak aldarrikatzea. Dinamika berri honi bultzada eman asmoz, otsailaren 4an, larunbata, arratsaldeko 17:30etan Donostian Gipuzkoa berri baten alde: azpiegitura eta lan handiak geratu! lemapean egingo den manifestaziorako deialdia egiten dizuegu.
Tolosaldeko AHT Gelditu! Elkarlana
ahteztolosaldea@gmail.com
This entry was posted on Asteazkena, urtarrila 18th, 2012 at 12:54 pm and is filed under Agenda, Albiste nagusiak, Albiste orokorrak. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.


Have your say
Fields in bold are required. Email addresses are never published or distributed.
Some HTML code is allowed:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <code> <em> <i> <strike> <strong>URIs must be fully qualified (eg: http://www.domainname.com) and all tags must be properly closed.
Line breaks and paragraphs are automatically converted.
Please keep comments relevant. Off-topic, offensive or inappropriate comments may be edited or removed.