AHTren aurka milaka lagun bildu dira Tolosan eta Tuteran manifestazioetan
Abiadura Handiko Trenik ez dutela nahi ozen aldarrikatu zuten atzo milaka lagunek Tolosan (Gipuzkoa) eta Tuteran (Nafarroa) eginiko manifestazioetan. Inposiziotzat jo zuten AHTren egitasmoa manifestariek, eta haren gainean herritarren hitza eta erabakia errespeta ditzatela eskatu zieten agintariei.
Triangelu plazatik 17:00ak pasatxo zirela abiatu zen Tolosako manifestazioa, bi traktore buru zituela. Ynposaketarik ez leloa aukeratu zuten Tolosaldeko AHT Gelditu! Elkarlanekoek aldarri nagusitzat, eta egitasmoaren aurkako oihuen artean egin zuten milaka manifestariek ibilbide osoa. «Txikizioa gelditu», «EAJ txikitzailea», «Ez, ez, ez, AHTrik ez» eta «Herriak bizirik, AHTrik ez» behin eta berriro oihukatu zituzten herritarrek.
Ertzaintzaren bi furgoneta joan ziren martxaren aurrealdean eta atzealdean uneoro, eta kamerekin grabatu ere egin zituzten manifestariak. Horren gainetik, Tolosako kaleak lasai eta festa giroan zeharkatu zituzten herritarrek ordubetez; herri galdeketen eta proiektua gelditzearen aldeko pankartak eskuetan zenbaitzuk, AHT Gelditu! Elkarlanaren banderak soinean beste batzuk. Trikitilariek eta batukada batek lagunduta egin zuten bidea guztiek.
Behin Plaza Berrira iritsita, txalapartariek eta adarraren hotsek egin zioten harrera martxari. Musika, antzerkia eta AHTren lanen inguruko irudiak ikusi ahal izan zituzten plazan bildutakoek. Eta baita bertso saio umoretsua ere, Nuria Lopez de Gereñu Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herrilan sailburua irudikatzen zuen lagun baten eta AHTk kalteak eragindako herritar baten artekoa.
Tolosaldeko AHT Gelditu Elkarlaneko kide batek hartu zuen hitza ekitaldi amaieran, egitasmoaren aurka egoteko arrazoiak gogora ekartzeko. Eta milaka direla esan bazuen ere, bi nagusi nabarmendu zituen hizlariak; ekologikoki nahiz sozialki ekarriko dituen kalteak.
Agintariei «inposaketaren bidetik» aritzea egotzi zien Tolosaldeko AHTren aurkako mugimenduak. Horren ordez, informazioa emateko, eztabaida sustatzeko eta herritarrek galdeketetan emandako iritzia errespetatzeko deia egin zien. Halaber, martxan den «kriminalizazio kanpaina» salatu zuen mugimenduak, eta horren lekuko jarri zuen bi gazte Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitzeko erabakia, Beasainen (Gipuzkoa) protesta baketsu batean parte hartzeagatik.
Horiek horrela, AHTren aurkako ekimenetan parte hartzeko deia egin zien mugimenduak herritar guztiei, egitasmoarekiko aurkakotasuna agertu eta erakundeek banatzen ez duten informazioa gainerako herritarrei helarazteko.
Eskualdeko alderdi politiko eta eragile ugariren babesa izan zuen atzoko manifestazioak. Besteren artean, Tolosaldeko ezker abertzaleak, EAE-ANV, Aralar eta EB-Berdeak alderdiek, udal independenteek, LAB eta EHNE sindikatuek, Segik, Bilgune Feministak, Tolosaldeko Gazte Asanbladek, Alpino, Oargi eta Haitzetan Raju mendi elkarteek, Amaroz eta San Estebango auzo elkarteek eta arraun klubak agertu zioten sostengua manifestazioaren aldarrikapenari.
ERRIBERAKO PLATAFORMAK DEITUTA. Aldarri berberak ozen entzun ziren Nafarroako Erriberan, ehunka herritarrek Tuteran eginiko manifestazioan. Besteren artean, Batasuneko, Nafarroa Baiko eta ezkerreko zenbait hautagaitzatako ordezkariak batu ziren Tuteran, AHT ez ezik, egitasmoari lotuta ikusten dituzten zentral termikoen eraikuntza salatzeko.Hala, egitasmoa gelditzeko eskatu zuen Erriberako Plataformak. AHTren ordez, ahalik eta herritar gehienengana iritsiko den tren publikoa aldarrikatu zuen, herriak elkartuko dituena, errepideei alternatiba erreala emango diena eta ingurumena errespetatuko duena.
Eta gara-n gaurko berria honela dio
Ehunka lagun bildu dira Tolosan eta Tuteran AHTren aurka
Atzokoan AHTren aurkako ahotsak Euskal Herriko punta batean eta bestean entzun ahal izan ziren. Ehundaka lagun izan ziren Tolosa eta Tuterara hurbildu eta jendartean nahastuta “AHTrik EZ!” ohikatu zutenak.

Tolosako manifestazioa Triangulo plazatik irten zen 17:00ak pasatxo nekazariek bertaratu zituzten bi traktoreak buru zituztela. Bi makinak AHT Gelditu! Elkarlanaren banderolaz jantzita zihoazen; hor ikusi ahal izan genuen EHNE sindikatuko Eneko Karrera, traktorean makildun banderola jartzen. Traktoreen atzean pankarta “Ynposaketarik ez! AHT Gelditu” zetorren, Tolosaldeko AHT Gelditu! Elkarlaneko jendeak zeramana. Ondoren ehundaka lagun, pankarta eta banderolez josita; perkusio eta trikitixak Tolosan jai giroan zeudela adierazten zuen. Ibilbidea luzea izan ez bazen ere, ertzaintzak manifestarien “segurtasuna” ondo zaindu zuela adierazi zuten hainbat manifestarik. Bukaerako ekitaldia berezia izan zen oso, bertako mendia irudikatzen zuen pailazoak barreak lapurtu zizkien bertaratuei eta Nuria Lopez de Guereñu eta bertako baserritarraren arteko elkarrizketak, berriz, algarak. Deabruak teilatuetan taldeko kideek ere abesti bat eskaini zuten eta azkenik, AHTren aurkako arrazoiak gogoratu eta kontra dagoen mugimendua indartzeko deia zabaldu zuten.
Bestalde, Tuterako manifestazioan 900 pertsona inguru bildu ziren “AHTrik ez! Tren sozialaren alde” lelopean. Manifestaziorako atxikimendua ondorengo taldeek eman zuten: CGT, ELA, LAB, ANV, Batasuna, PCPE-La Rioja, UPSC-KHBS, CIC, Gurelur, Lurra, Ekologistak Martxan, AHT Gelditu Elkarlana, Iruñea, Sakana eta Tafallako AHTren aurkako asanbleak, Kimetz, Plataforma de La Ribera + Centrales No eta Asociación Vecinal “Valentín Plaza” de Castejón. Manifestazioaren bukaeran, antolatzaileek gogor salatu zuten Abiadura Handiko Trena sustatzen duten agintarien jarrera:
Ezin omen dugu “Progresoa” galdu. Hala diote behintzat Nafarroako agintariek (UPNk-CDNk eta PSNk). Hilabeteak daramatzate Abiadura Handiko Trenak Nafarroari ekarriko dizkion onurak eta abantaiak zabaltzen, nafartar guztion diruarekin ordaindutako abiadura handiko trenak.
Baina bagaude beste Nafarroako herritar batzuk ere, non geure buruari galdetzen diogun, zergatik ez diguten argi eta garbi azaltzen zer nolako eraginak izango dituen inposatutako tren honek, ze ondorio ingurugiroan, ze ondorio gizartean eta ze ondorio ekonomikoak. Zergatik izkutatzen dizkigute ondorio hoiek? Edo, ez dizkigute aipatu nahi?
Hemen gaudenok Abiadura Handiko Trenaren aurka gaude. Gizarterako tren publiko bat nahi dugu. Ahalik eta toki eta pertsona gehiengana hurbiltzen dena, herriak eta lurraldeak elkartzen dituen trena. Benetan errepidearen alternatiba bat izango den trena. Garapen Iraunkoarra osatzen duena eta ditugun baliabide eta neurriak aprobetxatuz, Ingurugiroarekin adeitsua izango dena. Egungo trenbidea handitzea eta hobetzea gizartearen beharreei erantzun behar dio, bere koste ekonomikoa, ekologikoa eta energetikoa, eskeintzen duen zerbitzuari proportzionala, eta gestioa eta jabetza guztiz publikoa.
Hona hemen bukaerako diskurtsoa / discurso final
Y, en castellano, tanto, Diario de Noticias de Gipuzkoa refleja la manifestación de Tolosa: Cientos de personas se manifiestan en Tolosa en contra de la ‘Y’ vasca , como la de Tudela en su hermano Diario de Noticias Medio millar de personas, contra el TAV en Tudela .
This entry was posted on Igandea, urtarrila 27th, 2008 at 1:45 pm and is filed under Albiste nagusiak, Mobilizazioak. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.



Have your say
Fields in bold are required. Email addresses are never published or distributed.
Some HTML code is allowed:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <code> <em> <i> <strike> <strong>URIs must be fully qualified (eg: http://www.domainname.com) and all tags must be properly closed.
Line breaks and paragraphs are automatically converted.
Please keep comments relevant. Off-topic, offensive or inappropriate comments may be edited or removed.