Nafarroako Kontuen Ganbera: “AHTren diseinua zaharkitua dago eta indefinizioz betea”

Kontuen Ganberak Izquierda-Ezkerrak eskatuta txostena egin du Abiadura Handiko Trenaren lanen inguruan. Besteak beste jaso duena da Espainiako Gobernuaren ardura dela AHTaren lanak egitea. Horretarako 3.000 eta 4.000 euro inguruan inbertitu beharko lituzte. Plana “beste egoera ekonomiko batean geundenean diseinatu zen, orain, zaharkitua gelditu da”, esan du Asun Olaetxea Kontuen Ganberaren presidentearen esanetan. “Diseinua definitu gabe dago eta alternatibak ez dira aurkeztu”, nabarmendu du.

Euskal Herria Irratia

Informazio falta nagusi

Kontuen Ganberak txostena egiterako unean datuak eskatu zizkion Abiadura Handiko Trenaren lanak egiteko ardura duen Adif enpresari. “Ez digu deus bidali finantziazioaz ez eta hirugarren erraila eginen balitz ere zenbateko kostua izanen lukeen adierazten duen informaziorik ere”, azaldu du Olaetxeak. Hala, daturik gabe konparaziorik ezin dela egin adierazi du.

Diseinatutako proiektua erkidegoan

Nafarroan AHTak 214 kilometro izanen lituzke. 2005-2020 proiektua dago mahai gainean eta ardura, finantziazioa Espainiako Gobernuarena da.

4 zatitan banatzen dira Nafarroako AHTaren lanak: Mediterraneoarekin elkartzen dena, Castejon-Iruñea, Iruñerrian egin beharreko lanak estazio berriarekin eta hirigintza garapenarekin eta azkenik, Zuastitik Euskal Autonomia Erkidegoko zatiarekin eginen litzatekeen lotura.

Alor ekonomikoa

Nafarroak 86 milioi gastatu ditu Abiadura Handiko Trenbidean: 81 milioi euro inbertsioetan eta 5 milioi euro finantz gastuetan. Espainiako Gobernuak ez ditu azken horiek itzuliko eta beraz, 44,5 milioi euro zor dizkio Nafarroari Estatuak.

Kontuen Ganberaren Txostenaren laburpena behean: txosten osoa

Txostenaren helburua da 2015eko abenduaren 31ko egoera aztertzea: inbertsioak Nafarroari eragin dion gastua, dirua aurreratzeko beharragatik; inbertsioen egutegia, interesen ordainketak, Estatuak itzulitako dirua eta itzultzeko dagoena; Castejon-Iruñea zatiaren azterketa; eta oraingo proiektua egin beharrean, europar trenbideen zabalera egokitzeko hirugarren erraila hobesteko aukera.

Txostenak dioenez, inbertsioa Estatuaren 2005-2020 urteen arteko azpiegitura plan estrategikoaren barruan dago. Zaragoza-Iruñea-Euskal Autonomia Erkidegoa batuko dituen abiadura handiko trenbideari dagokio. Inbertsioa, beraz, Estatuarena da. Nafarroako abiadura handiko trenbideak 214 kilometro ditu. Aurreikusitako kostua, berriz, 3.000 eta 4.000 milioiren artekoa da.

Inbertsioa administrazioak diruz ongi zebiltzan garaian bultzatu zen. Geroztik, ordea, goitik behera aldatu da egoera: administrazioak diruz urri dabiltza eta, gainera, Europak muga zorrotzak ezarri ditu defizit eta zor mailan. Hortaz, obra lanak atzeratu eta, askotan, gelditu egin dira.

Txostenak gogoratzen duenez, Estatuak eta Nafarroak hitzarmen bat sinatu zuten abiadura handiko trena bultzatzeko. Dena den, partziala da eta zaharkitua dago. Partziala, Castejon eta Iruñerriaren arteko zatia besterik ez baitu kontuan hartzen, eta horixe delako epea eta finantzabidea zehazturik dituen bakarra. Eta zaharkitua, hiru arrazoirengatik: zati horretako kostuen azterketak bidaiarien garraioa besterik ez zuen kontuan hartu, eta merkantzien garraiorako ere erabiliko da; BEZ ez da oraingoa; eta, azkenik, ingurumenaren gaineko eraginaren aitorpena ere ez zen kontuan hartu.

Dena den, amaitu gabeko zati bakarra (Castejon-Villafranca) merkeago atera da aurreikusitakoa baino: 60 milioi gastatu dira, eta 70koa zen aurrekontua. Obra hartu zuten enpresen eskaintza esleipen-prezioa baino merkeagoa izan zen, hortik dator aurrezkia.

Iruñerriko zatiari dagokionez, asmo batzuk zehazten dituen protokolo bat besterik ez dago, kostuaren kalkuluarekin eta Ipar eta hegoaldeko loturak zehaztu gabe.

Kontuen Ganberak dioenez, Nafarroak 86 milioi gastatu ditu Abiadura Handiko Trenbidean: 81 inbertsioetan eta 5 finantza gastuetan. Estatuak, orain arte, 35,6 milioi itzuli dizkio Nafarroari. Hitzarmenaren arabera, Estatuak ez ditu finantza gastuak itzuliko. Beraz, Estatuak 44,5 milioi zor dizkio Nafarroari AHT-ko obra lanetarako aurreratu duenagatik.

Estatuak gastaturikoaren berririk ez dago, ADIF enpresak ez baitu datua eman nahi izan.

Inbertsioaren neurria ikusita, Kontuen Ganberak obren etorkizuna argitzeko eskatzen du. Txostenak dioenez, bi aukera daude: Nafarroako AHTko obren erantzukizuna Estatuaren esku uztea, dirua aurreratu gabe eta obra lanik egin gabe; beste aukera hitzarmen berria negoziatzea litzateke. Kasu horretan, dena ongi lortu beharko litzateke: ipar eta hegoaldeko loturak, bakoitzak egin beharreko gastuak eta hartu beharreko erantzukizunak, eta kostuen gaineko azterketa serioa. Epeetan ere argi jokatu behar da, aurrekontu arazoak kontuan hartuz eta bete daitekeen plangintza eginez.

Azkenik, Castejon-Iruñea zatirako hirugarren errailaren aukeraz ere iritzia ematen eskatzen zitzaion Kontuen Ganberari. Txostenak, ordea, ez du iritzirik ematen, proiekturik ez dagoelako. Dena den, Kontuen Ganberak horren alde txarrak nabarmentzen ditu: trenbide zahar guztietan ezin da hirugarren erraila paratu. Eta, gainera, XIX. mendearen amaierako trenbidea da gurea, eta horrekin ez da arazo historiko hori konpontzen. Alde ona kostua da, noski, abiadura handiko trenbidea baino merkeagoa delako: kilometroko 2 eta 3 milioi arteko kostua du, eta AHTren kilometroko kostua 15 milioi da.

This entry was posted on Osteguna, urtarrila 26th, 2017 at 18:54 and is filed under Albiste nagusiak, Albiste orokorrak. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.

Iruzkinik ez

Be the first to comment on this entry.

Have your say

Fields in bold are required. Email addresses are never published or distributed.

Some HTML code is allowed:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>
URIs must be fully qualified (eg: http://www.domainname.com) and all tags must be properly closed.

Line breaks and paragraphs are automatically converted.

Please keep comments relevant. Off-topic, offensive or inappropriate comments may be edited or removed.

    AZKENPOSTAK

    1. AHT eraikitzeko diruaren %30 Espainiako hiru multinazionalek bereganatu dute
    2. AHT eraikitzeko 500 milioi gehiago aurreratuko ditu Eusko Jaurlaritzak
    3. AHTren desjabetzeen aurkako elkarretaratzea Erriberrin
    4. “Tren sozial eta parte hartzailea” aldarrikatu dute 3000 lagunek Iruñean
    5. Lo haga Madrid o lo haga Geroa Bai… No al TAV!
    6. Una investigación halló indicios de un posible desvío de fondos en las obras de la ‘Y vasca’
    7. Sustrai Erakuntza presenta propuesta alternativa al TAV en Navarra
    8. [prentsa oharra] AHTren proiektu partehartzailea: adimenari iraina
    9. Hendaia-Baiona trenbidea berrituko dute, AHTa erabat baztertua den jakin gabe
    10. [Bergara-Derio] Mendi martxaren kronika (uztailak 16. Azken etapa)
  1. ARTXIBOAK


    BILAKETA