Iparralde: AHTaren aurka bi orenez 2.000 kontrako iritzi bildu dituzte

Ez zutela halakorik espero aitortu du Pantxoa Tellier CADEko kideak. 10:00etan hasi eta hiru oren laurdenen buruan jadanik 500 herritarrek ekarria zieten abiadura handiko trenaren (AHT) bide berriaren proiektuaren aurkako iritzia Urruñako herriko etxera (Lapurdi). AHTaren aurkako elkarteek antolatu inkesta publikoa egin zuten atzo goizean bertan, baita Uztaritzen, Mugerren, eta Landetako beste zenbait herritan ere. Argitaratu berri duten Arantzatsu dokumentuaren karietara, nahi duen oro gonbidatzen dute bere oharrak egitera AHT bide berriaren proiektuaz.

Lapurdiko hiriei dagokienez, bi orenez 2.107 herritarren kontrako iritziak jaso zituzten. Eta litekeena da kopurua emendatzea, aste batez luzatu baitute bilketa. Hiru hirietako herriko etxeetara bidal daitezke oharrak, edo Interneten bidez, www.urrugne.info/epine helbidetik. Oharrak, erreferendumeko kontrakoen izenpetzeak eta Arantzatsu txostenarekin batera, suprefeturara eramatekoak dituzte ondotik.

Arrakastaz kontent agertu zen Tellier, bereziki jakinez Arantzatsu txostena zaila dela: «Baina iduriz, nahiz eta konplikatua izan, jendea interesatu da. Eta hori marka ona da guretzat». Marka ona, prestatzen ari diren urriaren 27ko Baionako manifestaldiari begira: «Izenpetze bilketa honen arrakasta ikusiz, pentsa dezakegu urrian ere izanen dela anitz jende Baionan». Hori baita elkartearen helburuetako bat, mobilizazioa bizirik atxikitzea: «Herritarrak ohartu daitezen proiektu hori ez dela gelditua. Anitzek pentsatzen dute diru eskasagatik ez dela eginen. Baina hori ez da batere egia. Egitasmoa aitzina doa, segitzen du. Bururaino eramanen dute; hori segurtatua da. Horretako gure borroka ez dugu gelditu behar. Proiektua gelditzen badute, ez da diru eskasagatik izanen, baizik eta frogatu dugulako proiektua behar gabekoa dela» Indar joko horretan, «non den indarra» ere erakutsi nahi dute.

Dagoena hobetsi nahi

Herritarrei hitza eman, eta haiek hartu. Herriko etxearen gela beterik, denek badute zer erran atzo goizean Urruñan. Bertaratu Jean Claude Campagnac urruñarrak, adibidez, egitasmoa «zozokeria bat» dela idatzi du inkesta publirako orrietan, eta baita esplikatu ere: «Presatuak direnentzat hegazkina dago edo hobetu daitekeen gaur egungo bidea ere bai». Gaurko bidea hobetzea, hori da gehienik agertzen den oharra. Gauza bera pentsatzen du Mathilde Ordokik: «Jadanik bada bide bat, eta nahi dugu hortik pasa dadin. Ez dugu nahi gure lurrak hondatzea, gure etxeak eramatea».

Azpiegitura berria behargabekoa dela argi dute hurbildu herritarrek, baita herri galdezkaren beharra ere. Francis Ortiz urruñarrak bezala: «Guk behin ere erabiliko ez dugun proiektu inposatuaren aurka garela erakusteko. Ez da oraino irabazia. Irabazia ukanen dugu armak pausatuak ukanen dituztelarik, Alain Rousset ez dugularik gehiago entzunen proiektuaz mintzatzen. Bere mailako hautetsiek erranen digutelarik beste gisa batez antolatuko direla eta gaurko bideekin eginen dutela baieztatuko digutelarik». Hainbat izenpetze, hainbat ohar, batzuk oihuak: «Kontra! Kontra! eta berriz kontra!» eta beste batzuk filosofoago, luze edo labur: «Abiadura gora, bizia behera» dioen oharra bezala; hori bai, aldekorik ez da agertu.

Biztanle bakoitzak urtean 4.880 euro ordaintzeko

CADEk orain berriki aurkeztu du ‘Arantzatsu’ txostena; bertan AHT berria egitea «alferrikako xahutzea» litzatekeela erakusten dute. Frantziako estatua AHT abiadura handiko trenaren egingarritasuna ikertzen ari den unean, CADE ingurumenaren aldeko taldeak jakinarazi du Ipar Euskal Herrian zergak ordaintzen dituen pertsona bakoitzak 4.880 euro ordaindu beharko dituela Tours eta Bordele arteko AHT atalaren lanengatik —horietatik 2.690 euro izango dira interesengatik—.

Arantzasu izena eman diote txostenari CADEko kideek,eta AHTa ez egiteko arrazoiak bildu dituzte testuan. Horrekin batera, xedearen aurkako jarrera erakuts dezaten galdegin die euskal herritarrei, bai herri galdeketetan kontrako iritzia emanez, bai AHTaren aurkako taldeek zabaltzen dituzten izenpetze kanpainetan parte hartuz. Dagoeneko 23.000 herritar pasa dira izenpetu dutenak.

CADEk orain berriki aurkeztu du txostena; bildutako datuak ez dira beharbada berriak, baina bai adierazgarriak: AHT berria egitea «alferrikako xahutzea» litzateke, CADEren iritziz; gaur egungo bideekin aski dela, Frantziako Kontuen Gorteak ohar hori egin dio gobernuari urteko txostenean. Trenbideak «betetzeko» arriskurik ez dago, gaurko bideek 264 tren har ditzateketelako egunero. Eta hobekuntzak egingo balira, 300 tren baino gehiago hartu ahal izango lituzkete.

AHT xedea egingo balitz, 450 hektarea lur hartuko lituzke Lapurdin, 500-600 etxetan eragina izanen luke, eta 60 etxe suntsituko lituzke. Lapurdin urri diren laborantza lurretan eragingo lukeen triskantza konpondu ezina litzateke, CADEko kideek txostenean nabarmendu dutenez.

Gipuzkoa eta Lapurdi arteko trenen lotura ere arazoa da, Arantzatsu txostenaren arabera. Batetik, AHT xedea ez dago garaiera berean; lotura egiteko, Biriatun, Gipuzkoan zein Lapurdin, aldaketak egin beharko lirateke. Horrez gain, Gipuzkoatik heldu den salgaien garraioa bide zaharretatik egin beharko litzateke, RFF konpainiak dioenaren kontrakoa, alegia. Xede berria egin ahal izateko, enpresa pribatuen ekarpena beharko du RFFk. Alta, hastapenean kostuen erdia ordainduko zuela erran zuen arren, ekarpena heren batera apaldu dute enpresek; ordainean, AHTak sortuko lituzkeen etekinak eskuratuko lituzke. Estatua inkesta publikoa egiten ari den unean, xede hori behin betiko baztertzeko unea dela erran du CADEk.

This entry was posted on Igandea, iraila 23rd, 2012 at 2:14 pm and is filed under Albiste nagusiak, Albiste orokorrak. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.

Iruzkinik ez

Be the first to comment on this entry.

Have your say

Fields in bold are required. Email addresses are never published or distributed.

Some HTML code is allowed:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <code> <em> <i> <strike> <strong>
URIs must be fully qualified (eg: http://www.domainname.com) and all tags must be properly closed.

Line breaks and paragraphs are automatically converted.

Please keep comments relevant. Off-topic, offensive or inappropriate comments may be edited or removed.

    AZKENPOSTAK

    1. Paran las obras del TAV en Cadreita durante 15 minutos
    2. Maiatzak 23, Donostian, epaiketa eta elkartasun elkarretaratzea
    3. Donostialdean Hitzaldiak, Igande pasa, Batzarra, Mendi martxa. M14-E26
    4. Maiatzaren lehena, Arratia-Hego Uribe martxa. “AHT sakratua”
    5. UPNk onartu du Castejon eta Iruñea artean baino ez dutela eginen AHTa
    6. Zarraluqui admite que el TAV en Nafarroa se limitará a la línea Iruñea-Castejón
    7. AHT Gelditu denuncia en Iruñea el replanteamiento de la obra del TAV en Navarra
    8. 27 de abril Día contra el TAV en la zona de Barañain-Etxabakoitz y Zizur
    9. Comienzan las obras del TAV del tramo Castejón-Cadreita, en la Ribera navarra
    10. Artikulua:”Ipar Euskal Herriko AHTren obrak ez du lehentasunik”

  1. BILAKETA