AHT Gelditu! Elkarlanak kontzentrazioa deitu du hilaren 28rako Gasteizen
“Agintariei galdetzen diegu: ez al da AHT egitasmoa gelditu eta hausnartzeko unea?”. AHT Gelditu! Elkarlanak, Arrasateko manifestazio jendetsuaren balorazioa egin du gaur goizean Gasteizen. Bide batez, dei egin die herritarrei, hilaren 28an, 12:00etan, Eusko Legebiltzarraren parean kontzentratzeko, bertan, AHT finantzatuko duten aurrekontuak onartuko dituztela-eta.
AHT Gelditu! Elkarlanaren adierazpena:
AHT Gelditu! Elkarlanak larunbatean Arrasaten egindako manifestazioa baloratu nahi du agerraldi honetan. Lehenengo eta behin, salatzen dugu, oso gogor salatu ere, Estatu espainolak aginduta Guardia Zibilak eragotzi nahi izan zuela herritarren oinarrizko eskubide bat, manifestazio batean parte hartzekoa alegia. Eragotzi nahi eta zenbait kasutan lortu ere, zeren eta hainbat izan ziren ordu eta erdiz gelditurik izan zituzten autobusak. Baina ez Guardia Zibilak, ez beste inork ez du lortuko herritarrek Abiadura Handiko Trenaren aurka duten jarrera isilaraztea.
Arrasaten ikusi zen, oztopoak oztopo eta mehatxuak mehatxu, gero eta indar handiagoa duela AHTrekiko errefusak. Arrasaten 15.000 lagunetik gora baldintza horietan batu izanak, Espainiako sustapen ministerioari, Ibarretxeri eta Sanz-i gogoeta eragin beharko lieke. AHT Gelditu! Elkarlanak, manifestazio arrakastatsu honen ostean, galdera zuzena egiten die agintariei: Euskal Herrian Abiadura Handiko Trenik ez dugula behar eta ez dugula nahi hain sustraituta egonik, orain arte egindako herri galdeketetan herritarren %90ek baino gehiagok egitasmoari ezetza emanik, Unibertsitatetik egindako iritzi-ikerketak egitasmoaren inguruan izan den informazio eta parte hartze eza horren nabarmen utzita eta aldekoen argudio eza ageriko kontua izanda, ez al duzue geldiarazi behar egitasmoa?
Joan den astean Espainiako Sustapen Ministra Magdalena Alvarezek Estatu espainoletik etorri da esanez egitasmoa atzeraezina dela, jarrera ezin autoritario eta inposatzaileagoa agertuz. Aldiz, denok dakigu egitasmoa ez dela inolaz ere atzeraezina, are gutxiago eraikuntza lanak zati bakar batean baino hasi ez dituzten honetan, eta beraz ez dagoela aitzakiarik zentzuzko erabakia hartzeko: AHT egitasmoa gelditu, herri eztabaida zabalari bide eman eta erabaki ahalmena herritarrei itzuli.
Etengabe aipatzen dute interes orokorreko egitasmoa dela. Hain denez orokorra, inork ez du ikusten. Zaila da orokorra dela defendatzea denon poltsikoetatik aterako diren 10.000 miloi euro eraikuntza enpresarien poltsikoetara joango direnean. Are zailagoa, joan-etorri motorizatu guztien %0,15 baino ez dituela hartuko gogoratzean. Zentzu horretan, Sustapen Ministerioak ere idatziz aitortua du AHT errentagarritasun sozial eta ekonomikorik ez duen egitasmoa dela. Eta irrigarria da AHT iraunkorra dela esatea. Ingurumen ikuspegitik hain direnez argiak eragingo lituzkeen kalteak, Eudelek berak ere aitortu behar izan du inpaktu horien tamaina.
Aditu ezberdinek eta herri mugimenduak berak horien frogak aurkeztu eta azaldu dituzte eta inork ez die datuekin kontra egin. Hedabideek debateren bat antolatu nahi izan dutenean, ez dute AHTren aldekorik aurkitu. Berdin herrietan erreferendumak egin aurretik mota guztietako iritziak plazaratu nahi izan direnean. Argudiorik ez dutenez, inposatu egiten dute eta kitto. Kriminalizazioaren saihesbidea hartu, eztabaida desitxuratu, aurkako ahots oro isilarazi eta aurrera. Tamalgarria eta sinesgaitza da entzutea [Nuria Lopez de Gereñu] andereari esaten egitasmoa interes orokorrekoa eta Europa mailako denez Euskal Herriaz haratago doala honetan erabakitzeko eskubidea. Hori al da euskal herritarren interesak defendatzea?
Onartezina da Jaurlaritzak 2008an 560 milioi euro, 88.798 miloi pezeta, Abiadura Handiko Trenera bideratzea, gastu sozialerako partidak murriztu dituzten bitartean, esaterako etxebizitza, euskara eta osasungintzarakoak. Hori da al da herritarren beharrak asetzea? Ez dago hau onartzerik eta horregatik AHT Gelditu! Elkarlanak protesta-bilkura deitzen du abenduaren 28rako 12:00etan Gasteizko Legebiltzarraren aurrean. Herritar guztioi ari zaizkigu sosak lapurtzen eta geuk ez ezik geure ondorengoek ere ordaindu beharko lukete AHT, azkenerako egingo balitz.
Amaitzeko, egindako galdera zehatza berresten dugu. AHTren aurka herritarren errefusaren seinaleak hain argiak izanda, geldituko duzue egitasmoa ala inposaketaren bidean jarraituko duzue?
Erantzuna azken hau bada, jakin dezatela herri mugimendu hau, bere aniztasunean eta sentsibilitate guztiak kontuan hartuta, oso indartsu dagoela, asterik aste herri eta eskualde gehiagotan gaudela antolatuta eta lanean, gero eta jende gehiago batzen zaigula. Eta batez ere, Abiadura Handiko Trena gelditu daitekeela eta geldituko dugun konbentzimendua dugula.
Gasteizen, 2007ko abenduaren 18an.
AHT Gelditu! Elkarlana
Informazio gehiago:
AHTri buruz hausnartu eta egitasmoa gelditzeko eskatu diete agintariei (GARA.INFO)
AHT Gelditu! Elkarlana: “¿Van a paralizar el TAV o van aseguir con la imposición?” (GARA)
Egitasmoa geratzeko eta gogoeta egiteko unea dela dio AHT Gelditu!-k (BERRIA)
This entry was posted on Tuesday, December 18th, 2007 at 5:31 pm and is filed under Agenda, Albiste nagusiak, Mobilizazioak. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.


Have your say
Fields in bold are required. Email addresses are never published or distributed.
Some HTML code is allowed:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <code> <em> <i> <strike> <strong>URIs must be fully qualified (eg: http://www.domainname.com) and all tags must be properly closed.
Line breaks and paragraphs are automatically converted.
Please keep comments relevant. Off-topic, offensive or inappropriate comments may be edited or removed.