Inkesta parlamentariekin. AHTa: zirt edo zart

Kezkatuta daude ordezkari politikoak tren lasterraren inguruan Madrildik eta Paristik heldu diren azken albisteekin. Loturarik gabe geratuko balitz ere, obrekin jarraitzearen alde daude alderdi gehienak. BERRIA-k galdetegi bat bidali die Eusko Legebiltzarreko eta Nafarroako Parlamentuko alderdiei, abiadura handiko trenaren (AHT) inguruan izan diren azken albisteen inguruan. Hona jasotako erantzunak.

http://paperekoa.berria.info/harian/2013-07-07/002/001/ahta_zirt_edo_zart.htm

Iñaki Petxarroman-Edurne Elizondo

GALDERAK

1. Ipar eta Hego, badirudi abiadura handiko trena (AHT) loturarik gabeko tren bat izango dela. Nola hartu dituzue AHTaren inguruan izan diren azken albisteak?

2. Planteatu beharko litzateke berriro obra honen etorkizuna, edo aurrera jarraitu beharko litzateke bukatu arte?

3. Zer egiteko asmo dauka zure alderdiak egoera honen inguruan?

NORBERTO ALDAITURRIAGA (EAJ)

«Euskadi eraikitzeko balioko du, hiru hiriburuak lotuko dituelako»

1. Ipar eta hegoaldeko loturei buruz Frantziako eta Espainiako Estatuen esku dauden obren atzerapenaren inguruan izan diren azken albisteak kezkarekin jaso ditugu. Izan ere, hala gertatuko balitz, berriz ere atzeratuko da Europa lehentasunezko sare baten eraikuntza.

2. Uste dugu tren lasterraren obrekin jarraitu behar dugula, nahiz eta amaitzen denean ez eduki loturarik ezaugarri bereko ezein lerrorekin. Estatuek proiektu honi dagozkion zatiak eraikitzen ez dituzten bitartean, indarrean dagoen ardatz europar honetako sarearekin egin beharko da behin-behineko lotura. Jaurlaritzari dagokion zatia amaitzen denean, hasierako proiektuak zuen potentzialtasunetik urruti geratuko balitz ere, bukatutako azpiegiturak balioko du Euskadi eraikitzeko EAEko hiru hiriburuak lotuko dituelako, eta haien arteko garraio arazoak gutxituko dituelako.

3. Gure taldearen asmoa da proiektua bultzatzen jarraitzea. Proiektu hau babesten dugu enpleguan, gure industriaren lehiakortasunean, gizarte honen komunikazioaren hobekuntzan, barruko mugikortasunean eta ingurumenaren hobekuntzan —C02 isurketak gutxituko dituelako— izango duen eragin onagatik. Horren konpromiso estua dugu obra honekin, ezen eskatzen diogu Espainiako Gobernuari Eusko Jaurlaritzari emateko bere gain hartu ezin dituen proiektuaren zatiak, Kontzertu Ekonomikoaren bidez buka dadin haren finantzaketa.

OSKAR MATUTE (EH Bildu)

«Obrak gelditzeko garaia da»

1. Azken albisteek agerian uzten dute EH Bildu aspaldi esaten ari dena: proiektu hau oinarritzen da makroazpiegituren eraikuntza ardatz zuen desarrollismo zaharkitu batean. Sekula ez da onuragarria izan, ingurumen kaltearengatik eta barruko eskualdeen desegituratzeagatik. Eraso ekonomiko, ekologiko eta sozial hau aurrera eramateko zeukaten argudio nagusia —Madril eta Parisekin lotura azkar bat izatea— ez dela benetakoa ikusten ari gara. Kapitalismoaren erasotik babesteko beharrezkoa den diru publikoa alferrik galtzen ari gara enpresa handi batzuen behar ekonomikoei erantzuteko.

2. Obrak gelditzeko unea da, eta xahutzen ari den dirua oinarrizko gizarte beharretarako erabiltzeko. Aldi berean, behar dugun mugikortasun eta garraio ereduari buruzko gizarte eztabaida bat zabaldu behar da. Eztabaida horrekin ikusiko dugu zer egin hasierako egoerara itzuli ezin den horrekin, nahiz eta guretzat desiragarria litzatekeen egin diren zementuzko orbain guztiak zuzentzea.

3.EH Bildun jarraituko dugu ahalegintzen azpiegiturak izan daitezen gizartearen gehiengoaren beharren araberakoak, eta ez euren lagun enpresariak gogobete nahi duten ikuspegi motzeko buru batzuen apeta. AHTa geratzea zentzuaren eta Ama Lurraren errespetuaren bidera itzultzea da, sekula galdu behar ez genuen bidera. EH Bilduk ekonomia ekologizatu nahi du. Baina badira hiru alderdi ohartu behar direnak AHTa hiru hiriburu batuko dituen tranbia bat besterik ez dela, onura sozialik gabea. Alegia, proiektu honi etengabe diru itzela ematen dioten EAJ, PSE eta PP. Kostako da, baina benetan herritarrengan pentsatzen badute, haiek ere ohartuko dira ez dugula tren hau behar.

IÑAKI ZABALLOS (PSE-EE)

«Ezinbestekoa da XXI. mendeko gizartea egituratzeko»

1. PSE-EEn ikusten dugu, arrazoi bat edo bestea dela, EAJ gobernuan den bakoitzean proiektu hau ez aurrera ez atzera geratzen dela. Eusko Jaurlaritzara iristean indarra eta abiadura eman genizkion proiektuar,i eta gobernu berriari egoera inbidiagarri bat utzi, sare atlantiarra lehentasunezko Europako proiektuen artean sartuta. Segur aski, oraingo albiste txar hauek zerikusia daukate EAJren gobernu honen kudeaketa txar eta ekimen ezarekin. Uste dugu Jaurlaritzak zorrotz jokatu behar duela, eta eskatu behar diola Sustapen Ministerioari bi hilabeteko epean aurkez dezala inbertsio plan zehatz bat —lizitazio eta bukaerako datak zehaztuta— Gasteiz eta Burgos arteko zatirako eta baita Euskal Y-aren eta Iruñearen arteko zatirako.

2. Proiektu estrategikoa da Euskadirentzat. Trenbide garraioaren aro garaikidean kokatzen gaitu, gure hiriburuak lotzen ditu, eta Europa eta Espainiarekin lotzen gaitu. Ezin diogu uko egin gure XXI. mendeko gizartea egituratzeko ezinbestekoa delako. Baliteke behin-behineko aldi batean ibilbide guztia ez izatea abiadura handian. Baina egoera horretan ere Euskadirentzat sare berria izatea garrantzitsua da, bi arrazoirengatik: batetik, egungo sarea libre uzten duelako salgaien garraiorako; eta, bestetik, nazioarteko zabaleran eraikia delako. Hots, ez da hausturarik izango mugan, eta Gasteizen igo den bidaiaria Parisera joan ahal izango da trena aldatu gabe.

3. Legez besteko proposamen bat aurkeztu dugu Legebiltzarrean Espainiako Gobernuari eskatzeko 2006ko elkarlan ituna berrikusteko. Modu horretan, egun indarrean dagoen elkarlan ituna zabaldu ahal izango litzateke eskaini ez diren zatietara ere, eraikitzen ari diren plataforma guztiak 2016eko amaierarako bukatuak egoteko. Oraindik gogoan dugu hauteskunde kanpainan Urkulluk esan zuena, alegia, aurreratuko zuela dirua Espainiako Gobernuak obren erritmoa geldotuko balu. Oraindik zain gaude.

JUANA ITURMENDI (PP)

«Garapena sustatzeko ezinbestekoa da»

1. Jabetzen gara nolako zailtasunak izaten ari den proiektu hau orain, krisiarengatik eta hura gauzatzeko dauden baliabide apurrengatik. Egoera horren ondorioz obren erritmoa geldotu egin da, eta epeak luzatzen ari dira, baina lurraldea egituratzeko eta garapena sustatzeko ezinbestekoa da.

2. Guretzat AHTa Euskadin egiten ari diren garraio azpiegiturarik garrantzitsuenetako bat da. Ez ditu bakarrik hiru hiriburuen arteko loturak azkartu eta erraztuko, baizik baita Europa eta Espainiarekiko lotura ere.

3. Zeresana duten gobernuaren eta erakundeen artean —Eusko Jaurlaritza, Espainia eta Frantziaren artean— behar diren ekinbideak jarri behar dira martxan Euskadi lotuta gera dadin, Espainiarekin eta Europarekin, trenbide azkar eta moderno batekin.

GORKA MANEIRO (UPD)

«Ez da drama bat obrak atzeratzea»

1. Azken albisteak oso txarrak dira, baina baita errealitatera jaisteko aukera ezin hobea ere. Ez dago dirurik, eta lehentasunak finkatu behar dira: ongizate estatuaren defentsa eta benetan produktiboak diren inbertsioak.

2. Obren egoera ikusita, ez dago aurrera egin beste aukerarik, baina ondo bereizita zer den benetan lehentasunezkoa eta zer ez. Ez da drama bat obrak atzeratzea, askoz larriagoa litzateke atzean uztea benetan gaizki pasatzen ari diren milaka pertsona.

3. Arrazionaltasuna eta zentzutasuna, hemen eta Espainiako Kongresuan. Han kritikatu ditugu Espainian azken urteotan egin izan diren obra faraoniko burugabeak, eta zehazki AHT ibilbide batzuk, guztiz justifikaezin eta lekuz kanpokoak. Berriz planteatu behar da benetan beharrezkoa ez den eta justifikaziorik ez duen guztia, kontuan edukita, jakina, zein egoeratan dauden lanak.

MARIVI CASTILLO (UPN)

«Finantzaketa hitzarmen berria noiz sinatu zain gara»

1. Nafarroako Gobernuak ez du informaziorik Nafarroako zatia Euskal Y-arekin lotuko ez dela errateko. Alderantziz, lotura hori eginen dela kontuan hartuta ari gara lanean. Une honetan, Nafarroako AHTaren korridorea finantzatzeko formula berri bat adosteko hitzarmena noiz sinatu zain gara. Helburua da itun hori nafarrontzat onuragarriagoa izatea, eta haren bidez Nafarroa Euskal Y-arekin eta Aragoirekin bat egiteko loturak zehaztea.

2. Nafarroak ez dio abiadura handiko korridorea izateko aukerari uko eginen. Beharrezkotzat jotzen dugu gure lehiakortasuna eta gure loturak hobetzeko. Azpiegitura hori funtsezkoa izanen da etorkizunean, eta Europarekin bat egiteko atea izanen da guretzat. Bidaiarientzat, bai eta salgaientzat ere.

3. Nafarroako Gobernua harremanetan da Espainiakoarekin eta Aragoiko eta EAEko gobernuekin, eta zeregin horretan UPNren babes osoa badu.

MANU AIERDI (Geroa Bai)

«Iruñea-’Euskal Y’ trenbidea lehenetsi beharko litzateke»

1. Albistea kezka handiz hartu dugu. Jakin bagenekien gaia aztertzen ari zirela eta arrisku hori zegoela. Izan ere, EAE-Akitania arteko azken osoko bileran Urkullu eta Rousset presidenteek adierazpena adostu eta izenpetu zuten espainiar eta frantziar gobernuetako presidenteei abiadura handiko tren korridore atlantikoa lehenestea eskatzeko. Guk nahiago dugu eraikuntza ahalik eta koordinatuen egitea eta Bordele-Hendaia arteko abiadura handiko lotura 2030 urtetik aurrera ez atzeratzea.

2. EAEn logikoena da amaitu arte egitea, ahalik eta arinen Hendaian nazioarteko zabalerarekin lotura izan dezagun, salgaiak zein bidaiariak garraiatzeko. Nafarroan, zentzuzkoena da Zaragoza-Euskal Y Trenbidea korridorearen aldeko apustua egitea (Gasteiztik) eta ahalik eta arinena nazioarteko zabaleran egitea; eta alde horretatik, ezaugarri behineneko trena egiteko ahaleginak Iruñea-Euskal Y trenbidea lehenets dezala, Iruñea-Castejon bide tartearen gainetik.

3. Nafarroako Gobernuari exijitu nahi diogu lehentasunak alda ditzala eta Espainiako Gobernuarekin negoziatzen ari den hitzarmen berrian egin dezala Espainiak inbertsioa Iruñea-Euskal Y trenbidea bide zatia egiteko egitasmora bideratzeko ahalegina. Aldi berean, Gobernuari exijituko diogu finantzaketarako formula aldatzea, Nafarroak funtsak aurreratzea hitzartzen baldin bada, funtsa horiek berreskuratzeko modua ere egon dadin.

MARISA DE SIMON (Ezkerra)

«AHTa ez da konponbidea; herritarrei eman behar zaie hitza»

1. Euskal Y-a eta Iruñea-Zaragoza zatiak geldituko dira loturarik gabe. Iruñea eta Castejon arteko abiadura handiko 78 kilometroak ez doaz inora. Tren sarea modernizatu behar da, nazioarteko zabalerara egokitu, eta Frantziarako lotura azkartu; horrek ere balio du Euskal Y-aren kasuan.Azken berriek agerian utzi dute Nafarroako proiektuaren zentzugabekeria. UPNren gobernuari bere proiektu nagusia hondoratu egin zaio. Dirua xahutzeko proiektua da.

2. Obra gelditu, eta proiektua berrikusi beharko litzateke. Kontuan hartuz proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa, soziala, bai eta ingurumenaren arlokoa ere. Trenbidea herritarrak eta salgaiak garraiatzeko beharretara egokitu behar da, kontuan hartuta gastu ekonomikoa, soziala eta ingurumenean eraginen lituzkeen kalteak.

3. Parlamentuan hainbat ekinaldi aurkeztu dugu jada. Ez dute aurrera egin, UPNk, PPNk eta PSNk abiadura handiaren aldeko apustua egiten dutelako. Kontuen Ganberari ere txostena eskatu diogu, egindako obretan gastatu denari buruz. Argi dago aditu gehienek proiektua gelditzeko beharraz ohartarazten dutela, baina Espainiako eta Nafarroako gobernuek eta PSNk haren alde egiten dute. Herritarrei eman behar zaie hitza. Horregatik ere, hauteskundeak aurreratu behar dira Nafarroan.

This entry was posted on Astelehena, uztaila 8th, 2013 at 10:06 pm and is filed under Albiste nagusiak, Albiste orokorrak. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.

Iruzkinik ez

Be the first to comment on this entry.

Have your say

Fields in bold are required. Email addresses are never published or distributed.

Some HTML code is allowed:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <code> <em> <i> <strike> <strong>
URIs must be fully qualified (eg: http://www.domainname.com) and all tags must be properly closed.

Line breaks and paragraphs are automatically converted.

Please keep comments relevant. Off-topic, offensive or inappropriate comments may be edited or removed.

    AZKENPOSTAK

    1. Concentración 2 Setiembre ante Juzgados de Tudela: TAV Stop!
    2. Sustrai denuncia que los tribunales no paralizan las ilegales obras del TAV en Navarra
    3. La CEOE reitera que no quiere alta velocidad en mercancías
    4. Oregik “ia ziurtzat” jo du AHTaren Zumarragako tunelerako aurrekontua igoko dutela
    5. Crónica final de la II Marcha de bicis desobediente contra el TAV
    6. La II marcha de bicis desobediente contra el TAV enfila su recta final
    7. El 16 de Julio varios opositores al TAV de Euskal Herria fueron detenidos en Val Susa
    8. Nota de AHT Gelditu Tolosaldea ante la detención de Xabier Otegi
    9. Uzt.25 - Abuzt.2: AHTren aurkako II. Bizikleta Martxa Desobeditzailea (Durango-Bilbo)
    10. [Zumárraga] El derrumbe en el mayor túnel del TAV destapa graves irregularidades

  1. BILAKETA