Erabakitze eskubidearen inguruko Adar jotzearen aurrean Sentada, Pankartak eta Galderak
AHTren aurkako asanbladaren bloga» Gaur goizean, parte hartzeari buruzko ikastaroko Ibarretxe lehendakariaren aurkezpena dela eta, Abiadura Handiko Trenaren aurkari talde bat Miramar Jauregiaren sarreran eseri eta lotu egin da, beste batzuk inguran pankartak jarri dituzte, eta kurtsoan zeuden beste batzuk lehendakariari zuzenean galdegin diote.
Ekintza hauek guztiak lehendakariaren jarrera salatzen dute. Parte hartzeari buruz hitzegiten du eta kontsulta aldarrikatzen du, baina AHTren aurka agertu diren hainbeste eta hainbeste pertsonei entzungor egiten die eta jadanik kontsulta egin duten herrien erabakia ez du errespetatzen.Goizeko bederatziak baino lehenago 20 pertsona inguru Donostiako Miramar Jauregiaren sarreran eseri da, Ibarretxe lehendakariak UPV-EHUko Udako Ikastaroetako parte hartzeari buruzko ikastaroaren aurkezpena hastera zihoan tokian. Beraien artean lotuta AHTren aurkako aldarriak oihukatu dituzte eta AHTren inguruko kontsultak egin diren 11 herrien izenak zituzten kartelak erakutsi dituzte (AHTren kontrako emaitza argia izan da guztietan).
Kanpoan, errepide eta pasealekuaren inguruan ere salaketa bera daukaten pankartak jarri dira: Herriak erabaki, NO TAV, AHTrik ez.
Konferentzia areto barruan, lehendakariak aurkezpenaren bukaeran salaketa berdinaren inguruko galderak entzun behar izan ditu: “Nola egin daiteke bateragarri parte hartzearen aldeko bere mintzaldia aldi berean Abiadura Handiko Trenari buruz hainbat herritan egin diren kontsultei kaso ez egitearekin?”
Gaur bertan ere, goizeko 12etarako kontzentrazioa eta “AHT eta Herri Kontsulta” parodia deitua dago Miramar Jauregiaren azpikaldean dagoen Ondarreta pasealekuan.
Hau da protesta ekintzaren komunikatu osoa:
ERABAKIAK,AHT, ESKUBIDEAK, JENDARTEAREN ERRONKAK ETA ADAR JOTZEAK.
Ibarretxe jauna hiritarron parte hartzearen onuraz hitz egitera datorkigu. Guk ere uste dugu hiritarrok erabakiak hartzeko ahalmena eduki beharko genukeela gure jendartean eragina duten gaietan. Baina harrigarria eta kontraesankorra iruditzen zaigu Ibarretxeren aldarrikapena herritar asko eta askoren nahiaren aurrean entzungor egiten duen bitartean.
Euskal herritar multzo handi batek Abiadura Handiko Trenaren egitasmoa arbuiatzen denbora luze daramagu. AHTk eta berak dakarren jendarte eredua ezbaian jarri dugu behin eta berriro.
Kontsulta aldarrikatzen du Lehendakariak. Herri askotan galdeketak jadanik burutu direla esan behar diogu guk: Urbinan, Gasteizko 20 kontzejuetan, Itsasondon, Atxondon, Alegian, Aramaion, Angiozarren, Elorrion, Anoetan, Uztaritzen eta Mugerren AHTren inguruko Herri Kontsultak egin izan dira eta udalerri guzti hauetan EZEZKO borobil bat eman dio gehiengo batek AHTri. Emaitza ez da harritzekoa beste aldetik, herri hauek guztiak AHTk kaltetu zuzenak direla kontutan hartuz.
Baina kontsulta hauei guztiei jaramonik ez die egin Eusko Jaurlaritzak eta hori gutxi balitz AHTren lanak hasteari ekin dio. Beraz, zertaz ari da Ibarretxe kontsultaren beharra aipatzen duenean?
Gure egunerokotasunean eragina duten gaietaz deliberatzearen eta erabakitzearen alde gaude. Herritarrok herriz herri eta auzokideok auzoz auzo gertutasunean eta askatasunean oinarritutako harremanen bitartez deliberatzeko eta erabakitzeko ahalmena defendatzen ditugu. Eta AHTk bezala beste egitasmoek kaltetuak suertatuko liratekeen herri eta auzoen BETO eskubidea ere defendatzen dugu.
Baina AHTren inguruan eztabaidatu eta erabaki beharrekoa politikari profesional, enpresari mafioso eta legebiltzarkideei soilik dagozkiela diote biztanleon iritzien beldur dauden horiek. Baina gure irudikoz politikariak bozka emaile batzuen sasi-ordezkariak besterik ez dira eta ondorioz ez dute eskubiderik edozein egitasmo herritar guztioi inposatzeko. Herritarron ordez gutxi batzuek erabakiak hartzen dituzten neurrian demokrazian baino tiranian bizi garela baiezta dezakegu. Gainera gaur egun negozioek eta politikak bat egiten dute eta ez dakigu non bukatzen den politikaria eta non hasten den enpresaria. Panorama tamalgarri honetan argi dago herritarron iritzia eta ekimena oztopoak besterik ez direla politiko eta enpresariek dirua eta boterea pilatzeko bidean. Galde diezaiogun bestela Altuna eta Uriari, EAJ-PNVren enpresa eraikitzaile eta AHTren lanen adjudikatzaileari herritarron erabakitze eskubideari buruz!
Parte hartu! esaten digute agintariek. Parte BAT hartu eta ez gehiagorik! entzuten dugu guk. Hartu zati bat, guk zeuen muturrean dena hartzen dugun bitartean. Beraientzako diruaren pastela, guretzako ordainak eta orbainak, AHTk eta azpiegitura erraldoiek eragingo lituzkeenak bezalakoak. Lurraldea zatitu eta pertsonen arteko harremanak zatikatu. Krisi garaia aipatzen dute baserri lurrak eta famili ustiaketak txikitzen dituzten bitartean. Izakion Bizitzaren oinarriak diren ura eta lurra serioski kaltetuak suertatuko lirateke beraien plan zitalak gauzatuz gero. Beraz krisialditik ateratzeko Bizitzaren aurka jo behar omen dute.
Ez al du honek argi uzten agintarien aurrerapen eta garapena Heriotzaren aldeko hautua dela abiadura handian?
AHTren ETA PROIEKTO TXIKITZAILE OROREN AURKARIAK.
Info +:
«Habla de participación ciudadana y hace oídos sordos al rechazo al TAV» (gara)
Opositores al TAV interrumpen el discurso del lehendakari (Correo)
This entry was posted on Astelehena, iraila 8th, 2008 at 11:59 am and is filed under Albiste nagusiak, Mobilizazioak. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.


Have your say
Fields in bold are required. Email addresses are never published or distributed.
Some HTML code is allowed:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <code> <em> <i> <strike> <strong>URIs must be fully qualified (eg: http://www.domainname.com) and all tags must be properly closed.
Line breaks and paragraphs are automatically converted.
Please keep comments relevant. Off-topic, offensive or inappropriate comments may be edited or removed.