Bizkaian hasi dituzte AHTren lanak, Galdakao eta Basauri artean
Ehun lagunetik gora Galdakaon batu ziren, espainiar estatuko ordezkariak iragarritako AHTaren lanen hasiera salatzeko.
Galdakaoko AHT Gelditu! Elkarlana:
Dagoeneko AHTaren lanak hasitzat eman dituzte Galdakao eta Basauri bitartean, eta gaurko egunean hemen batu gara horreri gure ezezko borobila adierazteko.
AHTren borroka aspalditik dator eta luzera joko du. Denbora guzti horretan zehar ez zaizkigu bakarrik lagunak gehitu; argumentu ugari gerturatuz ere joan gara, makroproiektu honen kontrako borrokaren oinarriak sendotu baino ez dituztenak egin. Inoiz gure herrian eraikitako azpiegiturarik handiena, ikaragarrizko ingurugiro kalteak sortzeaz gain, ez ditu trafiko arazoak konponduko, gutxi batzuen beharrizanei erantzungo die, lurralde desoreka areagotuko du, kontsumo energetikoaren (zentral termikoak, aldaketa klimatikoa) handiagotzea ekarriko du, erabateko desinformazioan oinarritutako prozesua izan da, inposizioaren adibide garbia da, neoliberalismo desarrollista eta xahutzailearen ikurra…
Galdakaon ere, egoera antzerakoa da. 30 ha (50 futbol zelai) baino gehiago hartuko dituen azpiegiturak, herriari inongo ekarpenik ekarri gabe, 90 milioi € gastatu behar ditu, iluntasun eta desinformazioan oinarritu da, Bekea eta Labea auzoak guztiz txikituta utziko ditu, trafiko arazo larriak ez ditu konponduko AHTren parean Supersur autopista baitator… eta abar luze bat.
Horrela azaltzen zaigu gaur egun AHTren aurkako borroka: antza ez dute entzun edo ez dute entzun nahi izan herriak ozenki eskatu duena eta txikizioarekin aurrera egitea erabaki dute. HONEN AURREAN ETAPA BERRI BATEN GAUDELA ARGI EDUKI BEHAR DUGU, DESOBEDIENTZIA ZIBILAREN ETAPA. Orain arte burututako kontzientziazio fasea indarrean dago eta indarrean mantendu behar da, baina HONEN MODUKO ERRONKARI MODU ARRAKASTATSU BATEN ERANTZUN BEHAR BADIOGU GURE BORROKA DAGOENEKO HASIAK DIREN OBRETARA ZUZENDU BEHAR DUGU. Hori argi daukagu eta horretara goaz.
Azkenik, gure agintariek beste hipokresi erakustaldi bat eskaini digute oraingo astean. Ibarretxek herriari zuzendutako galdeketaren beharra lau haizetara zabaldu du, herriak daukala hitza ozenki zineztatuz. AHTaren inguruan ere herriak erabakitzeko aukera ote dauka? Eta desobedientzia, prebarikazio eta ondasun publikoak eraltzeagatik epaitu nahi duten Aramaioko alkateak ez al zuen galdeketaren oinarrizko eskubide hori aurrera eraman? Zer gertatzen da orain arte burututako galdeketekin?
Honen guztiaren aurrean Galdakaoko AHT gelditu ELKARLANAk honakoa eskatzen du:
• AHT proiektuaren paralizazioa
• Eztabaida soziala zabaltzearen beharra
• AHTa ez da arazo isolatua, baizik eta gaur egungo garapen ereduari atxikitutako arazoa da. Beraz, eztabaida sustraiatik hobatzea ezinbesteko ikusten dugu.
AHTa GELDITZEA BADAGO!
Maiatzak 31n denok Donostira…
… eta deialdi berrien zain.
Berria» Enpresek Zaratamo inguruan bi hondeamakina sartu dituztela jakinarazi du AHT Gelditu! Elkarlanak. Araba, Gipuzkoa eta, orain, Bizkaia. Euskal Y-aren Basauri eta Galdakao arteko zatia egingo duten enpresak bertan hasi dira lanean. Paper gainean lanak hilabete hasieran hasi ziren, enpresek zuinketa aktak sinatu zituztenean. Atzo lanak tokian bertan hasi zituzten, ordea. Adif Espainiako burdinbide azpiegituren kudeatzaileak lanen hasiera baieztatu zuen, eta AHT Gelditu! Elkarlanak baieztapen hori berretsi zuen. Hala, atzo bertan Zaratamo inguruan bi hondeamakina sartu zirela jakinarazi zuen. «Eman nahi duten irudia da lanak aurrera doazela, egitasmoa ezbaian dagoen arren», azaldu zuen Jon Artetxe Elkarlaneko kideak.
Hondeamakinak goizeko hamarretan Zaratamo inguruan sartzen ikusi zituen AHT Gelditu! Elkarlaneko kide batek. Toki horretan zubi bat eraikiko da bi tunelen artean, eta Galdakao norabidean joango den tunelaren gunean hasi dira lanean. «Ez dute ezer askorik egin, baina bertan daude». Mikel Cabieces Espainiako Gobernuko EAEko ordezkariak zati horretan lanen hasieraren berri eman zuen aurreko astean, baina lastertasuna ezustekoa dela deritzote egitasmoaren aurka daudenek.
Basauri eta Galdakao arteko zatiko lanen zuinketa akta maiatzaren lehen astean sinatzen hasi ziren, Adifek jakinarazi bezala, eta orduan hasi zen zati hori egiteko epea. 28 hilabete izango dituzte enpresek zati horretako 3,5 kilometroak egiteko. Luzera horretatik gehiena lur azpian izango da, eta 2,7 kilometro tunel zulatu beharko dituzte. Nerbioi ibaiaren gainetik 438 metroko zubia egongo da. Eta 68 milioi euroko aurrekontua izango du.
Bizkaian AHTko bidearen gainontzeko zatien inguruan, Adifek jakinarazi du denbora gutxi barru zati batzuetako prozedura bizkortu nahi duela. Beste probintzietan ere lurren desjabetzeekin aurrera jarraitzen du Espainiako Sustapen Ministerioak. Aste honetan Arratzu-Ubarrundia eta Gasteizko lurrak desjabetzeko aktak egin dituzte, adibidez.
Basauri eta Galdakao arteko zatiarekin hiru dira lanetan dauden zatiak, bat probintzia bakoitzeko: Arratzu-Ubarrundia-Legutio, Ordizia-Itsasondo eta Galdakao-Basauri. Guztien artean, 11,5 kilometroko ibilbidea osatzen dute. Bizkaian AHTren lanen hasieraren kontra agertzeko dozenaka lagun bildu zen atzo Galdakaon egindako elkarretaratzean. Bertan lanen hasiera horrek eragingo dituen kalteak gogoratu zituzten AHT Gelditu! Elkarlaneko kideek. Galdakao-Basauri zatiko lanen eta AHTren egitasmoaren kontra etorkizunean deialdi gehiago egingo dituztela aurreratu zuten. Azkenik, gaur Donostian egingo den Gelditour ekimenaren bukaera izango den manifestaziora joateko deia egin zuten.
GAUR MANIFESTAZIOA DONOSTIAN. AHT Gelditu! Inposaketa gutxiago eta eztabaida gehiago leloa duen manifestazioak Donostiako kaleak zeharkatuko ditu gaur, 17:30ean. Bulebarrean hasiko da, eta toki berean bukatuko da, udaletxearen ondoan. Manifestazioaren aurretik bestelako ekimenak egongo dira. Konstituzio plazan bertsolariak, herri kirolak, sagardo dastatzea eta Txan magoaren ikuskizuna izango dira, goizeko hamaiketatik aurrera. Manifestazioaren ostean, gauean, Usurbilen (Gipuzkoa), kontzertuak izango dira.
Manifestazioaren harira, AHT Gelditu! Elkarlanak salatu egin ditu Donostiako Udalak Gelditour ekimen informatiboari jarritako trabak. Ekimeneko ekitaldi gehienetan erabilitako kamioiari, informazioa emateko helburua duen kamioiari, egon behar zuen kale guztietarako sarrera eta aparkatzeko lekua ukatu dizkio, besteak beste.
FEVEren kontrako erasoa egin dute Zallan eta arazoak izan dira zerbitzuan
Zenbait lagunek Trenbide Estuko Espainiako Trenbideak konpainiaren (FEVE) katenariko kontrapisuak moztu zituzten atzo goizean, Zallan (Bizkaia). Ondorioz, tren zerbitzua eten egin behar izan zuten Zalla eta Balmaseda (Bizkaia) artean, eta bidaiariek autobusean egin behar izan zituzten herri batetik bestera dauden 13 kilometroak. Enpresaren esanetan, katenaria moztu zuten lagunek abiadura handiko trenaren (AHT) kontrako pintaketak egin zituzten La Herrera auzoaren inguruan.
FEVEren kontrako erasoa atzo izan zen 07:10 aldean, Zallako La Herrera auzoaren parean. Zalla eta Balmaseda arteko 30 tren zerbitzu baino gehiago bertan behera utzi behar izan zituzten. Hasieran enpresak iragarri zuen 16:00etarako konponduko zutela, baina azkenean egun erdia behar izan zuten katenaria konpontzeko. 19:10 aldean konpondu zuten katenaria, trenetara energia garraiatzen duen kablea. Kaltea konpondu ostean, Zalla eta Balmaseda arteko tren zerbitzua berriro martxan ezarri zuten.
Konponketa lanek iraun zuten bitartean, Bilbo eta Zalla arteko tren zerbitzuak ohi bezala funtzionatu zuen.
+ Info:
AHTaren lanak hasi dira Zaratamon (Gaztesarea)
This entry was posted on Larunbata, maiatza 31st, 2008 at 1:26 pm and is filed under Albiste nagusiak, Egitasmoaren egoera, Hemeroteka. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.


Have your say
Fields in bold are required. Email addresses are never published or distributed.
Some HTML code is allowed:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <code> <em> <i> <strike> <strong>URIs must be fully qualified (eg: http://www.domainname.com) and all tags must be properly closed.
Line breaks and paragraphs are automatically converted.
Please keep comments relevant. Off-topic, offensive or inappropriate comments may be edited or removed.