“Azala beltza eduki behar al dut AHTren lanetan esklabo izateko?”

[Testua eta argazkiak: Urko Apaolaza Avila] AHTko obren Hernaniko zatian, langileek bizi dituzten baldintza kaskarren lekuko izan gara. ELAk Lan Harremanen Kontseilura eramango du azpikontrata, beste esplotazio kasu baten aurrean gaudelakoan.

INFO +: ARGIA

Testua eta argazkiak: Urko Apaolaza Avila

Langileek eta guk baizik ez dakizkigu urtarrileko egun hotz batez Urumea bazterrean dagoen kontainer itxurako etxetxo horretan entzun genituenak. Hernanitik Ergobira bidean, hartzen baduzu zementuzko bide inprobisatu bat, Euskal Herrian ere badagoen azpimundu baterantz amilduko zara zuzen: AHTren obretan zaude.

Banekien aurkituko genuena prekariatuaren aurpegi ezkutarazia izango zela, ordu amaigabeak egiten dituztela, soldata penagarriak jaso eta baldintza miserableetan bizi; baina langileek euren ahotik kontatzen dizutenean, orduan beste dimentsio bat hartzen du denak.

“Argi geratu da? Inspekzioak hau ez du egiten ezta?”, galdetu dit Igorrek amaieran. Gipuzkoako eraikuntza arloko ELAko kidea da Igor San Jose, inork baino hobe ezagutzen ditu AHTren obretan gertatzen direnak, urteak daramatza enpresen irregulartasunak salatzen eta epaitegietara eramaten.

Trenaren zubi-bidea egiten ari diren tokirantz noa berarekin. Gaur mugimendu handia sumatzen da, plataforman hormigoia botatzen ari dira garabi batetik zintzilik dagoen hoditik, etengabe. Eskailera ahul batetik igo gara. Portugesek aurrez muntatutako ferralla gainean ari dira kofratzaileak hormigoiarekin, haien zola kautxuzkoak kulunkatzen dituzte burdin-sare zulodun horizontalean.

“Paper bat sinarazten digute esanez ez digutela ezer zor, eta bestela, soinean daukazunarekin kalera”

(AHTko langilea)

Zaila da jakitea zein den zein enpresakoa, UTEak azpikontrataturikoen azpikontratatuak baitira gehienak. Igorrek ondo bereizten ditu ordea, parean ditugunak Encofrados y Puentes Castilla S.L–rentzat ari dira, egoitza Salamancan erregistraturik duen eraikuntza-enpresa, eta ia denak Cáceresetik datoz, galiziarren bat izan ezik. Araban ere ari dira lanean enpresa honen beharginak araztegi batean, eta horrela ibiltzen dituzte pa’arriba pa’abajo. Obra enkargatua haien artean dago hodia eskuan, orain ezin dugu berarekin hitz egin.

“Papera sinatu, eta bestela… kalera!”

Ogi barrak eta Coca-Cola latak mahai gainean dauzkate etxola prefabrikatuan sartu garenean. Igorrek langileei azaldu die zergatik dagoen sindikatua han, “nola zaudeten ikustera etorri gara”. Ez du galdera askorik egin behar izan uste genuena azaleratzeko: 6-8 euro kobratzen dute ordua, Gipuzkoako Eraikuntza Hitzarmenak agintzen duenaren ia erdia. Eta aparteko soldatak, oporraldiak eta dietak horren barruan dauzkate sartuta gainera: “Paper bat sinarazten digute esanez ez digutela ezer zor, eta bestela, soinean daukazunarekin kalera”, dio langileetako batek ogitartekoari koskada handi bat kendu aurretik.

(Argazkia: Janaria Cáceresetik ekartzen dute hozkailu handietan, hemen garesti dago. Irudian, Igor San Jose ELAko kidea etxola barruan AHTko langileei azalpenak ematen).

Egunean 10 ordu baina gehiago sartzen dituzte normalean. Hala, oso gaizki ordaindutako –eta batzuetan ordaindu ere ez– ehunka ordu-estra pilatu dituzte hilabete gutxitan. “Gaur bertan, biharko hormigonatzea amaitu behar badugu, ba zortziak arte geratu beharko dugu. Eta nik nahiago dut etxera joan, ordu horiek 7 euro kobratu baino”. Asteburu batzuetan ere geratu izan dira lanean: ostiral arratsaldea eta larunbata egun osoa 80 euro, “jatorduetan gastatzen duguna –dio beste batek–, e obligau!, hemen geratuko bazara”.

Astelehenero, gaueko 1:45etan biltzen dira elkarrekin Cáceresetik Salamancara “igotzeko”, eta handik Hernanira, enpresako furgonetetan. Ez kilometrajerik, ez dietarik, ez ezer. Poltsak etxera eramateko betarik gabe eta ehunka kilometroko bidaiaren nekeaz hasten dira egunsentian lanean, lehenago ikusi dugun burdinazko-sare arriskutsu horren gainean: “Eta gainera berandu iristen garen ordu hori aurpegira botatzen digute”.

Enpresak utzitako hainbat etxebizitza konpartitzen dituzte herrian, baina argia, ura eta bestelako gastuentzako dirua beraiek jarri behar izaten dute. “Orduan, zenbat geratzen zaizue hilaren amaieran?”, barre-algara bat nagusitu da pvc-ko pareten artean: ni pa’pipas!

“Barre egiten dugu negar ez egitearren. Gutako askok parorik ere ez daukagu eta kotizatzeagatik bakarrik gaude hemen. Gero esango dute lan asko dagoela, bai, baina zer preziotan? Azala beltza eduki behar al dut esklaboa izateko?”, azaldu digu hogei urtez enpresan dabilen zaharrenetako batek. Gazteagoek izkin egin digute, haiek are egoera ahulagoan daude, fraudea ez baita soldatan soilik igartzen.

(Argazkia: Poltsak etxean uzteko denborarik izan gabe hasten dira lanean, furgonetan gauez 700 kilometro egin eta gero).

Eguberritako geldialdian hainbat lankide kalera bota dituzte. Trenbidea egiten ari diren enpresotan maiz gertatzen den praktika bat azaldu dit ELAko kideak kanpora atera garenean: “Oporrak eurek ordaindu beharrean administrazioak ordain ditzala”. Kitatzerik eta indemnizaziorik gabe botatzen dituzte, hasta nueva orden. Baina kasu honetan ez dakigu, oraindik ez diete altarik eman.

“Prakak urratuta” dituenak pagatu behar al du?

Langile bakoitzeko urtean milaka euro aurrezten dira obra publiko honetan esplotazio eta trikimailuekin –diferentzia 18.000 eurorainokoa ere izan da zenbait kasutan–. “Bai, baina hori hemen esateak zertarako balio digu? Hori esan behar diozu gure nagusiari, berak eramaten du hori guztia!”. Zein da bera baina? Azpikontratako nagusia?

“Enpresak etekin batzuk behar ditu, baina hau guztia goitik dator”, dio Igorrek. Aldi baterako enpresa-elkarteez ari da, kasu honetan UTE Ergobia Hiru Lanek (Moyua S.L, Balzola S.A eta Azvi S.A) daramatza Hernaniko zatiko obrak. Nolanahi ere, ELAk Lan Harremanen Kontseilura eraman du gaia, esplotazio kasu baten aurrean gaudelakoan.

Encofrados y Puentes Castilla enpresak azalpenak eman beharko ditu gatazkak konpontzeko prozeduraren (PRECO) bidetik; azaldu beharko du ea zergatik “prakak urratuta dituenak” –langileetako batek despeditzerakoan esan bezala–ordaindu behar duen beti guztia.

This entry was posted on Igandea, otsaila 5th, 2017 at 18:13 and is filed under Albiste nagusiak, Albiste orokorrak. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.

Iruzkinik ez

Be the first to comment on this entry.

Have your say

Fields in bold are required. Email addresses are never published or distributed.

Some HTML code is allowed:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>
URIs must be fully qualified (eg: http://www.domainname.com) and all tags must be properly closed.

Line breaks and paragraphs are automatically converted.

Please keep comments relevant. Off-topic, offensive or inappropriate comments may be edited or removed.

    AZKENPOSTAK

    1. ‘Euskal Y’-aren 11 tuneletan larrialdi irteerak egin beharko ditu Adifek orain
    2. Nueva protesta en Iruñea contra el TAV y en defensa del tren
    3. [Uztailak 14-16 Mendi ibilaldia. Bergara-Derio] Txikizioa borrokatu, bertako elikadura bultzatu!!
    4. [Nota de E.Martxan de Iruñea] El ferrocarril que necesitamos en Navarra
    5. [Nota] El TAV une a los Gobiernos de Navarra y España con más deuda y recortes
    6. [prentsa oharra] AHTa eta aurrekontuak: negoziazioen negozioa
    7. Langileen esplotazioa, kontratisten inperioan
    8. [Iritzia] AHTa estatuan: 25 urteko arpilaketa
    9. Prentsa oharra: UPN, Nafarroaren “salbatzailea”
    10. Behar ez dugunetik murriztu dezatela!
  1. ARTXIBOAK


    BILAKETA