Frantziak ez ditu AHTaren linea berri batzuk eraikiko, dirua aurrezteko
Egungo proiektuek 260.000 milioi euroko balioa dute. “Azken urteetan hamaika egitasmo proposatu dira batere finantzaziorik eduki gabe”, adierazi du Aurrekontu ministroak.
Frantziako Gobernuak aurreikusita zituen AHTaren linea berri batzuk eraikitzeari uko egin dio, estatuaren aurrekontua orekatzeko asmoz. Hala jakinarazi du gaur Jerome Cahuzac Aurrekontu ministroak (PS) France 2 telebista katean. Oraingoz, ez du zehaztu zein linea geratuko diren egin gabe.
“Azken urteetan hamaika proiektu proposatu dira batere finantzaziorik eduki gabe”, adierazi du Cahuzacek. Horren errudun aurreko gobernua (UMP) jo du, eta salatu du haren “hantustekeriaren” ondorio izan direla proiektuok. Hala, arrazoia eman dio Frantziako Kontu Auzitegiari; izan ere, hainbat egitasmo gauzatzearen beharra eta bereziki AHTa luzatzearen beharra zalantzan jarri baititu, berriki.
Gobernuak 260.000 milioi euroko proiektuak egokitu nahi ditu, eta kontuen ikuskapena agindu du horretarako. “Orain arte lehentasunezko jo ditugun hainbat aukera baztertu eta bestelako beharrak ase beharko ditugu. Bigarren mailako trenbide sareari eustea derrigorrezkoa da, jende andanak erabiltzen duelako”.
Ipar Euskal Herriko abiadura handiko trenaren proiektua geldirik dago aspaldian, gobernua eta udalak ez baitira ibilbide eta finantzazioarekin ados jartzen.
Kostu izugarriari aurre egin ezinik, AHTren proiektu batzuk kolokan dira
Gobernu frantsesak AHT linea berrien proiektuen kostu izugarriari aurre egiterik izango ote duen zalantza agertu zuen atzo Jerome Cahuzac Aurrekonturako estatu-idazkariak. Egun mahai gainean dauden 14 proiektuetatik batzuk bertan behera uzteko aukera aipatu zuen.
Aurreko UMPko Gobernuari «nola finantzatu inondik inora zehaztu gabe, sekulako kostua duten proiektuak aurreikusi» izana aurpegiratuta, Aurrekontuetarako estatu-idazkari Jerome Cahuzacek hautsak harrotu ditu France2 telebista kateari egindako adierazpenekin.
Izan ere, AHTren linea berriak eraikitzeko egun mahai gainean dauden hamalau proiektuetako batzuk bertan behera gera litezkeela aipatu zuen. Proiektu horiek 2020rako amaituta beharko lukete, baina horiek gauzatzeko behar den dirutza (260.000 milioi euro) nondik atera da arazoa.
Aurrekontuak orekatu beharra dagoela nabarmenduta, Kontuen Auzitegiak egindako gomendioak bere egin zituen Cahuzacek eta AHTren proiektu batzuk baztertzearen alde azaldu zen. Alta, ez zuen zehaztu zeintzuk izango liratekeen.
Lehentasuna zalantzan
Hasteko, bederen, ministroak ez du lehentasunezkotzat jotzen egun dauden lineak luzatzea: «Soilik denbora apur bat irabaztearren linea hau edo bestea luzatzea edota bigarren mailako trenbide sarea konpontzea eta mantentzea, bi horietatik zer den egokiago galdetu beharko genioke geure buruari, batez ere, bigarren mailako sareko garraioa askoz ere gehiago erabiltzen dela kontuan hartuta».
Adierazpen horien arabera, Bordele eta Hendaia arteko linea berria zalantzan izan liteke, nahiz eta ardatz Atlantikoan kokatuta egonik, Europak lehentasunezko proiektuen artean sartu zuen.
Cahuzacek kontu-ikuskaritza eskatu du «zer den beharrezko eta zer ez jakiteko eta zer ordaindu dezakegun eta zer ez argiki zehazteko». Horren ondotik jakingo da proiektuak bazterrean geratuko diren ala ez.
AHTren aurkako talde eta hainbat hautetsik pozik hartu dituzte ministroaren iragarpenak. Christine Bessonart Senpereko auzapezak, esaterako, «finantza arazoengatik bada ere, Estatua zentzuz jokatzen» hasi dela nabarmendu du. Ildo beretik, CADEko Pantxo Teillerrek ere «asmo horiek bide onetik» doazela goraipatu du.
Alain Rousset Akitaniako presidenteak (PS), berriz, ez du adierazpenik egin izan nahi. Bere iritzia soilik erabaki finkoak hartzen direnean jakinaraziko duela iragarri du AHTren bultzatzaile sutsuak. Hala eta guztiz ere, Garraio ministroari berehalako hitzordua eskatu dio.
This entry was posted on Asteazkena, uztaila 11th, 2012 at 8:27 pm and is filed under Albiste nagusiak, Albiste orokorrak. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.


Have your say
Fields in bold are required. Email addresses are never published or distributed.
Some HTML code is allowed:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <code> <em> <i> <strike> <strong>URIs must be fully qualified (eg: http://www.domainname.com) and all tags must be properly closed.
Line breaks and paragraphs are automatically converted.
Please keep comments relevant. Off-topic, offensive or inappropriate comments may be edited or removed.