Arratzua-Ubarrundiako AHTrako lurren desjabetze aktak alkatea gabe sinatu dituzte

Berria» Hamaika hilabeteren buruan, Arratzua-Ubarrundiako (Araba) AHTrako lurren desjabetze aktak egin ziren atzo goizean. Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizial BOEn argitaratu zenaren kontra, sinadura ez zen Durako udaletxean gertatu, ordea. Espainiako Gobernuko Arabako Ordezkariordetzan egin zen tramitea.

Arratzua-Ubarrundiako alkatea Rufino Saez de Ibarrak (EAJ) ez zuen parte hartu sinaduran, eta horren berririk ez zuela nabarmendu zuen. Goizeko hamarretan Durako udaletxean herriko gai batzuk direla-eta bilduta zegoen, eta Espainiako Sustapen Ministerioaren bileraren berririk ez zuela jakinarazi zuen. «2007ko ekainaren 20an argi esan nuen ez nuela horrelako bilerarik nahi udaletxean, eta iritzi bera mantentzen dut».

Goizeko hamarrak baino lehenagotik, bilera izan behar zuen orduaren aurretik, dozenaka lagun bildu ziren Durako udaletxetik gertu. Saez de Ibarrak azalpenak eman behar izan zituen egoeraren berri emateko. Arabako, Bizkaiko edo Gipuzkoako Espainiako Gobernuko ordezkariordeek alkateak ordezkatzeko aukera dute aktak egiterakoan. Hala, alkateen parte-hartzea ez da derrigorrezkoa aktak sinatzerako orduan. Aukera horretaz baliatu ziren atzo AHTko lanak aurrera eramateko tramitea egiteko. Bileran, besteak beste, Espainiako Sustapen Ministerioko ordezkariak, Adif Espainiako burdinbide azpiegituren kudeatzaileak, Espainiako Gobernuko ordezkariordetzakoak eta lurren desjabetzeak kaltetutakoak izan ziren, Espainiako EAEko Ordezkaritzako iturrien arabera.

AURREKARIA EZARRI. Atzo gertatutakoa AHT «kosta ahala kosta» aurrera eramateko gertatu behar duten tramiteen barruan kokatzen du Gasteizko AHT Gelditu! Elkarlanak. Bigarren aldia da Ordezkariordetza batean sinatzen direla AHTrako lurren desjabetze aktak. Basauri-Galdakao zatiaren aktak Bizkaiako Ordezkariordetzan sinatu ziren maiatzaren 6an. Ordea, Arrazua-Ubarrundiaren kasuan, lehen aldia da non BOEn ezarritako tokia errespetatu ez den.

Egoera horrek aurrekaria ezarri du AHTko lanen kontra agertu diren alkateak tramiteetatik kanpo uzteko. Legutioko (Araba) alkate Pedro Julian Berriozabalek desjabetze aktak sinatzearen kontra agertu ostean, Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari ohiaren gutuna jaso zuen lan horretan «ordezkatu» egiten zutela esanez.

Larunbatean Donostian manifestatzera deitu ditu herritarrak AHT Gelditu! Elkarlanak

Martxarekin eta egun osoko festa egitarau zabalarekin emango diote amaiera Gelditour ekimen ibiltariari

Azken hilabeteotako mobilizazioek, salaketa ekintzek, ekimenek eta herri galdeketek abiadura handiko trenaren aurkako iritzia gizartean sakon errotzen ari dela erakutsi dute, AHT Gelditu! Elkarlanaren ustez. Lanak gelditu, informazioa eman eta eztabaida irekitzeko eskaerak lau haizeetara zabaltzen ari direla argi dute. Hala ere, egitasmoaren arduradunek «entzungor» egiten jarraitzen dute, Elkarlanaren iritziz. Horregatik, mobilizazioaren garrantziaz ohartarazi dituzte herritarrak. Eta hartarako aukera larunbatean izango dutela gogorarazi diete, Donostian egingo den manifestazioan parte hartuz. Bulebarretik abiatuko da martxa, 17:30ean, AHT gelditu! Inposaketa gutxiago eta herri eztabaida gehiago! lelopean.

«Gehiengo sozial eta sindikalak behin eta berriro adierazi du AHTren aurka dagoela, egitasmo horrek dituen ondorio ekologiko, ekonomiko eta sozial larriengatik eta informaziorik eta herritarren parte-hartzerik gabe garatu den proiektua delako», adierazi zuten Mikel Alvarez eta Mila Elortza Elkarlaneko kideek atzo. Bide horretan, hilaren 4tik AHTk kalteak eragingo lituzkeen herriak zeharkatzen dabilen eta Donostiara larunbatean iritsiko den Gelditourra «informazio ekimen eraginkorra» izaten ari dela esan zuten.

Horren aurrean, ordea, agintariek «ez entzunarena egiten» jarraitzen dutela salatu zuten. Orain urte eta erdi Lukun (Araba) hasitako lanak Urbinara (Araba) eta Ordiziara (Gipuzkoa) zabaldu izanak, eta Galdakao-Basauri (Bizkaia) zatian lanen hasiera ostiralerako iragartzeak, agintariek presa dutela eta «aurreranzko ihesari» ekin diotela frogatzen dutela iritzi zioten.

Horiek horrela, lanak gelditzeko exijitzea, «inposizioa arbuiatzea» eta garraio ereduari buruz eztabaida sakona egitea premiazkotzat jo zituzten. Aldarri horien aldeko mobilizazioetan eta desobedientzia ekimenetan parte hartzen ari diren herritarrak zoriondu zituzten ere, halako ekimenek «instituzioetatik lanak geldiezinak direla esanez zabaltzen ari diren mezuaren gezurra» agerian uzten dutela iritzita. «AHT gelditzea posible da, eta dagoeneko esan dezakegu AHT gelditzen ari garela».

BERTSOLARIAK, KONTZERTUAK… Festak eta aldarrikapenak bat egingo dute Donostian larunbatean, Gelditour ekimenari amaiera emateko egitarau zabala prestatu baitute. Goizetik hasita, Gelditourreko kamioia, herri kirolak, sagardo dastatzea, bertsolariak, Txan magoa, herri bazkaria eta kale animazioa izango dira Parte Zaharrean. Martxaren ostean, Usurbilen kontzertua emango dute Su Ta Gar, Kaotiko, Etsaiak eta Naizroxa taldeek, 20:30ean. DJ Bullek eta Garraxi erromeriak itxiko dute jaialdia.

«AHT gelditzea posible da, eta dagoeneko esan dezakegu AHT gelditzen ari garela»

mikel alvarez

aht gelditu! elkarlaneko kidea

This entry was posted on Wednesday, May 28th, 2008 at 12:11 am and is filed under Albiste nagusiak, Desjabetzeak, Hemeroteka. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.

No Comments

Be the first to comment on this entry.

Have your say

Fields in bold are required. Email addresses are never published or distributed.

Some HTML code is allowed:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <code> <em> <i> <strike> <strong>
URIs must be fully qualified (eg: http://www.domainname.com) and all tags must be properly closed.

Line breaks and paragraphs are automatically converted.

Please keep comments relevant. Off-topic, offensive or inappropriate comments may be edited or removed.