Zati batzuk baztertu eta besteak atzeratuta, hiru mila milioi aurreztu nahi ditu Madrilek AHTarekin

Diru premiak ataka estuan jarri du abiadura handiko trena (AHT). Lapurdiko zatia sine die atzeratu du Frantziako Gobernuak. Aldi berean, Espainiako Gobernuak aurrekontuaren heren bat aurreztu nahi du datozen urteotan, hasierako asmoetan hainbat aldaketa eginda. Nafarroako AHT korridorean bakarrik Castejon eta Iruñe arteko zatia izango da abiadura handikoa. Iruñerritik Altsasura norabide bakarreko lerro bat eraikiko dute, Europako zabalerakoa. Altsasutik Gasteizera, berriz, egungo trenbideari beste errail bat gehituko diote, hirugarrena, abiadura handiko trenak ibili ahal izateko.

http://paperekoa.berria.info/harian/2013-12-20/006/001/Madrilek_heren_bat_aurreztuko_du_AHTko_zenbait_zati_egokituta.htm#despiezea2

Gauza bera egingo dute Gasteiztik Miranda Ebrora (Burgos, Espainia) eta baita Gasteiz, Bilbo eta Donostiako sarreretan ere. Astigarragatik Iruneraino ere hirugarren errail bat gehituko diote egungo trenbideari, eta Gasteiz eta Bilboko geltoki berririk ez dute egingo, oraingoz. Geltoki zaharretara iritsiko dira tren lasterrak ere.

Hala, hasierako proiektuetako aurrekontuaren (9.223 milioi euro) heren bat aurreztuko du Sustapen Ministerioak plan aldaketarekin (3.229 milioi euro), aurten idatzitako Abiadura handiko korridoreak garatzeko eredu berria izeneko txostenean jaso duenez. Izan ere, azken urteotan egindako AHT linea berrien ondorioz, 15.000 milioi euroko zorra pilatu du trenbide azpiegituretako kudeatzaile Adifek, eta horri aurre egiteko guraizea erabiltzea beste biderik ez dute orain, bereziki proiektuak atzeratuz eta berriak egiteari uko eginez. Egoera ekonomiko txar horren ondorioz, Araba eta Bizkaiko zati askotan obrak hasi baditu ere, geldirik daude une honetan.

Behin-behineko irtenbide alternatibo horiekin 6.000 milioi euro gastatuko lituzke Madrilek Hego Euskal Herriko tren azpiegituretan. Hori Osakidetzaren eta Jaurlaritzaren Hezkuntza, Kultura eta Hizkuntz Politikako Sailaren 2014ko aurrekontua bezainbeste da ia (6. 111 milioi euro).

Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Espainiako Gobernuak 2.520 milioi euro gastatu dituzte jadanik tren lasterraren lanetan, eta, beraz, kalkula daiteke inbertsioaren %38 inguru eginda dagoela, bukaerako erreferentzia gisa behin-behineko lotura horiek hartuta betiere. Hasierako AHTaren egitasmo guztia egingo balute, berriz, gastuaren %25 inguru bakarrik egongo litzateke eginda.

Espainiak obra hau aurrera eramateko duen estutasunaren adibidea da aste honetan bertan kongresuan Ana Pastorrek Jaurlaritzari egindako eskaintza. Izan ere, Bergarako korapiloa —Euskal Y-aren hiru lerroak gurutzatzen diren lotunea— egitea eskaini dio Iñigo Urkulluren gobernuari. «Dirurik gabe ez dugu lanik eskainiko, orain arte egin den bezala», aitortu du ministroak. Jaurlaritza prest dago Madrilek aurreratu ezin dituen zatiak ere bere gain hartzeko, obrak ahalik eta gehien aurreratzeko.

Jakina denez, Euskal Y-ko lanak bi gobernuen artean egiten ari dira, 2006an egin zuten itun baten arabera: Bilbo-Gasteiz eta Bilbo-Bergara arteko zatiak Madrilek eraiki behar ditu, eta Bergara eta Astigarraga artekoa Jaurlaritzak. Ondoren, Jaurlaritzak aurreratutakoa kupo bidez deskontatzen dio Madrili. Euskal Y-ko lanetan 2.438 milioi euro gastatu dituzte jadanik, eta beste 550 milioi gorde dituzte 2014rako.

Aurreztea, zatirik zati

AHT zatiak egongo dira han eta hemen, hirugarren errailez hornitutako ohiko trenbideei lotuta. Hala, Gasteiztik hegoaldera ez du AHT biderik egingo oraingoz Madrilek. Miranda Ebro bitarteko tartean 225 milioi aurreztu nahi ditu hala Sustapen Ministerioak hurrengo urteotan.

Modu harrigarri batean, Pastor ministroak aste honetan ukatu egin du Gasteiztik Burgoserako tartean hirugarren errail bat egingo dutela: «Esan dena faltsua da. Proiektu hori guztia AHTkoa da, eta hori ukatzen duenak ez du egia esaten». Berak zuzentzen duen Sustapen Ministerioaren txostena aski argia da, ordea, horri dagokionez: «2016rako helburua: hirugarren erraila eraikitzea, trafiko mistoari zerbitzua emateko, Burgos eta Gasteiz arteko egungo trenbidean».

Euskal Y-an bukatu gabe utziko dituen lanetan —hiriburuetako sarrerak, geltoki berriak eta Astigarraga eta Irun arteko tartean AHT lerroa egin gabe— 1.009 milioi aurreztu nahi ditu Madrilek. Nafarroako korridorean, berriz, Castejon eta Iruñe arteko zatia izango da bakarrik AHTkoa, eta ia 2.000 milioi aurreztuko ditu.

‘Euskal Y’-aren lan guztiak Jaurlaritzak egitea nahi du legebiltzarrak

Bizkaiko eta Arabako zatiak ere Jaurlaritzak hartzeko eskatu dute PSE-EEk eta EAJk Eusko Legebiltzarrean

Iñaki Petxarroman

2006ko hitzarmena aldatu, eta Euskal Y-aren proiektu osoa Eusko Jaurlaritzaren esku uzteko eskatu dio Eusko Legebiltzarrak Espainiako Gobernuari. EAJk eta PSE-EEk egin babestu dute proposamena, eta EH Bildu eta PP kontra azaldu dira.

Proposamena babestu duten bi taldeek gogoratu dute Bizkaiko eta Arabako zatietako obra guztiak ia geldirik daudela, eta ez dagoela ez diru eta ez eperik ere amaitzeko. Proiektua ez da bukatua egongo 2019an baino lehenago, talde horien arabera. Hala, orain arte esleitu ez diren tarte guztiak Jaurlaritzak bere gain hartzea proposatu dute PSE-EEk eta EAJk, «proiektua 2016rako amaituta egon dadin».

Aldi berean, Gasteiz-Burgos eta Iruñe eta Euskal Y-aren arteko lanen zehaztasunak eman ditzan eskatu diote Mariano Rajoyren gobernuari, alegia, noiz eskaini eta noiz bukatuko dituen. Izan ere, Eusko Legebiltzarra kezkatuta dago Euskal Y-a ez ote den loturarik gabe geratuko Gaztelako goi ordokiarekin.

«Unerik txarrenean»

Jesus Zaballos PSE-EEko legebiltzarkidearen iritziz, obrak «inoizko unerik txarrenean» daude. Hala, aurten Sustapen Ministerioak obretarako aurrekontuetan gorde zituen 190 milioietatik erdiak bakarrik erabili dira.

Norberto Aldaiturriaga EAJkoak «Espainiako beste leku batzuetako» AHTak «arrazoi politikoengatik» lehenestea aurpegiratu dio Madrili.

Oskar Matute EH Bilduko legebiltzarkideak dirua «xahutzea» egotzi die «proiektu megalomano» horren alde ari direnei. Aldi berean, dirua erabiltzeari uzteko eskatu du, «gizarte beharretan» gastatzeko.

Juana Iturmendi PPko ordezkariak ukatu egin du Rajoyren konpromisoa zalantzan dagoela, eta ziurtatu du Madril lanean ari dela azpiegitura horretan, baina «epeak agindu gabe» .

UPDko Gorka Maneirok azpiegitura hauetan «bezerokeriaz» jokatzea egotzi die Espainiako agintariei.

Kostua kilometroko. 28

• Milioi eurotan. Euskal Y-a Europako AHTrik garestienetako bat da. 28 milioi euro kostako da kilometroko, geltoki berririkgabe. Geltoki berriak eginda, berriz, ia 30 milioi euro. Europan orain arte egindako AHTen batez besteko prezioa 17 milioikoa da. Konparazio baterako, Euskal Y-aren lau kilometro egiteak EITBren urte osoko aurrekontua (121 milioi ) osatuko luke. Castejon eta Iruñea arteko zatiaren lau kilometro kostatzen denarekin (15 milioi kilometroko) NUPen aurrekontua osatuko litzateke kasik (66 milioi euro).

Geltokietan ere, uhartedia

http://paperekoa.berria.info/harian/2013-12-13/018/001/geltokietan_ere_uhartedia.htm
‘Euskal Y’-a eta Iruñea-Castejon AHT zatiak loturarik gabeko uharteak izango dira, Frantziak eta Espainiak ez baitituzte tren lasterren bidez lotuko iparraldetik eta hegoaldetik. Hiriburuetara ere ohiko trenbidez sartuko da AHTa.

Abiadura handiko tren (AHT) proiektuaren distiraren sinbolo ziren geltoki proiektuak duela gutxira arte. Egitasmo handia zen AHTa, eta handia izan behar zuen euskal hiriburuek harrera egingo zioten geltokien itzalak. Hiriburuetan makro geltokiak irudikatzen zituzten agintariek, hirigintza proiektu handiekin batera.

1.500 milioitik gora gastatzea aurreikusten zen Bilboko, Donostiako, Gasteizko, Iruñeko eta Baionako AHT geltokietan duela bi urtera arte. Behiak argaldu dira, ordea. AHTak ez du garai bateko distira, eta orain, proiektuari ahal den moduan eustearekin nahikoa dute agintariek. Euskal Y-ak ez dauka bermatuta lotura ez Madrilekin ez Parisekin ez Iruñearekin. Irun, Astigarraga eta Baionako geltokiak desagertu egin dira agendetatik. Bilbon eta Gasteizen geltoki zaharrek hartuko dituzte abiadura handiko tren berriak. Donostian geltoki berria bai, baina Renferen trenbide zaharra egokituta sartuko dira tren lasterrak hirira. Iruñean zer gertatuko den ere ez dago jakiterik, obrak legez kanpokotzat jo baitituzte epaileek berriki.

1.000 milioi euro inguru aurreztuko ditu Madrilek planteatzen dituen hiriburuetako behin-behineko lotura horien bidez. Beste kontu bat da ea etorkizunean edukiko duen horrenbeste diru onartutako sarbide eta geltoki berriak egiteko. Atzo trenbide sare berriaz bilera egin zuten Espainiako Sustapen Ministerioko ordezkariek Jaurlaritzako eta Bizkaiko agintariekin. Heldu den astean Donostiakoekin bilduko dira. Honela dago egoera gaur egun, geltokiz geltoki.

Bilbo

Lur azpiko zazpi kilometroko bide batetik sartu behar zen tren lasterra Bilboko Abantoko tren geltoki berrira. Egungo geltokiaren orubea hutsik geratuko zen modu horretan, eta 85.000 metro koadroko eremu erraldoi bat hutsik geratuko zen hirigintza proiektu itzel bati bide egiteko. Duela hiru urte aurkeztu zuen egitasmoa Espainiako Sustapen ministro ohi Jose Blancok. Ia 500 milioi euro inguruko dirutza eskatzen zuen operazioak. Geroztik, baina, hustu da AHTaren puxika. Ezinean dabil Espainiako Trenbide Azpiegituretako Kudeatzaile Adif, pilatu duen 15.000 milioi euroko zorrari nola aurre egin asmatu ezinik. Eta hustu dira asmo handiak ere.

Madrilek orain duen asmoa da AHTaren plataforma berria Basauriraino iristea, eta han egungo Renferen bidearekin bat egitea. Horretarako 90 graduko bihurgunea eta maldan behera doan zubibide bat ari dira eraikitzen, Renferen trenbide zaharrarekin bat egiteko. Handik Bilboraino, hirugarren erraila gehituko liokete Europako zabalerara egokitzeko, eta hala sartuko litzateke Bizkaiko hiriburuko geltoki zaharrera. Zenbat kostatuko litzatekeen proiektu hori ez dute argitu oraingoz, baina 100 bat milioi euro izan daitekeela kalkula daiteke.

Gasteiz

Kontuak ez direla ateratzen esan zuen 2012an Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak. Alegia, ez dela garaia Gasteizen AHTaren lur azpiko proiektu handinahia egiteko. Arriagako geltoki intermodalean amaitu behar zuen proiektuak 450 milioi euro inguruko kostua zuen. Oraingoz, egungo tren geltoki zaharrarekin lotuko litzatekeen behin-behineko alternatiba bat dute martxan Espainiako Sustapen Ministerioko agintariek.

Mezu kontrajarriak izan dira, ordea. Esate baterako, egitasmoa lantzen duen erakunde arteko batzordearen bileraren ostean Ana Pastor Sustapen ministroak esan zuen lur azpiko ibilbidearen eraikuntza proiektua eskaini zutela eta obrak 2014-15ean hasiko zirela.

Oraingoz, baina, Dato kaleko tren geltokira iritsiko dira abiadura handiko trenak ere, inoiz geltoki berririk egingo den galdera eta zalantza mahai gainean daudela. Horretarako, iparretik hegoalderako norabidean datorren tren plataforma berria ekialdetik mendebaldera doan trenbide zaharrarari lotuko zaio, Europako zabalera egokitutako hirugarren erraila gehituta. Horretarako bihurgune itxi bat beharko da, Bilboren antzera. Santiagon (Galizia) udan izan zen istripuaren tokian ere antzeko bihurgune batek lotzen ditu plataforma berria eta zaharra. 80 bidaiari hil ziren istripu hartan. Handik hegoaldera zabalera mistora egokitutako trenbide zaharretik joango da AHTa, Burgoseraino.

Donostia

Duela gutxira arte lau geltoki egitea aurreikusten zuten Gipuzkoan: Ezkio-Itsason, Astigarragan, Donostian eta Irunen. Astigarragan nazioarteko geltokia egongo zen, Euskal Y-a bezalako mugaz gaindiko proiektu batek eskatzen zuen tren jarioari aurre egiteko gai izango zena. Bertan geratuko ziren Madril eta Paristik helduko ziren distantzia luzeko trenak.

Handik hiru kilometro eskasera Donostiako geltoki intermodala egingo zuten, Atotxan. Gutxi gorabehera, 350 miloi euroko gastua zekarren egitasmo bikoitzak. Handik 15 kilometrora Irungo geltokia egongo zen. Harekin batera, 53 hektareako eremuan hirigintza proiektu handi bat: unibertsitateak, merkataritza zentroak, enpresak, etxebizitzak… Berriki konturatu dira agintariak behiak ez duela esnerik hainbeste bezerorentzat, eta Astigarraga eta Irungo geltokiak desagertu egin dira egitasmoetatik. Donostiara trenbide zaharretik sartuko dira trenak, hari hirugarren erraila gehituta. Hala joango dira Iruneraino ere, Frantziak Iparraldean AHT loturarik egiten duen argitzen duen bitartean. Donostia eta Irun arteko obra horiek egiten ari dira jadanik. Tartean Lezoko geltoki intermodala sartu dute paperetan. Irungo geltokiaren instalazioak ez ezik, Pasaiako portuko batzuk ere hartuko lituzke bere gain Lezokoak. Aparteko ingurumen tramitazioa luke geltoki horrek. Proiektu hau Euskal Herriko Trenbide Sare Berriaren Frantziarekiko Loturaren Ikerketa Informatibo Osagarriaren Hasierako Agirian ageri da.

Azkenik, aurten onartu du Sustapen Ministerioak Ezkio-Itsasoko geltokiaren proiektua jendaurrean erakusteko txostena. Goierriko herritarrei zerbitzua emateaz gain, salgai trenak gelditzeko tokia ere izango litzateke Ezkio-Itsasokoa, Sustapen Ministerioaren arabera.

Iruñea

Iruñeko geltokiaren inguruko informazioa ez da batere argia. Batetik, Sustrai Erakuntza fundazioak jarritako helegitearen ondorioz, Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak legez kanpokotzat jo zuen Nafarroako AHT proiektua udan, hari emandako Ingurumen Eraginaren Deklarazioa iraungia zegoela ebatzita. Luis Zarraluki Nafarroako Sustapen kontseilariak aitortu zuen Iruñerriko zatiaren deklarazioa iraungia zegoela, baina gainerakoan ondo zegoela. Hala balitz, Iruñerriko AHTaren proiektu guztia, Iruñeko geltokia eta guzti, hasieratik tramitatzen hasi beharko litzateke. Iruñeko geltokia hirigintza proiektu handi baten barruan dago, Iruñea eta Zizur Nagusi artean. Guztira, 9.000 etxebizitza egitea da asmoa, eta Udalez gaindiko Eragineko Arloko Plan (PSIS) moduan onartu zuten 2007an, ia 300 milioiko kostuarekin.

Ondoren, baina, etxebizitzaren merkatua erori egin zen eta moldatu egin zuten. Nafarroako Kontu Auzitegiak ere ohartarazi zuen ondorio ekonomiko larriak eragin ditzakeela operazio horrek. Sustrai Erakuntzak PSISen aurkako helegitea jarri zuen epaitegietan, eta une honetan Espainiako Auzitegi Gorenean dago auzia, erabakiaren zain.

Zarralukik aitortu izan du tren geltokiaren proiektu zaharrak dagoeneko ez duela balio, baina PSISen tramitazioarekin aurrera jarraitzen dute erakundeek. Egun, sailetan zatitu aurreko tramiteetan ari dira, eta 2014ko ekainerako daukate horri buruzko dokumentazioa aurkezteko epea. Printzipioz, geltoki berria Adifek ordaindu beharko luke hirigintza operaziotik lortzen duen diruarekin, baina salmenta horretatik dirua aterako dela argi ez dagoenez, erakundeek azpiegituraren dirua aurreratzea ere aipatu izan dute. Espainiako eta Nafarroako Gobernua ari dira horretaz hitz egiten, baina ez dira ados jarri. Elkarrizketa horietan aipatu izan dute geltokiaren tamaina txikitzeko aukera ere.

This entry was posted on Osteguna, urtarrila 2nd, 2014 at 21:52 and is filed under Albiste nagusiak, Albiste orokorrak. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.

Iruzkinik ez

Be the first to comment on this entry.

Have your say

Fields in bold are required. Email addresses are never published or distributed.

Some HTML code is allowed:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>
URIs must be fully qualified (eg: http://www.domainname.com) and all tags must be properly closed.

Line breaks and paragraphs are automatically converted.

Please keep comments relevant. Off-topic, offensive or inappropriate comments may be edited or removed.

    AZKENPOSTAK

    1. [Uztailak 14-16 Mendi ibilaldia. Bergara-Derio] Txikizioa borrokatu, bertako elikadura bultzatu!!
    2. [Nota de E.Martxan de Iruñea] El ferrocarril que necesitamos en Navarra
    3. [Nota] El TAV une a los Gobiernos de Navarra y España con más deuda y recortes
    4. [prentsa oharra] AHTa eta aurrekontuak: negoziazioen negozioa
    5. Langileen esplotazioa, kontratisten inperioan
    6. [Iritzia] AHTa estatuan: 25 urteko arpilaketa
    7. Prentsa oharra: UPN, Nafarroaren “salbatzailea”
    8. Behar ez dugunetik murriztu dezatela!
    9. AHTren aurkako zuhaitzen landaketa (kronika eta bideoa)
    10. Martxoak 19, Angiozarren, zuhaitzak landatu, lurra berreskuratu!!
  1. ARTXIBOAK


    BILAKETA