AHTren aurkako alkate eta zinegotziek Aramaioko alkatearen auziperatzea salatu dute
AHTren aurkako udal eta hautetsien sarearen agerraldian publiko egindako irakurketa
Estatuko fiskaltzak Asier Agirreri, Aramaioko alkateari, egozten dizkion akusazio larriak direla eta, AHTren aurka gauden hautetsi eta alkateok, gogor salatu nahi ditugu administrazioek gai honetan azaltzen dituzten hipokresia eta herritarrekiko errespetu falta
Herritarrek beren eskubideak eta betebeharrak zaintzeko lanetarako hautatu gaituzten heinean, erabat lotsagarria iruditzen zaigu Espainiako Estatuko Fiskaltzak, herri-galdeketen inguruan hartu duen jarrera. Kasu honetan, Asier Agirre Aramaioko alkateari prebarikazioa, debekuari muzin egin eta ondasun publikoak bidegabe erabiltzea egozten dizkio.
Herritarrok ondo asko ikasi dugu “prebarikazio” eta “ondasun publikoak bidegabe erabiltzea” gisako kontzeptuen esanahia. Ondo asko ezagutzen ditugu beren interesen alde eta ordezkatzen dituzten herritarren interesen aurka, ondasun publikoak beren edo beren lagunen poltsikoetara bideratu eta bideratzen dituzten politikariak; herritarrok, ondo asko ikasi dugu, askotan zirko gisa funtzionatzen duen demokrazia delako honetan politikariek aurpegi bikoitza izaten dutela, lau urtean behin aukeratu eta udaletxea, aldundia, saila edo dena delakoa berena bailitzan erabiltzen dituztela. Horrexegatik, politikagintzan hain zabalduak dauden praktikak detektatu eta zigortzearen alde gaude; are gehiago, estatuko fiskaltzak esfortzu handiagoa egin beharko lukeela uste dugu. Eta esfortzu horiek Euskal Herrian sustatzen ari diren Abiadura Handiko Trenaren inposizio-prozesuan zentratuko balitu, aurkituko lituzkeen kasuak gutxi ez liratekeela izango baiezta genezake. Baina fiskaltzak, eta batez ere AHTaren aurka dauden hautetsiekin obsesioa duen Paulino Luesma Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariak, aipatu ditugun horiek guztiak betetzen dituzten politikariak salatu beharrean, Aramaioko alkatea iruditu zaio gaizkile. Zer gertatu da baina?
Lehenik eta behin, esan behar da, orain arte Euskal Herri osoko hainbat herritan AHTri buruz egin diren galdeketa, kontsulta edo inkestak ez direla egun bakarrean, bitan edo hirutan burutu diren prozesuak izan. Lanketa itzela izan dute atzetik, herritarrek beren bizitzetan eragin handia izango duen gaiaren inguruko informazio guztia izan behar baitute, eta horretarako ahalegin bereziak egin izan dira herritarrek aldeko eta kontrakoen iritziak entzun eta hausnartu ondoren berea eman ahal izateko. Lan hori guztia, herritarrak informatu eta galdetu, kasu batzuetan udaletxeek eta beste batzuetan herri-mugimenduak egin dute; inoiz ez urrunago geratzen zaizkigun eta azpiegitura erraldoi honen ardura duten administrazioek; ez Eusko Jaurlaritzak, ez Nafarroako Gobernuak, ez eta Espainiako eta Frantziako Gobernuek ere. Nor ari da prebarikatzen eta ondasun publikoak bidegabe erabiltzen? Noren diruarekin eta nork ordaindu eta agindu zituen, legearen kontra, 2004-2005ean “Euskal Y”aren Gipuzkoako zatiko eraikuntza-proiektuak idaztea? Noren dirutik eta nork bideratu ditu izugarrizko dirutzak herritarrak nahastu eta gezurrak esan besterik egiten ez duten publizitate-kanpainetara? Noren dirutik eta nork bideratu ditu AHTaren inguruko gastuak aurtengo “gastu sozialen” aurrekontuetara? Eta gehiago ez luzatzearren, azkenik, noren dirutik eta nork bideratu behar ditu diru publikotik 6.000 milioi euro baino gehiago, ekonomikoan xahutzailea, ingurumenean jasanezina eta arlo sozialean bidegabea den makroazpiegitura hau burutuko duten esku pribatuetara? Ez al da hori, Estatuko Fiskal jauna, Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkari Paulino Luesma jauna, prebarikazioa? Ez al da hori ondasun publikoak bidegabe erabiltzea? Hori guztia egiten uzteaz gain, sustatzen duzuenok, 1.500 herritar dituen herri bateko alkatea epaitu nahi al duzue? Zergatik, eta sekulako kaltea eragingo dieten azpiegitura baten gainean informazioa eskuratzen eta beren iritzia ematen utzi izanagatik?
Horren guztiaren aurrean, inposaketarekin aurrera jarraitzen duten administrazioei argi adierazi nahi diegu erabat lotsagarria iruditzen zaigula beren jokabidea; lehenik eta behin, beraiek direlako ondasun publikoak bidegabe eta herritarron interesen aurka erabiltzen dituztenak; ; eta azkenik, herritarren iritzia ezagutzeko ekimenak kriminalizatu eta epaileen aurrera eramateak, argi uzten duelako herritarrek esan eta pentsatu dezaketenarekiko sentitzen eta adierazten duten errespetu falta nabarmena dela.
+ Info:
AHTri buruz egindako herri galdeketak
AHTren inguruko galdeketa antolatzeagatik auzipetutako Aramaioko alkateari babesa adierazi diote hainbat hautetsik (Berria.info)
Aramaioko alkatearen auziperatzea salatu dute AHTren kontrako udal hautetsiek (Gara.net)
Varios cargos electos muestran su apoyo al alcalde de Aramaio (Eitb24.com)
Alcaldes y ediles denuncian la acusación al alcalde de Aramaio (gara)
AHTren aurkako hautetsiek «lotsagarri» iritzi diote galdeketak «kriminalizatzeari» (berria)
Tachan de “hipócrita” el juicio de la consulta del TAV en Aramaio (DNG)
Nueve consistorios con el alcalde de Aramaio (DV)
Critican la “hipocresía” del juez por la consulta del TAV en Aramaio (Deia)
This entry was posted on Larunbata, apirila 19th, 2008 at 5:20 pm and is filed under Albiste nagusiak, Herri galdeketak. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.


Have your say
Fields in bold are required. Email addresses are never published or distributed.
Some HTML code is allowed:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <code> <em> <i> <strike> <strong>URIs must be fully qualified (eg: http://www.domainname.com) and all tags must be properly closed.
Line breaks and paragraphs are automatically converted.
Please keep comments relevant. Off-topic, offensive or inappropriate comments may be edited or removed.