‘Euskal Y’-aren 11 tuneletan larrialdi irteerak egin beharko ditu Adifek orain

Europako legediak ezarritako segurtasun baldintzak bete gabe egin zituzten hainbat tunel Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta orain egokitu egingo dituzte. Adifek ez du argitu zenbateko aurrekontua beharko den larrialdi irteerak egiteko.

Berria / Iñaki Petxarroman

Duela hiru urte jakinarazi zuen BERRIAk AHT abiadura handiko trenaren tuneletan segurtasun baldintzei zegokien gabezia nabarmen bat egin zuela Espainiako Trenbide Azpiegituretako Kudeatzaileak, Adifek. Alegia, garatzen ari zen Europako legediak zioenari kasu egin gabe, segurtasun irteerarik gabe utzi zituen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat tunel. Igarobide horietako lanak tramitatu zirenean, Europako Trenbideetako Tunelen Segurtasunari buruzko Interoperatibilitateko zehaztasun teknikoak (ETI) ez zeudela indarrean argudiatu zuen Adifek, eta, beraz, ez zuela zertan baldintza hori bete. Atzo, baina, aitortu zuen segurtasunerako ezinbesteko urrats hori bete egingo duela, Europako Batzordeak 2014ko azaroan onartu zuen tuneletako segurtasunaren araudira egokitzeko.

Hain zuzen ere, 11 tuneletan egin beharko ditu lan horiek Adifek, prentsa ohar baten bidez jakinarazi duenez. Hauek dira tunelak: Udalatx, Induspe, Mendigain, Olabarrie, Ganzelai, Galdakao, Zaratamo, Beasain Ekialdea, Ordizia-Itsasondo, Legorreta eta Tolosa2-Aldabatxiki. Guztien artean 22 kilometro luze dira.

ETIa 2007ko abenduan onartu zuen Europako Batzordeak, eta 2008ko urtarrilean jarri zen indarrean. Ordurako adjudikatuta zeuden tuneletako obrak, baina aukera izan zuten, kasu gehienetan, lanak geratu eta araudi berriari zegozkion egokitzapenak egiteko. Izan ere, eta adibide bat jartzearren, Udalatxeko tunela ez ziren zulatzen hasi 2009ko azarora arte. Beraz, urtebete baino gehiago eduki zuten araudi berrira egokitzeko. Gainera, bitarte horretan Espainiako Gobernuak bere legedia moldatu zuen Europako irizpide berriak bere gain hartzeko. Horrela, 2008ko martxoan onartu zuen Trenbideetako Tuneletako Segurtasunari buruzko Interoperabilitateko Zehaztasun Teknikoa: 2008-3-7 DOUE. Urte bereko uztailaren 1ean jarri zen indarrean lege berria, eta Adifek jakinarazi du geroko proiektu guztiei ezarri diela.

Handik urte batzuetara, 2014an, onartu zuen tuneletako segurtasunari buruzko araudi berria Europako Batzordeak, oro har, 2008ko ETIa garatuz. BERRIAk duela hiru urte gai honi buruz galdetu zion Adifi, eta erantzun hau jaso zuen kazetak: «Tunel hauetan ez da zertan aplikatu araudi berria, baizik eta zaharra, eta hark ez zuen zehazten larrialdi irteeren artean gomendatutako distantziarik». Orain, beraz, jarrera aldatu du, baina ez du azaldu zergatik.

Hain zuzen ere, Adifek aitortu du lan horiek egiteko lur gehiago desjabetu beharko dituela. Ez du zehaztu zenbateko aurrekontua izango duten lanek.

Jaurlaritzaren zatian ere bai

Aipatutako tunel horietako batzuk Eusko Jaurlaritzak egindako Bergara-Astigarraga zatiari dagozkio. Jaurlaritzako iturriek BERRIAri adierazi diotenez, obrak bukatuta daudenez eta azpiegituraren jabea Adif denez, hari dagokio beharrezko egokitzapenak egitea. Dena den, Jaurlaritzak aitortu du eskatu izan diola Adifi tunel horiek Europako legedi berrira egokitzeko.

Esate baterako, Legorreta eta Ordizia-Itsasondo tunelak Jaurlaritzak egin zituen. Eusko Trenbide Sareak (ETS) Espainiako trenbideetako tuneletako segurtasunari buruzko argibide zirriborroa (STF-2004) hartu zuen aintzat kasu horietan, Adifek Udalatx, Zaratamo eta gainerako tuneletan bezalaxe. Edonola ere, Europan 2007an eztabaidatzen ari ziren araudia ere aipatu zuen ETSk eraikuntza proiektu horretan: «Egun prestatzen ari dira, eta berehala onartuko da, trenbideetako segurtasunari buruzko beste araudi bat. Horrek jauzi kualitatibo garrantzitsu bat dakar tuneletako proiektuetan, eta aurrerantzean segurtasun irizpideak nagusi izango dira diseinuaren arlo guztietan».

Hain zuzen ere, irizpide horri jarraitu beharra aipatu zuen ETSk, eta, hala, proiektu horretan neurri hau jarri zuen baldintza gisa: «Tunelaren edozein tokitatik kerik gabeko gune batera gehienez 750 metro egongo dira». Aldi berean, larrialdi tunelaren irteeran 1.500 metro koadroko gune bat jartzea aurreikusi zuen, sorospen lanetarako.

Larrialdi irteerak egin beharraz gain, ETIak zehazten duen baldintza nagusia da irteera bakoitzaren artean ezin dela 1.000 metro baino distantzia handiagorik egon. Beraz, hiru kilometrotik gorako tunel batean, gutxienez segurtasuneko hiru irteera izan behar ditu tunelak. Udalatxen kasuan, irteera bakar bat ere gabe eraiki zuten, eta, beraz, orain tunelaren aldamenean egin behar duten galeriari gutxienez hiru lotura egin beharko dizkiote tunelarekin.

Beste baldintza batzuk ere zehazten ditu araudi horrek, segurtasun baldintzak bermatzeko. Esate baterako, 300 lagunentzako segurtasun esparru bat egon behar da larrialdi irteerekin lotuta. Gune horrek 500 metro koadroko azalera eduki behar du, eta gutxienez bost metroko errepide batekin egon behar du lotuta. Segurtasun neurri horiek oso garrantzitsuak dira tunel barruan edozein istripu edo ezbehar gertatuko balitz suhiltzaileek eta sorosleek baldintza egokietan jardun ahal izateko.

This entry was posted on Igandea, ekaina 25th, 2017 at 12:30 and is filed under Albiste nagusiak, Albiste orokorrak. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.

Iruzkinik ez

Be the first to comment on this entry.

Have your say

Fields in bold are required. Email addresses are never published or distributed.

Some HTML code is allowed:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>
URIs must be fully qualified (eg: http://www.domainname.com) and all tags must be properly closed.

Line breaks and paragraphs are automatically converted.

Please keep comments relevant. Off-topic, offensive or inappropriate comments may be edited or removed.

    AZKENPOSTAK

    1. [Bergara-Derio] Mendi martxaren kronika (uztailak 16. Azken etapa)
    2. [Bergara-Derio] Mendi martxaren kronika (uztailak 15)
    3. [Bergara-Derio] Mendi-martxaren lehen kronika (uztailak 14)
    4. [prentsaurrekoa] EAJ: ez dugu horrenbesteko porlana irentsi nahi!
    5. Bergara-Derio mendi ibilaldia: egitaraua eta soinu kuina kalean!!
    6. ‘Euskal Y’-aren 11 tuneletan larrialdi irteerak egin beharko ditu Adifek orain
    7. Nueva protesta en Iruñea contra el TAV y en defensa del tren
    8. [Uztailak 14-16 Mendi ibilaldia. Bergara-Derio] Txikizioa borrokatu, bertako elikadura bultzatu!!
    9. [Nota de E.Martxan de Iruñea] El ferrocarril que necesitamos en Navarra
    10. [Nota] El TAV une a los Gobiernos de Navarra y España con más deuda y recortes
  1. ARTXIBOAK


    BILAKETA