Kronika: AHTren aurkako manifestazioa Tolosan

Larunbata, azoka eguna zuten atzo Tolosan (Gipuzkoa); inguruko baserritarrek produktuz leporaino betetako postuak jarri zituzten asteroko legez Zerkausian. Jendea bazen. Ordea, beste ekitaldi batek batu zituen dozenaka pertsona eguerdian Tolosan: AHTaren aurka egin zuten, manifestazio baten bidez. Azoka izaten segitu nahi dutela aldarrikatu zuten, nekazariek lurra lantzeko aukera izan behar dutela, eta horretarako AHTa geratu egin behar dela. Uste baitute baietz, posible dela lanak bertan behera uztea. «Kalteak handiak badira ere, oraindik proiektuaren %15-20 besterik ez dago eraikita. Hasi besterik ez dira egin», esan zuten.

Eguraldi narrasa bazen ere, dozenaka lagunek erantzun zioten manifestaziorako deialdiari. Azoka egiten duten ingurutik abiatu zen martxa, Triangulo plazatik, eta, herriko kale nagusiak eta alde zaharra igarota, Plaza Berrian amaitu zen. Ertzaintzak zorrotz zaindu zuen protesta; hiru furgoneta joan ziren jendetzaren aurrean eta atzean. Zarata ateraz egin zuten ordu erdiko bidea; etengabeak izan ziren txilibitu hotsak, eta AHTaren eta gisa horretako azpiegituren aurkako oihuak ere egin zituzten. «Murrizketak AHTari!» eta horrelako aldarriak egin zituzten ibilbidean.

Alde ekonomikoari erreparatu diote AHTa auzitan jartzeko: «Krisi ekonomikoan bete-betean gaude, inon ez dago dirurik, eta AHTarekin dirua xahutzen ari dira». Areago, salatu dute uste baino diru gehiago ari direla gastatzen azpiegitura horretan. Lanpostuak sortzen ari direla diote erakundeek, eta hori beharrezkoa dela krisi garaian. «Baina nolako postuak dira? Prekarietatea bultzatzen ari dira», ohartarazi dute. «Onartezina da». Bost langile hil dira jada AHTko lanetan; horietako bat, Tolosan bertan, iaz, kamioia maldan behera jausita.

Etengabe ari baitira lanean. Gau eta egun, bizilagunek salatu dutenez. Horren lekukotza eman zuen atzo Tolosako auzo bateko herritar batek: «Hedatzen ari da inguruko herrietan bizitakoa. Lur mugimenduak, eztanda burrunbatsuak eta bestelakoak jasaten ari gara». Udalak berak salatua du gau eta egun ari direla leherketak egiten. Eusko Jaurlaritza da Gipuzkoako obren arduraduna, eta, horrenbestez, hura da Tolosaldeko lanen burua ere; Tolosaz hegoalderako zatian hasiak dira obrak, baina handik iparralderakoan oraindik proiektuak aurkezten ari dira erakundeak.

Azken asteetan, AHTarekin lotuta beste kezka bat ere zabaldu da inguruko herrietan: goi tentsioko linea bat pasatu nahi dute Tolosaldetik, tren lasterrerako energia garraiatzeko. Castejondik (Nafarroa) eraman nahi diote argindarra trenari, eta Gipuzkoatik egin nahi diote lotura, Tolosaldeko hainbat herritan barrena. Inguruko alkateak kexu agertu dira, informaziorik apenas jaso dutelako. Linea horretaz ere ohartarazi zuten atzoko protestan.

Elkar hartzeko deia

Egoera hori izanda, elkar hartzera dei egin diete herritarrei: «Joan gaitezen denok, eta kexa gaitezen. Zenbat eta gehiago izan, orduan eta indar gehiago izango dugu aurre egiteko». Adibidea badaukate, goi tentsioko linearekin; Castejon eta Gasteiz artean jartzea zen enpresaren asmoa, baina, inguruan sortutako protesten ondorioz, bertan behera utzi zuen. Tolosalderako plana atera dute orain.

Goi tentsioko proiektu harekin bezala egin nahi dute Gipuzkoan egin asmo dituzten azpiegitura lanekin, bertan behera utzi. AHTa ez ezik, aipatu dituzte Zubietako errauste planta, Pasaiako kanpoko portua, Donostia aldeko metroa nahiz Hondarribiko aireportua handitzeko egitasmoa. «Garapen eredua sakon aldatzea» ezinbesteko jo dute, eta, horretarako, bat egin dute hainbat elkartek.

Gipuzkoako azpiegituren kontrako plataforma eratu dute, eta hainbat ekintza ari dira egiten azken asteetan. Otsailaren 4rako jarri dute mugarria: manifestazioa egingo dute, Donostian, 17:30ean. Azpiegitura lan handiak geratzeko eskatuko diete erakundeei.

This entry was posted on Astelehena, urtarrila 23rd, 2012 at 2:13 pm and is filed under Mobilizazioak. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.

Iruzkinik ez

Be the first to comment on this entry.

Have your say

Fields in bold are required. Email addresses are never published or distributed.

Some HTML code is allowed:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <code> <em> <i> <strike> <strong>
URIs must be fully qualified (eg: http://www.domainname.com) and all tags must be properly closed.

Line breaks and paragraphs are automatically converted.

Please keep comments relevant. Off-topic, offensive or inappropriate comments may be edited or removed.

    AZKENPOSTAK

    1. Artículo de opinión: por un nuevo modelo social y económico para Nafarroa
    2. Ana Pastor revela que Fomento tiene una deuda de 40.000 millones de euros
    3. Ehunka herritar bildu dira Baionan AHTren alde EAE-Akitaniako agintariek antolatu bilkura salatzeko
    4. Campaña informativa sobre el proyecto del TAV en pueblos del Sur de Navarra
    5. Siguen los accidentes laborales en las obras del TAV: 3 nuevos heridos.
    6. Gipuzkoan beste gizarte eredu bat posible dela aldarrikatu dute
    7. Opositores al TAV interpelan a la oposición del Aymto. de Donostia
    8. Italian AHTaren aurkako ekintzaileen kontra sarekada bat egin dute
    9. Sábado 28 de enero, en Marcilla, charla sobre el proyecto del TAV
    10. Gipuzkoa, Infraestructuras STOP!! Actividades organizadas hasta el 4 de febrero

  1. BILAKETA