AHT Gelditu! Elkarlanak egungo egoeraren gaineko hausnarketa egin eta larunbatean Tolosa eta Tuterako manifestazioetan parte hartzeko deia luzatu nahi die herritarrei
Gehiengo sozial eta sindikalak askotan adierazi du AHTren aurka dagoela, dituen ondorio ekologiko, ekonomiko eta sozial larriengatik, baita informaziorik eta herritarren parte-hartzerik gabe garatu den egitasmoa delako. Halaber, behin eta berriz eskatu du egitasmoa gelditzeko, egiazko informazio objektiboa zabaltzeko eta debate sozial sakona ireki dadila.
Horren adibide argia da Euskal Herri zabalean azken urtean izandako mobilizazio, salaketa- ekitaldi eta pronuntziamendu andana, baita zenbait herritan egindako herri-kontsultak ere.
Ildo horretan, nabarmentzekoa da Anoeta eta Elorrion burututako herri galdeketen emaitza, non herritarrek ezezko borobila eman dioten AHTari. Eta azpimarratzekoa da ere Arrasateko manifestazioa, milaka lagunek beren ahotsa altxa zutelako proiektu txikitzailearen aurka.
Hala ere, egitasmoaren arduradunek ez entzunarena egiten segitzen dute AHT gelditzeko eskari herrikoiaren aurrean, baita inposaketaren bidean urrats berriak egiten ere.
Horrela, gogor salatzen dugu Nafarroako Korridorea eraikitzeko Nafarroako Gobernuaren eta Espainiako Gobernuaren finantziazio hitzarmena sinatzear egotea.

Goierriko lurretan gauzatzen ari diren kata eta sondeoak, eta Donostiako alkate Odon Elorzak eta Fomento ministerioko buru Magdalena Alvarezek AHTa iristen denerako Atotxako geltokia eraberritzeko sinatu duten kolaborazio hitzarmena ere salatzen ditugu, tinkotasun berberarekin salatu ere.
Era berean, egitasmoaren aurkako oposizioa gero eta sendoagoa dela jakitun, arduradunak gezurra eta manipulazioa erabiltzen ari dira berau justifikatzeko:
- Eusko Jaurlaritzak guztion diruarekin ordaindutako propaganda kanpaina lotsagarria jarri du martxan. Kanpaina honekin herritarrok tontotzat hartzen gaituzte, AHTaren joan-etorriei behi aurpegiz begiratu nahi bagenie bezala. Hobe egingo lukete, gutxi batzuen interes ekonomikoen mesederako den egitasmoa defenditzeko erabiltzen ari diren dirutza eta esfortzu hori guztia, egiazkoa eta objektiboa den informazioa eskaintzera edota etxebizitza bezalako behar sozial larriak asebetetzera zuzenduko balituzte.
Testuinguru honetan Gobernu espainoleko ordezkaria den Luesma jaunak herri-kontsulten eta udalen ekimen konkretu batzuen aurka abiatu duen gurutzada ere salatu nahi dugu. Guztiz demokratikoa den ariketa bat debekatzeko eskaria egitearekin nahikoa ez, eta orain herritarrok hautatutako udaletxeek hartu ditzaketen erabaki batzuen aurrean “trikiñuela” legalik ez dutela onartuko esanez datorkigu, egitasmoaren izaera inposatzailea ezin ageriago utziz.
Bestalde, azken hilabeteetan jasaten ari garen toxikazio eta manipulazio operazioak eman ditu bere lehen fruituak. Egitasmoaren aurkako mugimendua kriminalizatzetik, oposizioa bera errepresioaren bidez kolpatzeko jauzia eman dute. Honen erakusgarri da Beasainen desobedientzia ekintza publiko eta baketsu batean parte hartzeagatik bi lagun Auzitegi Nazionalera bidali izana.
Kriminalizazioaren eta errepresioaren atzean asmo makurrak ezkutatzen dira: AHT-ren aurkako oposizioa gero eta indartsuagoa, zabalagoa eta anitzagoa denaz jakitun, berau ahuldu nahi dute. Halaber, eztabaida desbideratu eta desitxuratu nahian dabiltza; AHT-ren izaera antisozial eta antiekologikoa ezkutatu, eta eztabaida, ordena publikoaren inguruko afera batetan bilakatu nahian dabiltza. Guztiarekin, AHT egitasmoaren inposaketa gauzatu nahian dabiltza.
AHT Gelditu! Elkarlana, bere aldetik, AHT egitasmoaren inposaketa bertan behera utz dadin eta haren oinarrian den garraio, lurralde antolaketa eta gizarte ereduaren inguruko herri eztabaida zabalari ateak zabal dakizkion exijitzen jarraituko du, baita bide horretan, orain arte bezala, instituzioak ezkutatzen ari diren informazioa zabaltzen eta eztabaida eta mobilizazioa bultzatzen ere.
Honegatik, mobilizazioa inoiz baino beharrezkoagoa delako, datorren larunbatean AHTaren aurka Tuteran (19:30ean tren geltokitik) eta Tolosan (17:00etan Triangulo plazatik) egingo diren manifestazioetara joateko deia luzatu nahi diegu herritarrei.
Eguneraketa: Hilak 25ean garan : Batasunak eta ANVk AHTren aurkako manifestazioetarako deia egin dute
eta jarraian Ekologista Martxan bidalitako atxekimendua
EKOLOGISTAK MARTXAN-EK BAT EGITEN DU BIHARKO AHT-REN AURKAKO TUTERAKO MANIFESTAZIOAREKIN
AHTren kontra eta tren sozialaren alde manifestazioa eginen dute bihar, larunbatarekin, Tuteran, 19:30ean, Tren Geltokiko plazatik abiatuta.
Ekologistak Martxanek bat egiten du manifestazioaren leloarekin eta antolatzaileen planteamenduekin, eta horregatik, manifestazioan parte hartzera deitzen du.
Sistema kontsumista honen xahutze energetikoaren ikur da Abiadura HandikoTrena. Erakundeen aldetik energia aurreztera bultzatzen gaituzten garai hauetan, erabat tokiz kanpo gelditzen da halako tren bat. Energia eta diru pila xahutuko dute hura eraikitzen, eta energia pila xahutuko du martxan jartzen badute (tren arrunt batek gastatzen duena halako sei). Eta hori guztia Madrilera 30 minutu lehenago ailegatzeko. Benetan beharrezkoa dugu hori?
Kiotoko hitzarmena eta gisakoak sinatzen dituzte gure gobernuek, baina gero ez dituzte betetzen (eta betetzetik oso urruti gelditzen dira). AHT-k helburu horietatik gehiago urrutiratuko gaitu. Nafarroako Energia Planak aurreikusten du 2010erako %102 handituko direla Nafarroako C02 igorpenak (1990eko maila abiapuntu hartuta); nahiz eta Kiotoren arabera bakarrik %15 handitzen ahal ditugun. 8 milioi tona C02 igorriko ditugu Nafarroatik, eta horietatik 3 Castejongo zentral termikoek sortuko dituzte (orain duten potentzia bikoizten badute, bederen). Hain zuzen ere, AHT-k oso beharrezkoak ditu Castejongo zentralen gisako energia iturri handiak, tren hori abiadura horretan mugitzeko energia kopuru oso handia behar baita.
Horren harira, Ekologistak Martxanek zorionak eman nahi dizkie zentralen aurkako plataformako kideei, Hidrocantabricoren zentralaren bikoiztea eragotzi dutelako. Eta animoak helarazi nahi dizkiegu, martxan dauden bi zentralak ixteko borroka horretan jarrai dezaten.
Eta zentralen kontura, zera erran nahi diogu Nafarroako Gobernuari: energia berriztagarrietan benetan sinisten badu, energia kontsumoa murriztu behar dugula benetan uste badu, eta aldaketa klimatikoari aurre egin behar diogula benetan pentsatzen badu, Castejongo zentral termikoek ez dute lekurik
borroka horretan (beraz, ez lituzke bultzatu behar), ez eta AHT bezalako egitasmo xahutzaileek ere.
Ekologistak Martxan
Iruñean, 2008ko urtarrilaren 25ean
This entry was posted on Asteazkena, urtarrila 23rd, 2008 at 4:27 pm and is filed under Albiste nagusiak, Mobilizazioak. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.


Have your say
Fields in bold are required. Email addresses are never published or distributed.
Some HTML code is allowed:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <code> <em> <i> <strike> <strong>URIs must be fully qualified (eg: http://www.domainname.com) and all tags must be properly closed.
Line breaks and paragraphs are automatically converted.
Please keep comments relevant. Off-topic, offensive or inappropriate comments may be edited or removed.