UPNk onartu du Castejon eta Iruñea artean baino ez dutela eginen AHTa

«Zurrumurruei» aurre egitera agertu zen Nafarroako Gobernuko Sustapen kontseilari Luis Zarraluki atzo, Nafarroako Parlamentura. Aralar-NaBaik, Sustrai Erakuntza Fundazioak eta AHT Gelditu! Elkarlanak aurreratutakoa onartu bertzerik ez zuen egin, ordea: Nafarroako AHT abiadura handiko trenaren egungo proiektua ez dela eginen. AHTari Castejon eta Iruñea arteko zatian baino ez diote eutsiko. Castejon eta Zaragoza (Espainia) arteko lotura, eta Iruñea eta Gasteiz artekoa, egungo trenbidea moldatuz eginen dute. Beste errail bat jarriko dute, hirugarrena, egungo bidea Europak ezartzen duen zabalerara egokitzeko. Iruñea Euskal Y-arekin Gipuzkoatik lotzeko proiektua, beraz, bazter gelditu da.Info +:Berria

http://paperekoa.berria.info/harian/2013-05-11/002/001/upnk_onartu_du_castejon_eta_iruea_artean_baino_ez_dutela_eginen_ahta.htm

Oraingoz, behintzat. Horixe zehaztu zuen Zarralukik. Kontseilariak argi utzi zuen egungo egoera ekonomikoak bultzatuta egokitu dutela proiektua, eta nabarmendu zuen, batez ere, denbora epeak aldatu direla. Hau da, gaur egun ezin egin daitekeena etorkizunean gauzatzeko aukera ez zuela bazter utziko. Orain mahai gainean jarri duten egitasmoa ere «urrats garrantzitsua» dela erantsi zuen. «Zentzuzkoa, gainera, egungo testuinguruan». Beraz, etorkizunean Castejongo eta Iruñeko loturak abiadura handian egiteko aukera ez zuen baztertu nahi izan. «Eusko Jaurlaritzak Iruñea eta Euskal Y-aren arteko Ezkio-Itsaso bitarteko loturaren alde egiten du. Lanean ari gara haiekin eta Espainiako Gobernuarekin. Madrilera joanen gara alternatibak aztertzera. Ez dugu aukera hori bazter uzten, baina luzera begirako helburua da. 2024rako? Auskalo! Zaila ikusten dut», onartu zuen Zarralukik.

1.200 milioiko aurrekontua

Proiektu berriaren aurrekontua, osoa, 1.200 milioi euro ingurukoa izanen dela azaldu zuen Sustapen kontseilariak. Orain arteko egitasmoarena 4.000 milioi eurokoa zen. Abiadura handiko trenaren kilometro bakoitzaren gastua zenbatekoa den azaldu zuen Zarralukik: Nafarroan, hamar milioi eurokoa. «Hamarrera ez da ailegatzen», zehaztu zuen kontseilariak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, batez beste, 40 milioi euro ingurukoa dela gaineratu zuen. Hirugarren erraila egiteko aukera anitzez ere merkeagoa da, aldiz. «Bi milioi eurokoa da gure aurrekontua, kilometro bakoitzeko, trenbideko langak kendu behar badira. Langak kendu gabe, aurrekontua milioi bat eurokoa da, kilometroko».

Nafarroako Gobernuak Espainiarekin duen akordioaren arabera, lanak Madrilek ordaintzen ditu, baina Nafarroak aurreratzen du dirua. Sistema egokitu nahi du UPNk, kopuru hori Nafarroak urtero Espainiako Gobernuari ematen dion sailetik kentzeko, eta, modu horretan, «lan horiek Nafarroari bertze gasturik ez eragiteko». Zarralukik azaldu zuen proiektuan egindako moldaketak ontzat jo dituela Espainiak, eta, ondorioz, hitzarmen berria sinatu beharko dutela datozen hilabeteetan.

Sustapen Batzordeko parlamentarien artean askotariko iritziak eragin zituzten Zarralukiren atzoko hitzek. PSNko Maite Esporrin haserre agertu zen gobernuak egindako aldaketekin; Bilduk, Aralar-NaBaik eta Ezkerrak, berriz, ontzat jo zituzten. UPNk uste du proiektu berriak «oinarrizko aldaketarik» ez duela eraginen; halaxe erran zuen atzo parlamentuan alderdi horretako parlamentari Marivi Castillok. PPNk, berriz, egoera ekonomikoa kontuan hartuta, «egin beharreko» urratsa zela nabarmendu zuen.

PSNko Maite Esporrinek, berriz, Espainiako Gobernuari eskatu zizkion kontuak. «Ezaugarri behineneko trenaren aldekoak gara gu. Aldaketek Nafarroari egiten diote kalte. PPk proiektuaren alde eginen zuela erran zigun, baina engainatu egin gaitu, beti bezala».

Bertzelako balorazioa egin zuen Bilduko parlamentari Victor Rubiok. Proiektuan egindako aldaketak ontzat eman zituen, eta ontzat eman zuen, halaber, aurrekontuak nabarmen behera egin izana. Castejon eta Iruñea arteko zatian abiadura handiko trenari eustea, hala ere, gogor kritikatu zuen parlamentariak. Izan ere, Zaragozarako eta Gasteizerako bidearekin loturarik gabe, 65 kilometroko irla baten modukoa izanen da AHTa zati horretan. Nafarroako Gobernuak proiektu hori egiteko zer interes duen galdetu zuen parlamentariak. «Asmo horrekin aurrera jarraitzen badu gobernuak, AHTa Los Arcoseko zirkuituaren gisakoa izanen da; hori bai, zuzena».

Aralar-NaBaiko Juan Carlos Longasek Castejon eta Iruñea arteko zatia ere eginen ote duten zalantzan jarri zuen. «Castejon eta Iruñea artekoa izanen da, edo Tafallan geldituko da abiadura handiko trena?», galdetu zion kontseilariari.

Ezkerrako Marisa de Simonek ere «berri ontzat» jo zuen hasierako bidetik 65 kilometro baino ez egitea eta aurrekontua murriztu izana. Castejon eta Iruñea arteko zatia egiteak zentzurik ez duela erantsi zuen, ordea, eta egindako aldaketek agerian utzi dutela «porrot egin» duela gobernuak.

Geroa Baik ere, prentsa ohar baten bidez, «porrot handitzat» jo zuen UPNk ezaugarri behineneko trenari buruz egin duen kudeaketa. Gobernuak Castejon eta Iruñea arteko zatia bakarrik eginen duela onartu eta gero, zati horren inguruko «informazio zehatza» eskatu du koalizioak.

Castejon eta Iruñea arteko AHTaren zatia bertan behera uzteko eskatu zutenekin bat egin zuen AHT Gelditu taldeak atzo. Euskadi Irratian mintzatu zen Gorka Ovejero, Nafarroako presidente Yolanda Barcinari tartakada emateagatik epaituko duten kideetako bat. «Halako zati txikian abiadura handiko trenak ez du zentzurik», erran zuen. Administrazioak AHTaren kostuei aurre egiteko zailtasun handiak dituztela erantsi zuen.

Castejon-Iruñea zatiko aurrekontua 675 milioi eurokoa dela azaldu zuen. Kopuru hori, 65 kilometroko tarterako. Aurreztuko den denborak ere ez duela justifikatzen gaineratu zuen. Gaur egungo Iruñea eta Madril arteko bidaiarekin alderatuta, 25-30 minutu aurreztuko dira, Luis Zarraluki kontseilariaren hitzetan. Ovejeroren arabera, Castejon eta Iruñea arteko zatian zortzi minutu baino ez lirateke aurreztuko. AHTarentzat dirurik ez dela eta loturarik gabeko zatiak zentzugabekeria direla berretsi zuen.

Bi uharte eta basamortu bat

http://paperekoa.berria.info/harian/2013-05-11/003/001/bi_uharte_eta_basamortu_bat.htm

Iazko urrian izan zen, Nafarroako Parlamentuko batzorde batean. Yolanda Barcina presidenteak Manu Aierdi Geroa Baiko parlamentarioaren galdera bati erantzun zion proiektu estrategikoei buruz. Haien artean kokatu zuen presidenteak abiadura handiko trena (AHT). «Ezin ditugu obrak gelditu. Ziur naiz berehala lotuko dugula Euskal Y-arekin, eta, haren bidez, Frantziarekin».

Atzo mapa bat eman zien Luis Zarraluki Sustapen kontseilariak parlamentariei eta kazetariei. Hartan, Castejon eta Iruñea arteko AHT zatia baino ez da ageri, hegoaldetik eta iparraldetik bakartuta. «Uharte bat», Yolanda Barcina UPNko presidenteak berak aste honetan adierazi duenez.

Alegia, Frantziarekin loturarik ez. Madrilekin ere ez. Eta galdera berehala dator: zertarako Castejon eta Iruñea arteko loturarik gabeko AHT zati hori? Berez, gastu itzela eskatzen du obra horrek, eta hasi baino ez dute egin. Oraingoz Castejon eta Alesbes arteko zatian bakarrik sartu dira makinak, eta aurrekontu osoaren zati ñimiño bat besterik ez du erabili administrazioak: hamasei milioi euro inguru. Erraza luke Barcinaren gobernuak: lanak bertan behera utzi, eta, kasik inolako ondoriorik gabe, 1.200 milioi euro aurrezteko moduan legoke. Ederki etorriko litzaioke dirutza hori presidenteari, besteak beste, azkenaldian bere guraizeek ederki astindu dituzten osasunean, hezkuntzan eta gizarte politiketan inbertsioak egiteko.

Nafarroan uharte bat izango da AHTa. Eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere ikusteko dago. Izan ere, hurrengo hilabetean erabaki behar du François Hollanderen gobernuak ea Lapurdiko AHTa eraikiko duen. Gobernuak mahai gainean dituen txosten gehienek —besteak beste, Mugikortasuna 21 Batzordeak egindakoak— zati hori baztertzeko aholkatzen diote, Bordele eta Tolosa (Okzitania) artekoa lehenetsita.

Burgos eta Gasteiz arteko tartean obrak ez dituzte hasi ere egin, eta ez dago horretarako eperik. Berriki Burgosko gobernu ordezkariordeak Ventas de Baños-Burgos zatiko lanetara egindako bisita batean adierazi du korridore horrek zati konplexu batzuk dituela —adibidez, Pancorboko haitzartetik igarotzea— eta ez dutela oraindik zehaztu nola egin. Eta, hori gutxi balitz, Bilbo, Gasteiz eta Donostiako geltoki berrien proiektuak oraindik ez daude guztiz zehaztuta. Aurreko Jaurlaritzako agintariek aitortu zuten behin-behineko loturak egingo dituztela geltoki zaharretara, berriak eraiki bitartean. Horri denari erantsi behar zaio berehala zuzentzeko itxurarik ez duen egoera ekonomiko txarra.

Iaz Eusko Jaurlaritzak ‘Euskal Y’-a: herri proiektu bat, nazioarteko lotura bat txostena aurkeztu zuen, eta lehen lerroetan azaldu zuen azpiegituraren xedea: «Europarekiko trenbide bidezko integrazio egoki bat bermatzea». Denbora badoa eta gero eta lausoago geratzen ari da argudio hori. Eta, bidenabar, gero eta zalantzazkoagoa da agintariek urte hauetan egin duten kudeaketa. Tren lasterrak kilometro askotara dauden hiriak lotzeko egin ohi dira munduan. Euskal Herrian loturarik gabeko bi trenbide daude, oraingoz, eraikitze bidean. Ia 2.000 milioi euro gastatuta. Paris eta Madril, lehen bezain urrun. Bi uharte, eta, erdian, basamortu bat.

This entry was posted on Larunbata, maiatza 11th, 2013 at 2:43 pm and is filed under Albiste nagusiak, Albiste orokorrak. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.

WordPress database error: [Table './ahtgel5_ahtgelditu/wp_comments' is marked as crashed and should be repaired]
SELECT * FROM wp_comments WHERE comment_post_ID = '2300' AND comment_approved = '1' ORDER BY comment_date

Iruzkinik ez

Be the first to comment on this entry.

Have your say

Fields in bold are required. Email addresses are never published or distributed.

Some HTML code is allowed:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <code> <em> <i> <strike> <strong>
URIs must be fully qualified (eg: http://www.domainname.com) and all tags must be properly closed.

Line breaks and paragraphs are automatically converted.

Please keep comments relevant. Off-topic, offensive or inappropriate comments may be edited or removed.

    AZKENPOSTAK

    1. Concentración 2 Setiembre ante Juzgados de Tudela: TAV Stop!
    2. Sustrai denuncia que los tribunales no paralizan las ilegales obras del TAV en Navarra
    3. La CEOE reitera que no quiere alta velocidad en mercancías
    4. Oregik “ia ziurtzat” jo du AHTaren Zumarragako tunelerako aurrekontua igoko dutela
    5. Crónica final de la II Marcha de bicis desobediente contra el TAV
    6. La II marcha de bicis desobediente contra el TAV enfila su recta final
    7. El 16 de Julio varios opositores al TAV de Euskal Herria fueron detenidos en Val Susa
    8. Nota de AHT Gelditu Tolosaldea ante la detención de Xabier Otegi
    9. Uzt.25 - Abuzt.2: AHTren aurkako II. Bizikleta Martxa Desobeditzailea (Durango-Bilbo)
    10. [Zumárraga] El derrumbe en el mayor túnel del TAV destapa graves irregularidades

  1. BILAKETA