EHNEk dio AHTk kolokan jartzen duela baserritarren etorkizuna
berria Euskal Jaietan egiten den azoka berezia aprobetxatuz, Ordiziara (Gipuzkoa) eraman zuen atzo EHNE sindikatuak AHTren aurkako protesta. Han egindako elkarretaratzean salatu zuenez, AHT eta halako azpiegiturek kolokan jartzen dute baserritarren etorkizuna. «Azpiegiturak lur sail handiak hartuko ditu, eta horrek gure etorkizuna hipotekatuko du. Hori ikusirik, baserritik bizitzen jarraitu nahi dugula aldarrikatzen dugu, eta baserriek bizirik jarraitzen dutela. Oso harro gaude baserritarrak izateaz». Halaber, Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen Euskal Hiria ikusirik, herrien aldeko apustua berretsi zuten. «Gure filosofia ia haien guztiz kontrakoa da».
Nekazarien sindikatuaren irudiko, AHT eraikitzeak ez du zentzurik. «Euskal Herriak duen orografia aldapatsua kontuan hartuta, ezin da halako proiekturik egin. Ez du zentzurik. Aurretik eramango ditu bidean topatzen dituen mendi guztiak». Gezurretan ibiltzea leporatzen diete proiektuaren bultzatzaileei. «Zati handi bat tunel azpitik joango dela esaten dute, eta horrek ez duela kalterik eragiten. Baina kalteak berdinak edo larriagoak dira. Lur azpian doazen urak galdu egingo dira, eta tunelen eraikuntzatik ateratzen diren hondakinak norabait eraman beharko dira. Publizitate kanpaina bat baino ez dira egiten ari».
Herritarrei hitza ematea exijitu dute. «Ibarretxe behin eta berriz dabil esaten herriari hitza eman behar zaiola. Hain zuzen ere, hori eskatzen diogu guk hari: herritarrei galdetzea ea AHT eraikitzea nahi duten, edo ez».
Herritarrei, bestalde, AHTren aurka indarrak batzeko eskatu die EHNEk. «Oraindik ez da berandu abiadura handiko trena gelditzeko. Orain da garaia denak elkartzeko eta proiektuari aurpegia emateko».
Ordizia-Itsasondo zatia
Apirilean eman zituen abiatutzat Eusko Jaurlaritzak AHTren lanak Ordizia eta Itsasondo arteko zatian. Lurranek bulegoaren bidez, lurra desjabetzeko prozesuetan «ia jabe guztiekin» adostasuna lortu zuela iragarri zuen, halaber, Jaurlaritzak.
Uztailaren 9an ziren sinatzekoak Espainiako Gobernuak Donostian duen ordezkaritzan Ordizia-Itsasondo zatiko AHTren obretako desjabetze akten altxamenduak. Itsasondoko eta Legorretako udalek, ordea, uko egin zioten sinatzeari. Bi udalek eskualdeko EAE-ANV, Aralar eta EB Berdeetako hainbat hautetsiren babesa jaso zuten. «Aktak Espainiako Gobernuak duen ordezkaritzetan sinatzeak zapalkuntza bikoitza dakar: udalen eskumenena batetik, eta lurjabeen eskubideena bestetik», salatu zuten. Hala, desjabetze aktak lurretan sinatzea exijitu zuten. Gainera, herritarren artean garraio eredu sozial bati buruzko eztabaida «sakona eta benetakoa» hasteko galdegin zieten Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari.
Eusko Jaurlaritzak gaurko egin du berriro ere desjabetze aktak sinatzeko deialdia. Hori gaitzesteko, elkarretaratzeak antolatu ditu gaurko AHT gelditu! Elkarlanak. Legorretan 09:00etan egingo da protesta, udaletxearen aurrean; Itsasondokoa, berriz, 10:15ean izango da, udaletxe aurrean baita ere.
AHT gelditu! Elkarlanak salatu duenez, Ordizia-Itsasondo zatian 30 lurjabe desjabetuko dituzte. «Nahitaezko desjabetzeak izango dira; lurjabe askoren borondatearen aurka egindakoak bakarrik ez, haien oinarrizko eskubideen kontra egindakoak ere».
Itsasondoko lurjabe batek bizi izandakoA jarri dute horren adibide. Hark azaldu dienez, Eusko Jaurlaritzak bidalitako desjabetze enpresa bat zuzendu zen beregana. Ordizian ia denek eskaintza onartu zuela esan zioten, eta berak onartzen ez bazuen Espainiako Gobernuaren desjabetze enpresa bat etorriko zela diru gutxiago eskainiz. AHT Gelditu! Elkarlanak egoera salatu du.
Zenbakia
2,8
AHTren Ordizia-Itsasondo zatia kilometrotan. 2,8 kilometro izango ditu AHTren Ordizia-Itsasondo zatiak, eta ia osorik tunel baten bidez egingo dute. Lanen aurrekontua 60.290.000 eurokoa da.
This entry was posted on Osteguna, iraila 11th, 2008 at 12:24 am and is filed under Albiste nagusiak, Mobilizazioak. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.


Have your say
Fields in bold are required. Email addresses are never published or distributed.
Some HTML code is allowed:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <code> <em> <i> <strike> <strong>URIs must be fully qualified (eg: http://www.domainname.com) and all tags must be properly closed.
Line breaks and paragraphs are automatically converted.
Please keep comments relevant. Off-topic, offensive or inappropriate comments may be edited or removed.