AHTri buruz azalpenak jaso gabe zundaketak egiteko baimenik ez dute emango Tolosako hamar lurjabek
Berria» Inongo informaziorik ez dute jaso instituzioen aldetik. Planoren bat baten batek, besterik ez. Euren kabuz bilatutako datuen arabera dakite Euskal Y-aren egitasmoak euren lurrei kalte egin diezaiekeela, baina nola eta noiz ziur ez dakite. Eta Eusko Jaurlaritzatik bilerara deitu dituzte Tolosako (Gipuzkoa) lurjabe kaltetu horiek guztiak, banaka udaletxera joan daitezen, zundaketen baimenak lotzeko.
Banan-banan ez, elkarrekin agertu ziren zortzi lurjabe atzo eguerdian udaletxean. Eta informazioa jaso arte ez dutela baimenen gaineko inolako erabakirik hartuko jakinarazi zioten Jaurlaritzako ordezkariari.
Udaletxeko arkupeetan eguerdirako egina zuten hitzordua lurjabe kaltetuek. Hain zuzen ere, lurjabeetako bati ordu horretarako jarria zioten bilerarako hitzordua. Baina harekin batera sartu ziren udaletxean beste guztiak ere, EHNEko abokatu Pavel Viñasek lagunduta. Beste bi lurjabe ezin izan ziren atzoko hitzordura azaldu.
Udaletxe barruan, udaltzainburuak azaldu zien bilera gelan ez zirela guztiak sartzen, baina lurjabeek erantzun zioten ez zutela banan-banan sartzeko inolako asmorik. Azkenean, gelara guztien izenean hitz egingo zuten lau lagun sartzea erabaki zuten. Ordu erdi bat pasa zuten gelan bilduta. Ateratzean, Viñasek azaldu zien gainerako lurjabeei hitz egindakoa.
Zundaketarako baimena eman aurretik Euskal Y-aren Tolosako zatiari buruzko informazioa jasotzeko eskubide osoa dutela azaldu zioten lurjabeen ordezkariek Jaurlaritzakoari, eta hartarako bilera eskatu zioten. Horren ostean, baimena eman edo ez lurjabe bakoitzak ikusiko zuela gehitu zuten. «Ikusita informazio premia dagoela, esan dugu gaur hemen ordezkatzen ditugun hamar kaltetuak ez direla hemendik pasako». Hitzordua jartzeko eskumenik ez zuela, baina borondate ona zegoela erantzun zien Jaurlaritzako kideak, Viñasen esanetan. Hitzordua jartzeko deiaren zain geratu dira hala.
INFORMAZIO BILA, EUREN KABUZ. Tolosako Aldaba Txiki auzoko baserrian bizi dira Felipe Sarasola eta Belen Maizkurrena. «Orain arte ez dugu batere informaziorik izan; gu ibili gara bila. Interneten ikusi dugu zerbait, gu kaltetuak garela, eta udaletxera ere etorri gara, baina bakarrik plano bat eman digute». Tunel batetik trena etxe azpitik pasako zaiela eta lur batzuk hondakindegieak jartzeko desjabetzeko agertzen direla, hori dakite bildu duten informazioarekin, «baina ez dakigu nola, zer neurritan, etxea botako duten edo zer baldintzatan geratuko den… Agian emazteak ez du baserritik bizitzerik izango. Ez dakigu ezer ere ez», zioen Sarasolak. Ibilbidearen berri baino ez dute. «Lotsagarria da kaltetuak izan eta hala ibili beharra», gehitu zuen.
Aldaba Txikin ere baserritik bizi da Begoña Aristi: barazkiak, okela eta arrautzak saltzen ditu. Baina ez daki etorkizunean hala jarraitu ahalko duen. Aspaldi Lurranek-en bulegora informazio eske jo zuela, eta behin-behineko plano bat eman zioten. Han bere lurrak ez ziren kaltetuak. «Eta orain gure sorpresa, zundaketa egiteko deitu baitigute eta ez dakigu ezer». Auzokideek bilera eskatu zioten Udalari, baina ez zuela informaziorik erantzun zien. Hori guztia «gaizki» bizi du. «Baserritik bizi naiz, bertan dugu etxebizitza, baserria konpontzera goaz eta kezka asko ditugu etorkizunaz. Gurera ez ezik, Euskal Herrira datorkigun munstroa ikaragarria da. Uste dut inork ez duela barneratu zer datorkigun gainera; guri lurjabe gisa, baina baita gizarte osoari ere». Alde baikorra lurjabeen batasuna jo du Aristik. «Elkarren babesean indar handiagoa dugu behintzat, gure eskubideak exijitzeko garaian».
Elkarren babesean indar handiagoa dugu behintzat lurjabeek, gure eskubideak exijitzeko garaian»
begoña aristi
lurjabe kaltetua
This entry was posted on Thursday, May 15th, 2008 at 4:08 pm and is filed under Albiste nagusiak, Desjabetzeak, Hemeroteka. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.


Have your say
Fields in bold are required. Email addresses are never published or distributed.
Some HTML code is allowed:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <code> <em> <i> <strike> <strong>URIs must be fully qualified (eg: http://www.domainname.com) and all tags must be properly closed.
Line breaks and paragraphs are automatically converted.
Please keep comments relevant. Off-topic, offensive or inappropriate comments may be edited or removed.